Eibarko Udala
zerbitzuak

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzua ohiko errefortzuak jarriko ditu berriro ikasturte berriaren hasierari begira

2026/09/03
Artxiboko irudia.

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, astelehenetik aurrera, DB02 lineak (Ermua>Donostia) ohiko indartze-zerbitzuak izango ditu 6:30ean, 7:10ean eta 15:10ean Donostiarako noranzkoan, eta 14:30ean, 18:30ean eta 19:20an Eibarrerako noranzkoan. Gainera, errefortzu bat prest egongo da, DG07 linearen (Eskoriatza>Arrasate>Elgoibar>Zarautz>Donostia) 5:50eko zerbitzua indartzeko, behar izanez gero.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, beste urte batez, Lurraldebuseko zerbitzua indartuko du ikasturte berriaren hasierari begira.

Hala iragarri du Azahara Domínguez diputatuak. Jakinarazi duenez, DB02 lineak (Ermua>Donostia) errefortzuko autobusak izango ditu 6:30ean, 7:10ean eta 15:10ean Donostiarako noranzkoan; kontrako noranzkoan, berriz, 14:30eko, 18:20ko eta 19:20ko zerbitzuak indartuko dira. Errefortzu horiek ohiko moduan egingo dira astelehenetik ostiralera.

Era berean, DG07 linearen (Eskoriatza>Arrasate>Elgoibar>Zarautz>Donostia) 5:50eko zerbitzuari dagokionez, Donostiarako noranzkoan, errefortzua prest egongo da behar izanez gero.

“Ikasturtearen hasierak garraio publikoaren erabileran urteko punturik garrantzitsuenetako bat dakar. Horregatik, aurreko urteetan egin dugun bezala, ohiko moduan indartuko dugu eskaintzen dugun zerbitzua, familiei eta egunero joan-etorriak egin behar dituzten pertsonei ziurtasuna ematen jarraitzeko, garraio publikorako sarbidea bermatuta izan dezaten”, adierazi du Azahara Domínguez diputatuak.

Diputatuak azpimarratu duenez, mota horretako errefortzuek “ohiko jarduerara itzultzeak sortzen dituen mugikortasun-beharrei erantzutea ahalbidetzeaz gain, garraio publikoa herritarren eguneroko bizitzan gero eta integratuago dagoela erakusten dute”. “Autobusaren alde egiten duenak zerbitzu erosoa, eskuragarria, segurua eta fidagarria aurkitzea nahi dugu”, adierazi du.

Azahara Domínguezek gogorarazi du errefortzu horiek plangintzaren eta Eibarko eta Elgoibarko udalekin dagoen lankidetzaren emaitza direla, azken ikasturteetan arlo horretan elkarlanean aritu baitira. Horren harira, diputatuak eskerrak eman dizkie Jon Iraola Eibarko alkateari eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateari, garraio publikoa sustatzeko eta hobetzen jarraitzeko erakutsitako prestutasunagatik.

Hain zuzen ere, Eibarko alkate Jon Iraolak adierazi duenez, “Eibar Euskadiko konexio- eta mugikortasun-gune nagusietako bat da, eta garraio publiko fidagarria izatea funtsezkoa da gure herritarrentzat, baita egunero gure udalerrira etortzen diren edo Eibartik lanera edo ikastera joateko irteten diren pertsona guztientzat ere. Zerbitzuen indartze hauei esker, ikasturte hasierari berme handiagoz egin diezaiokegu aurre, eta data hauetan handitzen den eskariari erantzuten diote”. “Eskerrak eman nahi dizkiot Foru Aldundiari, eta bereziki Azahara Domínguezi, zerbitzua hobetzen jarraitzeko erakutsitako prestutasunagatik. Erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da Eibar ondo konektatuta egoten jarrai dezan eta garraio publikoa gero eta alternatiba erosoagoa eta fidagarriagoa izan dadin”, adierazi du.

Azkenik, Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak gogorarazi duenez, “uztailean Aldundiari eskatu genion elgoibartik pasatu eta Donostiara doazen autobus zerbitzuen errefortzua egitea ikasturte hasieran”. “Eskertuta gaude gure eskaerari erantzuteagatik, garraio publikoak herritarren ongizatean eta lurraldearen koesioan zuzenean eragiten dute eta”, baloratu du.