Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mugikortasunaren Europar Astearen edizio berri bat egingo da Eibarren hil honetan eta hainbat jarduera programatu dira

2022/09/05

Jardueren helburua da garraiobide jasangarriago eta osasungarriagoen erabilera sustatzea; izena emateko epea irekita dago.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Mugikortasunaren Europar Astearekin bat egingo du aurten ere, kasu honetan, ‘Konbinatu eta mugitu’ lelopean, irailean zehar egingo diren hainbat jarduerekin.  Ekimen honek mugikortasun jasangarriagoa bultzatu nahi du eibartarren artean, garraio publikoa, bizikleta eta oinez ibiltzea bezalako bide jasangarriagoak erabiltzearen onurez sentsibilizatuz.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Beste behin, egun honekin bat egiten dugu, izan ere, mugikortasun jasangarria sustatu nahi dugu eibartarron artean. Inork ez du zalantzan jartzen ibilgailu konbentzionala dela atmosferara igortzen diren CO2 isuriei gehien eragiten dien faktoreetako bat, eta, beraz, klima-aldaketaren azelerazioa gehien bultzatzen duen faktoreetako bat. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da jasaten ditugun ingurumen-arazoez jabetzea eta pizgarri bat aurkitzea mugikortasun jasangarrian sasoian egoteko eta guztiontzako ingurune osasungarriagoa lortzeko".

Irailaren 16an (ostirala) hasiko da Mugikortasunaren Astea, ‘Ibilaldi osasuntsua’ izeneko jarduerarekin. Irteera 10:00etan izango da Orbeako kiroldegitik. Paseo bat emango da oinez, eta gero hamaiketako osasuntsu bat eta ariketa terapeutikoak egingo dira. Aurten proposatu den ibilaldia hauxe da: Orbeako kiroldegia-Azitain-Maltzaga-Elgoibarko bidegorria; guztira 6 kilometro. Ibilaldia egiteko gutxienez 6 pertsonak eman beharko dute izena eta gehienez ere 10 pertsonak. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 14ra arte, egun hori barne.

Irailaren 17an, larunbata, bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azoka egingo da.  Untzaga plazan izango da 10:00etik 14:00etara bitartean. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea https://www.merkabi.eus/eibar/eu/ estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da. 

Bai bizikletak bai bestelako objektuak (mugikortasun jasangarriarekin lotuak, hala nola patineteak, kaskoak, eta abar) erabiliak izan behar dira eta egoera onean egon; gordailuan lagako dira aurretik hitzartutako orduan. Objektuen kasuan, hiru onartuko dira gehienez ere.

Azoka amaituta, salmentaren zenbatekoa entregatuko da, edo, bestela, lagatako objektua itzuli egingo da. Era berean, azpimarratu behar da ez dela onartuko 500 eurotik gorak preziorik; parte hartzeko adinez nagusia izan behar da eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira.  

Bestalde, goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpontzeko tailer bat ere izango da Eibar Klub Deportiboaren eskutik, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren.

Era berean, irailaren 17an, larunbata, (10:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era) eta irailaren 18an, igandea, (10:30etik 14:00etara), Untzagan informazio gune bat jarriko da —Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak “Gipuzkoako Itzulia” programaren barruan antolatua— izen honekin: “Bizibideak, Gipuzkoako bizikleta-bideen sarea”. Gune horretan Gipuzkoako bide berdeei eta bidegorriei buruzko informazio emango da, eta bizikleta elektriko mota desberdinak probatu ahal izango dira.  Larunbatean, eskulanen tailer bat egingo da bizikleta-pieza birziklatuekin, haurrei zuzendua, eta bizikleta konpontzen ikasteko beste bat, publiko guztiarentzat. Igandean tailer mekanikoa egingo da bakarrik. 

Aurten ere ‘Nordic Walking Bataioa’ izeneko jarduera egingo da. Bi talde egingo dira, bata goizean 10:00etatik 12:00etara eta beste bat arratsaldean 18:00etatik 20:00etara. Bi saio egingo dira, biak Itzioko parkean (Arrateko bidearen ondoko espazioan, Itzioko ikastetxearen parean), irailaren 19an eta 21ean (astelehen eta asteazken), goizeko taldearen kasuan eta hilaren 20an eta 22an (astearte eta ostegun) arratsaldeko taldean. Jarduera egin ahal izateko, talde bakoitzean 6 lagun egongo dira gutxienez, eta 10 gehienez. Izena emateko epea zabalik dago eta hilaren 14an amaituko da, egun hori barne.

Hurrengo jarduera irailaren 21ean (asteazkena) izango da, 18:00etatik 19:30era, Errebal plazan (A aretoan), Eibarko Klub Deportiboa elkartearen eskutik. Hitzaldi bat emango dute bizikleta elektrikoa nola erabili Eibarren izango duena gaia, eta bertan bizikleta mota horren erabilerari buruzko zalantzak argitu ahal izango dira. Hitzaldia euskaraz izango da eta izena emateko epea irailaren 19an amaituko da (egun hori barne).

Irailaren 22an, ‘Autorik Gabeko Eguna’ izango da; horretarako, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibarko herri barruko autobus-zerbitzua (Udalbus) doan izango da.

Azken jarduera irailaren 24an (larunbata) izango da: Nordic Walking mendi martxa. 9:00etan hasiko da Untzaga plazan, eta jarraian Ibilixan-eko ibilbide bati ekingo zaio: Untzaga, Saratsuegi, Unbe, Ipuruako kiroldegia eta Untzaga; guztira 10 kilometro. Gutxienez 6 pertsonak hartuko dute parte eta gehienez 30. Izena emateko epea irailaren 21ean amaituko da (egun hori barne).  

Egun horretarako, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak "Prest jarri zure bizikleta" izeneko jarduera antolatu du. Furgoneta tailer bat da Gipuzkoako hainbat herritatik igaroko dena irailaren 16tik 25era, eta Untzagan jarriko dena, bizikleten oinarrizko konponketak eta dekorazioa (pintura, pegatinak…)  lantzeko.

Adierazi den bezala, Mugikortasunaren Asteko jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea.  Horretarako, bigarren eskuko azokarako izan ezik, zeinetarako goian aipatutako telefono-zenbakiaren edo helbide elektronikoaren bidez jarri beharko baita harremanetan, interesdunek 943 70 84 08 telefonora deitu beharko dute, edo hurrengo formularioa bete (euskaraz: https://formularioak.eibar.eus/eu/mea2022jarduerak/ eta erderaz https://formularioak.eibar.eus/es/mea2022jarduerak/).

Mugikortasunaren Asteko jardueren programa antolatzeko, Eibarko Udal Kirol Patronatuaren, Eibarko Kirol Klubaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren laguntza izan du Udalak.