Eibarko Udala
Berrerabili eta Berrasmatu

Ingurumen Sailak 'Berrerabili eta berrasmatu’ izeneko tailerren udaberriko edizioa egingo du apiriletik ekainera bitartean

2025/03/13
Kartela.

Aurrematrikulak egiteko epea astelehenean hasiko da (martxoak 17), eta 9 tailer eskainiko dira Eibarko dendekin eta erakundeekin elkarlanean. Tailerren helburua da eguneroko objektuak eta materialak konpontzen, berrerabiltzen, birziklatzen eta berrasmatzen ikastea, haien erabilera luzatzeko eta, horrela, sortutako hondakin-kopurua murrizteko.

Eibarko Ingurumen Sailak ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ izeneko tailerren beste edizio bat antolatu du; programaren helburua da jarraibide batzuk ematea eguneroko objektu eta materialen bizitza baliagarria luzatzen ikasi, haien berrerabilpena eta birziklapena sustatu eta balio erantsia emateko. Birziklatzea eta berrerabiltzea funtsezko jardunbideak dira xahuketa murrizteko eta baliabideak kontserbatzeko, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta, aldi berean, etxeko ekonomiari mesede egin diezaioketen konponbideak emanez. Tailerrak herriko denden lankidetzarekin (Eskusutxo, El Taller de Manualidades, Baratze, Adarabar eta Kids&Party) eta beste entitate batzuen laguntzarekin antolatu dira (Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua, Klub Deportiboa eta Koly Asociación Solidaria); jarduerak toki horietan egingo dira.  

Udala 2021ean hasi zen tailer hauek antolatzen, eta harrezkero oso harrera ona izan dute edizio guztiek. Hasieran, urtean edizio bat antolatzen zen, baina herritarrek erakutsitako interesa ikusita, urtean bi edizio (udaberrikoa eta udazkenekoa) antolatzea pentsatu zen. Hala, 2025ean, apiriletik ekainera, udaberriko edizioa egingo da 9 tailerrekin, eta urritik abendura bitartean, udazkenekoa, 9 tailerrekin.

Tailerretarako aurrematrikulak formalizatzeko epea datorren astelehenean, martxoak 17, irekiko da, eta martxoaren 27ra arte egongo da zabalik (biak barne). Aurrematrikula Pegoran egin beharko da edo Udaleko webguneko formulario honen bidez:

https://formularioak.eibar.eus/es/berrerabilietaberrasmatu2025-01

https://formularioak.eibar.eus/eu/berrerabilietaberrasmatu2025-01

Tailerrak adinez nagusientzat dira, eta pertsona bakoitzak gehienez hiru tailerretan eman ahalko du izena. Saioetako batean matrikulatutako pertsonen kopurua ezarritako gutxieneko ikasle kopurua baino handiagoa ez bada, bertan behera geratuko da tailerra. Eta aurrematrikula-kopuruak gainditu egiten badu eskuragarri dauden plaza-kopurua, zozketa egingo da. Udalak onartuen zerrenda argitaratuko du Pegoran, martxoaren 31n, eta udal-webguneko atal hauetan: ‘Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak’ eta ‘Laburrak eta abisuak’ ataletan.  

Onartutakoek apirilaren 1etik 13ra egingo dute matrikula, Udalaren web-orriko "Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak" atalean eskuragarri dagoen inprimakia betez. Matrikula Pegora Herritarrentzako Zerbitzuaren Bulegoko sarrerako ate ondoko postontzian utzi beharko da, (astelehenetik igandera, 7:30etik 21:30era). Matrikula ez aurkezteak plaza galtzea dakar.

Tailer hauen inguruko informazio gehiago izateko, interesdunek ingurumena@eibar.eus helbide elektronikora idatzi edo 943708408 telefonora deitu dezakete. Tailerren katalogo osoa udal webguneko “Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak” izeneko atalean deskargatu daiteke.

https://www.eibar.eus/es/tramites/cursos-concursos-talleres/talleres-reutiliza-y-reinventa-2025-01

https://www.eibar.eus/eu/tramiteak/ikastaroak-lehiaketak-sariketak/berrerabili-eta-berrasmatu-tailerrak-2025-01

Lehenengo tailerraren izena hauxe da: “Etxeko oinarrizko konponketak: elektrizitatea eta elektronika”.  Gaztelaniaz izango da, apirilaren 29an, maiatzaren 6, 13, 20 eta 27an, eta ekainaren 3an, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain, 2).

Maiatzaren 8an, “Tetrabrikekin jolasten: poltsak eta diru-zorroak” tailerra egingo da, 18:30 eta  20:30 bitartean (euskaraz), Estaziño kaleko 16an, Eskusutxoren eskutik.

Maiatzaren 10 eta 17rako, “Biziberritu zure altzari eta dekorazio-objektuak” izeneko tailerra dago iragarrita; gaztelaniaz izango da, 10:30etatik 13:30era, El taller de Manualidades eskulan-dendan (Bidebarrieta, 44).

Maiatzaren 14, 21, 28rako eta ekainaren 4rako “Ikasi zure ordenagailuko hardwarea eguneratzen eta konponketa txikiak egiten” izeneko tailerra dago aurreikusita. Gaztelaniaz izango da, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain, 2).

Maiatzaren 15ean “Ikasi zure bizikleta konpontzen” tailerra emango da, 18:00etatik 20:00etara, euskaraz eta gazteleraz. Eibarko Klub Deportiboak emango du, Errebal Plazan (A gela).

Programatutako beste tailer bat, 6.a, hauxe da: “Berrerabili zure ontziak eta berrasmatu zure garbiketa-produktuak”. Maiatzaren 22an izango da (gaztelaniaz), eta KOLY Elkarte Solidarioak emango du Portaleko B tailerrean (3112 gelan).

Maiatzaren 24an “Berrasmatu eta dekoratu: lore-lanak” tailerra egingo da.  Euskaraz izango da, 11:30etik 13:00etara bitartean, Adarabar establezimenduan (Eulogio Garate, 6b).

“Quilling” koadro original bat sortu” izeneko tailerra maiatzaren 30ean egingo da (euskaraz), Nekane Pastor Akademian (Pagaegi, 8), 17:30etik 19:30era. Kasu honetan, umeentzako zaintza-zerbitzua (Kids & Party taldea) eskainiko da (gehienez ere bi ume pertsonako, 4-10 urte bitartekoak).  

Azkenik, ekainaren 5ean, “Aprobetxamenduko sukaldaritza: udaberriko errezetak” tailerraren txanda izango da. Baratzek emango du, euskaraz eta gaztelaniaz, 17:30etik 20:30era, Portaleko sukaldean (Bista Eder, 10).

Tailerren prezioari dagokionez, izena emateko 5-16 euro bitartean ordaindu beharko da.

Tailer hauek antolatzeko, Udalak dirulaguntza bat eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari.

Ingurumen Saileko zinegotzi Eva juezek  dioenez, “berrerabiltzeko eta birziklatzeko kontzientzia sustatzen laguntzen duten tailer hauek oso harrera ona izaten dute, eta horrek eragin zuzena du ingurumenaren zaintzarekin”.