Merkatari eta ostalariek Gabonetako Kanpaina jarri dute abian, Eibarko Udalarekin batera
Abian da dagoeneko Eibarko Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) urtero sustatzen duten Gabonetako kanpainaren beste edizio bat da. Herriko merkataritza- eta ostalaritza-jarduera bultzatzeko asmoz, asteazkenean hasiko da egitaraua, kaleetako Gabonetako argiak ofizialki piztuta, eta datozen asteetan jarraituko du, jarduera-programa zabal batekin. Aurtengo Gabonetako kanpainak 200.000 eurotik gorako aurrekontua du.
Asteazkenean (azaroak 27), 18:00etan, piztuko dira Eibarko Gabonetako kale-argiak, Errebal Plazan egingo den ekitaldi ofizial batean, eta ondoren txokolatada bat egingo da.
Gainera, sei metroko altuerako arbola bat jarriko da Errebalen, zeinaren argiak piztuko diren kanpainari hasiera emateko. Urtero bezala, Gabonetako argiztapenaz eta barrakez gain, Astelena Haur Parkea (Txikipark) egongo da. Urte honetako nobedadea Untzaga plazan egingo den Gabonetako izotz-txirrista da.
Jon Iraolaren hitzetan, "Gabonetako kanpaina hau gonbidapen bat da gure herriko txokoak argiekin ezagutzeko —herriko bazter guztietara iritsiko dira argiak—, eta kaleko giroa eta jarduerak familiekin eta lagunekin konpartitzeko. Nahi duguna da denek zerbait berezia topatzea programazio honetan, eta seguru gaude egin dugu kanpainarekin lortu dugula, prestatu dugun proposamena konektatzeko, hunkitzeko eta parte hartzeko egina dago eta.”
Gabonetako kanpaina honek garrantzi berezia du bai merkataritzan eta ostalaritzan, bai zerbitzuen sektorean, oro har, establezimenduei salmentak hobetzeko aukera ematen baitie. Aldi berean, kanpainan programatutako jarduerek bizitasuna eta kolorea ematen diote herriari, eta jendea erosketak Eibarren egitera animatzen dute. Zentzu horretan, Eibar Merkataritza Gune Irekiak ezarritako helburu nagusia mantentzen da, alegia, merkataritzaren eta ostalaritzaren ikuspegitik Eibar leku erakargarri gisa bultzatzea eta sendotzea.
Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuaren ustez, "Gipuzkoan, turismoaren goraldi-une batean gaude, eta, horregatik, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentutik horrelako ekimenak babesten ditugu. Halako ekimenek gipuzkoarrei plan-aukera zabala eskaintzeaz gain, garatzen ari garen turismo-estrategian sakontzen laguntzen digute; izan ere, garatzen ari garen estrategiaren helburua zera da: bisitarien fluxuak ez daitezela sasoi eta helmuga bakarrekoak izan, hala, industria turistikoak dituen onurak jende gehiagorengana irits daitezen. Beraz, Gabon hauetan, gipuzkoarrei eta Debabarrenara datozen guztiei gonbita egiten diet Eibarrera hurbil daitezen —garraio publikoan konexio bikainak dituen herri bat—, eta Eguberri hauetarako antolatutako plan guztiekin disfrutatu dezaten.”
Gabonetako argiak asteazkenean (hilak 27) piztuko dira, eta, urtero bezala, Eibarko kaleetan zehar banatuta egongo dira. Eibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Eibar Merkataritza Gune Irekia elkarteak ordaindu dute argiztapena.
Astelena Haur Parkea, eta Untzagan jarriko den Txirrista izango dira jarduerarik erakargarrienak Gabonetako kanpainan. Eibarko Udalak eta EMGIk antolatuta eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin, Astelena Haur Parkeak 2024ko abenduaren 7an (larunbata) irekiko ditu ateak, eta 2025eko otsailaren 15era arte egongo da zabalik; eta Izotzezko Txirrista 2024ko abenduaren 20tik 2025eko urtarrilaren 6ra arte egongo da martxan.
Astelena Haur Parkea 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egongo da zabalik, egun hauetan: abenduak 7, 14, 21, 26, 27, 28, 30 eta abenduak 31 (11:00-14:30). Urtarrilean, hilaren 2an, 3an, 4an, 11n, 18an eta 25ean egongo da zabalik. Otsailean, hilaren 1ean, 8an eta 15ean. Izotzezko Txirristak abenduaren 20an irekiko ditu ateak eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Haurrak doan sartu ahalko dira Astelena Haur Parkera (Txikipark) eta Izotzezko Txirristara, kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan emango diren bonuak aurkeztuta. Gutxienez, 20 euroko erosketa egin beharko da, parte hartzen duten establezimenduetan bonu bat lortzeko. Bonu bakoitzak —establezimendu batek zigilatuta egon behar du— ordu eta erdirako balio du Astelena Haur Parkean (Txikipark) eta lau jaitsiera Izotzezko Txirristan. Bonuetan argi eta garbi adierazten da zer egunetan erabil daitezkeen bai Astelena Haur Parkean, bai Txirristan.
Jarduera hauetan, interesa duten Eibarko merkataritza-establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute, bai EGMIko kideek bai kide ez direnek. Horretarako, elkartean ez dauden establezimenduek telefono hauetara deitu beharko dute: 943-254083 edo 943-206669
Aurten ere ez dira barrakak faltako. Herriko hiru tokitan jarriko dira. Txaltxazelaian eta Urkizun abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra arte. Bost atrakzio egongo dira Txaltxazelaian eta hiru Urkizun. Anbulatorioaren aurrean dagoen parkean berriro ere karrusela jarriko da martxan azaroaren 29tik otsailaren amaierara arte
Astelena Haur Parkearen (Txikipark) eta Izotzezko Txirristaren kasuetan bezala, barraketan ibiltzeko, parte hartzen duten establezimenduek erosketak egitean emandako bonuak beharko dira. Barraken prezioa euro batekoa izango da, bonua entregatuta. Bonuek atrakzioetan baliorik ez duten egunetan (egun baliodunen egutegia bonuetan bertan agertzen da), prezioa 2,5 eurokoa izango da.
Bonuek egun hauetan balioko dute: abenduak 20, 21, 23, 24, 26, 27, 28, 30 eta 31.
Eibar helmuga turistiko eta inguruneko erreferente gisa bultzatzeko asmoz, Eibarko Udalak argiztapena indartu du, batetik, 5 metroko errotuluak jarriz Eibarko bi sarreretan “Zorionak” hitzarekin, eta, bestetik, Untzagan 9 metroko arbola bat jarriz; horrez gain, azaroaren 27tik abenduaren 31ra bitartean, "SELFIES GABONAK EIBARREN" izeneko lehiaketa antolatu da. Parte hartzeko, "Selfie" motako argazki bat egingo da Gabonetako argiekin, eta Instagram eta/edo Facebook sare sozialetara igoko dira, #GABONAKEIBARREN traolarekin. 500 eurotan baloratutako otar bat zozketatuko da, "Coliseoaren laguna 2025" bi txartel, eta “Erosi Eibarren” txartelak.
Halaber, abenduaren 9tik aurrera, erosieibarren.eus-en “Oparitu Txartela” kanpainako txartel bat eskuratzen dutenek zozketa batean parte hartuko dute; 500 euroko txartel bat, 250 euroko bi txartel eta 100 euroko 10 zozketatuko dira. Txartelen lehiaketa abenduaren 19an egingo da.
Abenduaren 19an, bestalde, Merkatarien Gabonetako Otarra kanpainako 80 otar zozketatuko dira; bertan parte hartu ahalko dute Merkatarien Elkartean sartutatako establezimenduetan erosketak egiten dituztenek. Kanpaina azaroaren 27tik abenduaren 15era arte egongo da martxan, eta lehiaketa abenduaren 18an egingo da.