Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kaleak garbitzeko Udalak Debabarreneko Mankomunitateari eskatutako errefortzu-neurriak martxan dira dagoeneko

Furgoneta hidrogarbitzaile berri baten irudia. Argazkia: www.debabarrena.eus

Furgoneta hidrogarbitzaile berri baten irudia. Argazkia: www.debabarrena.eus

2022/10/03

Ekintza horrek Eibarko kaleen garbiketa indartzeko Udalak egindako eskabide bati erantzuten dio, herritarrek egungo egoera ez dela ona uste baitute. Gaur egun, ekipo hidrogarbitzaile bat dago Tiburtzio Anitua kalean, eta behargin bat kontratatu da Lanbideren Tokiko Enplegu Planaren bidez. Laster bigarren hidrogarbitzaile bat izango da eta behargin berri bat garbiketa egiteko.

Debabarreneko Mankomunitatea Eibarko kaleak garbitzeko errefortzu-plana ezartzen hasi da, Eibarko Udalak aspaldi egindako eskaera bati erantzunez, izan ere, “ herritarren ustea  da —eta baita gurea ere— Mankomunitateak ematen duen zerbitzua ez dela nahikoa gure kaleak garbi mantentzeko”.

Hala, gure kaleen garbiketa egiten ari da dagoeneko Tiburtzio Anitua kalean, furgoneta hidrogarbitzaile bat erabiliz; makina horrek azaleraren garbiketa sakonagoa egitea ahalbidetzen du, eta aukera ematen du baldosetan itsatsita geratu den zikinkeria hobeto garbitzeko. Ekipo berri hori martxan jartzeko, langile bat kontratatu da Lanbideren Tokiko Enplegu Planaren bidez.  

Laster, makina eta pertsona gehiago izango dira: bigarren ekipo hidrogarbitzaile bat erosiko da eta behargin berri bat kontratatuko, eta bi ekipo horiek martxan egongo dira urtean 221 egunetan, asteazkenetik igandera.

Aurreikuspenen arabera, makina horren erabilera herriko beste gune batzuetara zabalduko da pixkanaka, gure kaleen garbitasuna eta itxura hobetzeko.  Mankomunitateak, gainera, berrantolaketa bat egingo du makineriari dagokionez, eta, horrela, Udalak eskatu bezala, udalerriko bide-garbiketako zerbitzuaren mekanizazio progresibo eta eguneratuaren aldeko apustua egingo du.  

Horretaz gain beste neurri batzuk ere hartu dira, hala nola ur-harguneetako ura erabiltzea, baliabide materialak berrantolatzea, bai eta lirdinga garbitzeko produktu berriak erabiltzea ere.  

Eibarko Udalaren eskariz egindako azterketak dio herriak mekanizazio defizita daukala, nahiz eta  Eibar izan biztanle gehien dituen udalerria eta bigarrena populazio-dentsitatean. Txostenaren beste puntu bat da ekortze-metodoen errendimendua eta produktibitatea, eta ondorioa da ekorketa mekanikoa eskuz egindakoa baino eraginkorragoa dela, bai kalitateari bai errendimenduari dagokionez.

Aurrekoa ikusita, Mankomunitateak bi jarduera planteatu zituen: batzuk berehalakoak dira, eta hilabete honetan bertan ezarri eta 2023ko abuztura arte luzatuko den Errefortzu Planean jasota daude; eta beste batzuk epe ertain-luzera gauzatuko dira eta beste jarduera-ildo paralelo batzuk ezarriko dituzte.

Jarduera horien bidez espero da garbiketa orokorra eta haren pertzepzioa hobetzea, eskuzko ekorketan batere murrizketarik izan gabe.