Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Neguko Aukeren Azoka Eibarrera itzuli da, 26 establezimenduren parte-hartzearekin

Neguko Aukeren Azokaren inaugurazioaren irudia. Argazkia: www.etakitto.eus

Neguko Aukeren Azokaren inaugurazioaren irudia. Argazkia: www.etakitto.eus

2024/02/28

Factoring-a otsailaren 28an, 29an eta martxoaren 1ean egingo da. Errebal Plazan 17 denda egongo dira, eta beste 9 dendek beraien lokaletatik hartuko dute parte.

Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) Udalarekin elkarlanean antolatutako negukoaukeren azoka aste honetan itzuli da Eibarrera. Oraingo honetan 26 establezimenduk hartuko dute parte guztira. Horietatik 17 Errebal Plazan egongo dira berriro, iazko harrera onaren ondoren; beste 9ak, berriz, beraien saltokietatik arituko dira.

Hain ezaguna de ‘factoring’-a otsailaren 28an eta 29an, eta martxoaren 1ean (asteazkena, osteguna eta ostirala) egingo da, 10:00etatik 20:00etara, eta, aurreko edizioetan bezala, bertako zein inguruko erosleak erakartzea espero da. Aldi berean, merkealdi-sasoia aukera eta prezio bereziekin amaitzeko aukera izango dute merkatariek.

Azokaren inaugurazioa gaur asteazkena, otsailak 28, izan da Errebal Plazan, 09:45ean, eta bertan izan dira herriko agintariak eta merkataritza eta ostalaritza sektoreko ordezkariak.

Hauek dira aurten Errebal Plazan standa ipiniko duten Eibarko dendak: Bambi, Burbujas y Más, Designed by Nona, Eskulan, Gigil Design, Gratzina, Guby Chicos, Helmet House, Hop Skate Shop, Ikusi, Kopiña, Ludoteka Zorionak, Pissa, Lulu, No Comment, Otaola Deskantsu Denda eta Txukuna.

Gainera, beraien saltokietatik azokan parte hartuko dute El Vestidor, Farmalur, Askasibar, Moapics, Los Chicos, Confecciones y Hogar Vieco, Federopticos Igmar, Oskarbi eta Ttiki dendek.

Era berean, factoring-ean parte hartzen duten establezimenduetan erosketak egitean, anbulatorioko parkean dagoen karruselerako bonuak emango dira, bidaia bakoitzeko %50eko deskontua aplikatzeko.

Aurten, berrikuntza modura, eta azokaren amaiera gisa, martxoaren 1ean, ostirala, 18:00etatik 20:00etara, Errebal Plaza barruan, Trinkete tabernak zerbitzatutako pintxo-potea egingo da, zuzeneko musikarekin girotua, Sofia eta Ander talde akustikoaren eskutik.

…eta kitto! Euskara Elkartea azokan egongo da aurte ere, Euskeraz Primeran kanpainako stand batekin. Stand horretan, jarduera komertzialetan euskararen erabilera sustatzen ahaleginduko dira, jarduera ludiko batzuen bidez.

Ildo horretan, hainbat galderaren bidez, fruta-denda, arrandegi eta harategiko poster batzuetan, sasoiko produktuak identifikatzea da …eta kitto!-ren aurtengo proposamena. Jarduera honekin eguneroko erosketetan euskarazko lexikoa sustatu nahi da.

Azokaren hiru egunetan egongo da martxan …eta kitto!-ren standa, 10:30etik 12:30era. Bertatik pasatu eta parte hartzen dutenei poltsa bat oparituko zaie, eta 100 euroko Oparitu Eibar Txartelaren zozketan parte hartuko dute. Zozketa martxoaren 1ean, ostirala, egingo da, eguerdiko 12:00etan, standean bertan.

WhatsAppImage20240228at12.35.29.jpeg
Udal ordezkariak eta dendariak Azokaren inaugurazio ekitaldian.