Loreen, Landareen eta Zuhaitzen XVI. Azoka egingo da Errebalen martxoaren 21ean
Eibarko Udalak eta Dekolore elkarteak antolatuta, Euskal Herriko hainbat herritatik etorritako hamahiru ekoizle izango dira bertan, eta umeentzako bi tailer eskainiko dira. Ekimenak espazio berean elkartzen ditu ekoizleak eta kontsumitzaileak.
Eibarko Udalak eta Dekolorek (landareen inguruko dibulgazio-elkartea) Loreen, Landareen eta Zuhaitzen Azokaren edizio berri bat antolatu dute martxoaren 21erako, 10:00etatik 14:30era. Aurreko edizioan bezala, Errebal plazan egingo da eta hamahiru ekoizlek hartuko dute parte.
Eibarren urtero egiten den Azokaren XVI. edizio honetan mota guztietako landare eta lore naturalak ikusi eta erosi ahal izango dira: fruta-arbolak, arrosa-landareak, zuhaixkak, barruko landareak, sasoikoak, usaintsuak, baratze-landareak, kaktusak eta beste batzuk. Erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak ere egongo dira, kosmetika naturaleko produktuak, eta artisautza, hala nola lore prentsatuekin egindako koadroak, lore-motiboak dituzten bitxiak, edo banbuzko oinarrietan kapsulatutako lore lehorrez edo eukaliptoz egindako bitxiak.
Azokaren beste helburuetako bat da landareen erabilerari buruzko informazioa zabaltzea, eta, horretarako, goizean umeentzako bi tailer egingo dira. 11:30etik 12:30era bitartean prentsatutako loreekin orri-markatzaileak egiteko tailer bat egongo da; eta 12:30etik 13:30era landatzen ikasteko tailer bat.
XVI. edizio honetan parte hartuko duten ekoizleak hauexek dira: Viveros Belar, Zaldibarkoa (fruta-arbolak); Islaya, Oiartzungoa (kaktusak eta landare zukutsuak); Ortuberri, Iurretakoa (baratze- eta lore-landarea); Urtinea, Usurbilgoa (barrurako landarea, apaintzekoa eta sasoikoa); Viveros el montañés, Tafallakoa (zuhaiskak, landare apaingarriak); Nafarroakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Lore Prentsatua, Donostiakoa (lore prentsatuak, lore lehorrekin egindako koadroak); Hazi Ekologikoak, Lasartekoak (erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak); Sojo Natura, Lekunberrikoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Sara Letamendia, Aizarnakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Flores Ganchillo, Nafarroakoa (lore-motiboak dituzten bitxiak), Zunoyar Lorategia, Oiartzungoa (barrurako, apaintzeko eta bildumarako landareak); Mintaka Landareak, Oiartzungoa (kaktusak eta landare zukutsuak) eta Tissus Artisautza, Atxondokoa (lore lehor kapsulatua).
Azoka hauek ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topagune izan nahi dute, ekoizleak bere eskaintza zuzenean publikoari erakutsi ahal izan diezaion, era horretan, hurbileko eta zuzeneko salmenta mota bat ahalbidetuz. Gainera, ekoizleen aniztasunari eta espezializazioari esker, eskaintza zabal bat lortzen da, ez dena erraz topatzen.
Jon Iraola alkateak azoka honek elkartzeko eta ikasteko duen balioa azpimarratu du: “Azoka hau hitzordu berezia da gure egutegian, aspalditik. Aukera ematen digu landareen mundua herritarrei hurbiltzeko, eta, era berean, gogor lan egiten duten ekoizle txikiei laguntzeko”.
Horrekin batera, azokaren izaera dibulgatibo eta familiarra ere nabarmendu du: “Kalitate handiko landareak eta produktuak erosteaz gain, familientzako eta umeentzako jarduerak eskaintzen ditu, horien bidez natura-ingurunea zaintzen eta baloratzen ikas dezaten. Horrelako ekimenek lagundu egiten dute naturarekiko eta gertuko produktuekiko errespetuaren kultura indartzen”:
Azoka 10:00etatik 14:30era bitartean egingo da Errebal plazan. Eskaintza zabal eta oparoarekin, aukera ezin hobea da landareen mundua gehiago ezagutzeko, produktu bereziak eskuratzeko eta giro natural eta hurbilaz gozatzeko.