Jardiñetako aparkalekua handitzeko obrak astelehenean hasiko dira, otsailaren 3an

Jardiñetako aparkalekua handitzeko obrak, EAJ/PNV alderdiak egindako zuzenketa baten ondorio direnak, astelehenean hasiko dira, otsailaren 3an. Proiektuak 685.353,34 euroko aurrekontua du, eta 50 aparkaleku berri inguru sortzea ahalbidetuko du. Auzoko bizilagunak aspaldi ari ziren inguruko saturazioa dela-eta aparkatzeko irtenbidea eskatzen, eta plaza berri hauek sortuta, asko arinduko zaie arazoa.
Jon Iraola Eibarko alkateak jarduketa honen garrantzia azpimarratu du: “Badakigu Jardiñetako bizilagunentzat aparkalekuarena izan dela buruhausterik nagusienetako bat. Obra honek aspaldiko eskaera bati erantzuten dio, eta aurrepauso handia izango da auzoko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko”. Bestalde, alderdi jeltzaleko bozeramaile Alberto de la Hoz honela mintzatu da: “Ospatzekoa da obren hasiera; espero dugu parking honek auzoan dagoen aparkaleku-beharra arintzea. Gainera, urtean zehar auzoko argiteria- eta zaintza-proiektua ere (kameren bitartez) egingo dugu.".
Iraolak Udalak auzoekin duen konpromisoa ere nabarmendu zuen: “Parking honetako 685.000 eurotik gorako inbertsioarekin, argi uzten dugu gure lehentasuna Eibarko bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea dela, Eibarko eremu guztietan, ez bakarrik herriaren erdialdean. Herri erosoagoa eta irisgarriagoa nahi dugu denontzat”. Bestalde, amaitu du esanez, “aurten beste funtsezko obra bati ere ekingo diogu, Jardiñetan lehen igogailua jarriz, zeinak 33 eta 35 pegorei zerbitzua emango baitie. Inbertsioa milioi bat eurokoa izango da. Horrela, herri irisgarriago bati begirako urratsak ematen ari gara”. Era berean, Alderdi jeltzaleko Alberto de la Hozek adierazi du “parking hau beste urrats bat dela aparleku perimetralak lortze aldera. Datozen asteetan, 2025eko udal aurrekontuetan jasota dagoen moduan, Ubitxako aparkalekuaren proiektuaren idazketa egiten hasiko da.".