Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mugikortasunaren Europako Astean garraio publikoa gehien erabiltzen duten eibartarrak sarituko ditu Udalak

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/09/16

Mugi txartela eta Udalbus zerbitzua gehien erabiltzen duten 20 pertsonei hogei euroko bonua emango zaie Mugi txartelerako. Ekimena Eibarko Mugikortasunaren Europar Astearen programazioaren barruan antolatu da, zeina ostiral honetan (hilak 16) hasiko baita mugikortasun jasangarria bultzatzeko hainbat jarduerarekin.

Garraio publikoa gehien erabiltzen duten eibartarrak sarituko ditu Udalak Europako Mugikortasun Astean, irailaren 16an (ostirala) martxan jarriko den ekimenean. Iniziatiba hau Mugikortasunaren Asterako aurreikusitako programazioaren barruan sartzen da.

Egun horietan Mugi txartela gehien erabiltzen duten hamar eibartarrak sarituko dira, bai eta Udalbus zerbitzua gehien erabiltzen dutenak ere. Hogei pertsona horiek 20 euroko bonu bat jasoko dute eta zuzenean kargatuko zaie Mugi txartelean.

Garraio Agintaritzak berak SMS baten bidez jakinaraziko die sarituei bonuaren irabazleak izan direla. Udala da proposamen honen kostua bere gain hartzen duena, baina datuen babesarengatik, Gipuzkoako Garraio Agintaritza arduratuko da alderdi logistikoa kudeatzeaz, erakunde hori baita Mugiko erabiltzaileen datu-basea eskuragarri duen entitatea.

Proposamen berri hau Mugikortasunaren Europako Astearen harira Eibarren iragarritako programazioaren barruan kokatzen da. Aste hau Udalak antolatu du eta ‘Konbinatu eta Mugitu’ lelopean mugikortasun jasangarriagoa bultzatu nahi du, garraio modu jasangarriagoak erabiltzeak —hala nola garraio publikoa, bizikleta edo oinez ibiltzea— dakartzan onurez sentsibilizatuz.

Mugikortasunaren Europar Astea ostiral honetan hasiko da 'Ibilaldi Osasuntsua' izeneko jarduerarekin: 10:00etan irtengo da Orbea Kiroldegitik eta sei kilometroko ibilbidea izango du.  Hurrengo egunean, larunbata (10:00etatik 14:00etara), bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azoka egingo da Untzaga plazan.

Hilaren 17an eta 18an, Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, ‘Gipuzkoako Itzulia’ programaren barruan, informazio gune bat jarriko du Untzagan lurraldeko bide berdeei eta bidegorriei buruzko informazioa emateko. Larunbatean, hilak 17, eskulanen tailer bat egingo da haurrentzat bizikleta-pieza birziklatuekin, eta bizikleta konpontzen ikasteko tailer bat helduentzat.

Aurten ere 'Nordic Walking Bataioa’ izeneko jarduera egingo da Itzioko parkean, hilaren 19an eta 21ean. Irailaren 21ean, Errebal plazan,  hitzaldi bat emango da bizikleta elektrikoari buruz, Klub Deportiboaren eskutik.

Hilaren 22an, ‘Autorik gabeko Eguna’ ospatuko da, eta egun horretan Udalbus zerbitzua doakoa izango da.  Eta, azkenik, hilaren 24an, Nordic Walking martxa bat egingo da: Untzagan hasi eta 10 km-ko ibilaldia egingo du Eibarko hainbat tokitatik. Egun horretan ere furgoneta-tailer bat pasatuko da Eibartik, bizikletak konpontzeko eta apaintzeko oinarrizko zerbitzuak eskainiko dituena; ekimen hori Diputazioak antolatu du 'Prest jarri zure bizikleta' planaren barruan.