Eibarko Udala

Lore, Landare eta Zuhaitzen Azokaren beste edizio bat egingo da larunbatean Urkizuko parkean

2024/03/12
Azokaren kartela.
Eibarko Udalak eta Dekolore elkarteak antolatuta, Erkidegoko eta Nafarroako hainbat herritatik etorritako hamalau ekoizle izango dira bertan, eta umeentzako bi tailer eskainiko dira. Azokaren XIV. edizioak topagune bat izan nahi du ekoizle eta kontsumitzaileentzat, eta salmenta-eredu zuzen eta gertuko bat ahalbidetu.

Eibarko Udalak eta Dekolorek (Landareen inguruko dibulgazio-elkartea) Lore, Landare eta Zuhaitzen Azokaren edizio berri bat antolatu dute larunbat honetarako (martxoak 16). Aurrekoetan bezala, Urkizuko parkean egingo da, eta hamalau ekoizlek hartuko dute parte, 10:00etatik 14:30era.

Eibarren urtero egiten den Azokaren XIV. edizio honetan mota guztietako landare eta lore naturalak ikusi eta erosi ahal izango dira: fruta-arbolak, arrosa-landareak, zuhaixkak, barruko landareak, sasoikoak, usaintsuak, baratze-landareak, kaktusak eta beste batzuk. Erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak ere egongo dira, kosmetika naturaleko produktuak, eta artisautza, hala nola lore prentsatuekin egindako koadroak, lore-motiboak dituzten bitxiak, edo banbuzko oinarrietan kapsulatutako lore lehorrez egindako bitxiak.

Azokaren beste helburuetako bat da landareen zaintzari eta erabilerari buruzko informazioa zabaltzea, eta, horretarako, goizean umeentzako bi tailer egingo dira. 11:30etik 12:30era bitartean prentsatutako loreen tailer bat egingo da; eta 12:30etik 13:30era landatzen ikasteko tailer bat.

XIV. edizio honetan parte hartuko duten ekoizleak hauexek dira: Zunoyar Lorategia, Oiartzungoa (barrurako, apaintzeko eta bildumarako landareak); Viveros Belar, Zaldibarkoa, Islaya, Oiartzungoa (kaktusak eta landare zukutsuak); Ortuberri, Iurretakoa (baratze-landarea eta lore-landarea); Urtinea, Usurbilgoa (barrurako landarea, apaintzekoa eta sasoikoa); Aritzkurengo Tienduka, Nafarroakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Javier Beaskoetxea, Iurretakoa (moztutako loreak, lore lehortua, kaktusak eta landare zukutsuak), Lore Prentsatua, Donostiakoa (lore prentsatuak, lore lehorrekin egindako koadroak); Hazi Ekologikoak, Lasartekoak (erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako hazi eta belarrak); Sojo Natura, Lekunberrikoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Sara Letamendia, Aizarnakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak);  Flores Ganchillo, Nafarroakoa (lore-motiboak dituzten bitxiak); Tissus Artisautza, Atxondokoa (lore lehor kapsulatua);  eta L’Atelier de Su, Berastegikoa (moztutako loreak, lore lehorrak, lore-lanak, kokedamak).

Azoka hauek ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko topagune izan nahi dute, ekoizleak bere eskaintza zuzenean publikoari erakutsi ahal diezaion, era horretan, hurbileko eta zuzeneko salmenta mota bat ahalbidetuz. Gainera, ekoizleen aniztasunari eta espezializazioari esker, eskaintza zabal bat lortzen da, bestela zaila dena topatzen.