Eibarko Udala
Ikasenpresa

Euskadiko LHk 2.000 ikasle baino gehiago bilduko ditu otsailaren 13an Eibarren Ikasenpresa Azokan

2025/02/05
Argazkian, ordezkari instituzionalak, antolatzaileak eta Azokan parte hartuko duten ikasleak.
Argazkian, ordezkari instituzionalak, antolatzaileak eta Azokan parte hartuko duten ikasleak.

2.000 ikaslek baino gehiagok erakutsiko dituzte beren produktuak otsailaren 13an, 10:00etatik 13:00etara, Eibarren egingo den XIV. Ikasenpresa Azokan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren "ITLENT" (Euskadiko Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua) erakundeak antolatuta, eta Eibarko Udalaren laguntzarekin.

Euskadiko Lanbide Heziketak ordezkaritza izango du hurrengo ostegunean Eibarren, non Euskadiko 2.000 ikaslek beren prestakuntza "Ikasenpresa" programarekin osatuko duten. Aurkezpena gaur goizean egin dute eta bertan izan dira Inge Gorostiaga, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, Jon Iraola Eibarko alkatea, José Ramón Gómez, "ITLENT" institutuaren zuzendari exekutiboa, Vanesa Hortas, Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia, eta Ergiña Urzelai, Kultura Ekintzailetzaren arduraduna ITLENT institutuan. Debabarreneko Lanbide Heziketako ikasleak ere izan dira.

Hurrengo ostegunean azokan ikusiko ditugun ideia ekintzaileak Eibarko erdigunean (Untzaga plaza eta Txaltxazelaian) banatutako 400 ikasenpresatan aurkeztuko dira; ideia horiek ikasleen lanbide-arloekin lotura dute, eta betiere pertsonen edo haien ingurunearen bizi-kalitatea hobetzera bideratuta daude.

Hezkuntza Sailaren aldetik, Inge Gorostiagak "enpresa bat sortzeko eta martxan jartzeko erronkaren aurrean ikasleei eskaintzen zaien laguntza" baloratu du. Parte hartzen duten ikasleek, Euskadiko Lanbide Heziketako erdi-mailakoek zein goi-mailakoek, Euskadiko Lanbide Heziketaren eredu metodologikoaren arabera lan egiten dute. Eredu horretan "irakasle-taldearen laguntza funtsezkoa da", azaldu du Eraldaketa Digitaleko eta Ikaskuntza Aurreratuetako zuzendariak. Ikasenpresa Azoka enpresa-simulazio bat da, "baina eskaintzen den produktua edo zerbitzua benetakoa da", adierazi du. Gainera, nabarmendu du negozio-ideia asko pertsonen bizi-kalitatea hobetzera zuzenduta daudela eta iraunkortasun- eta berdintasun-irizpideak kontuan hartzen dituztela.

Bestalde, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Zerbaitek definitzen badu Eibar, Lanbide Heziketaren arloan duen tradizioa da. Armeria Eskola, Uni Eibar-Ermua eta Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal-Institutua gure herriaren sinboloak dira; herri bat etorkizunari begiratzen jakin duena, garai berrietara egokituz eta formakuntza berritzaile eta kalitatezko bat eskainiz, lan-irteerak bermatuta”. “Azoka honen XIV. edizioak agerian uzten du gure gazteen gaitasuna. Gazte hauek erakusten dute ilusioarekin, prestakuntzarekin eta ahaleginak eginda, arrakastaz egin diezaioketela aurre gero eta exijenteagoa den lan-merkatu bati”.

IKASENPRESAREN KULTURA EKINTZAILEA

Enpresa txiki bat sortzea eta abian jartzea da Ikasenpresak Euskadiko Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako ikasleei planteatzen dien erronka. Euskadiko LHko eredu metodologikoaren barruan lan egiten da, eta eredu horretan funtsezkoa da lan kolaboratiboa. Topaketa hau Eibarren egiten da, otsailean, eta, bertan, Euskadiko LHko ikastetxeek Ikasenpresa programaren barruan egindako lan guztia erakusteko aukera izaten dute.

Ikasenpresa  simulazioa bada ere, eskaintzen den produktua edo zerbitzua benetakoa denez, irakasleen lan horrek aukera ematen du negozio-ideiak lanbide-arloarekin lotzeko, berritzaileak izateko eta zikloko irakasle-talde osoa inplikatuta egoteko.

2025 AZOKAREN DATUAK

  • Ikastetxeak: LHko 50.
  • Parte-Hartzaileak: 410 Ikasenpresa.
  • Ikasleak: 2.000.
  • Azokan parte hartuko duten irakasleak: 102.

PRODUKTUAK

Produktuak eta zerbitzuak askotarikoak dira, izan ere, gehienak ikasten ari diren lan-arlokoak izaten dira eta irakasle teknikoekin elkarlanean lantzen dira. Hauek dira arlo nagusienak: Kirol jarduera fisikoak, Industrialak, Irudi pertsonala, Ostalaritza eta turismoa, Informatika, Komunitatearentzako zerbitzuak, Arte grafikoak, Nekazaritza eta arrantza, Zerbitzuak eta Farmazia eta parafarmazia, besteak beste.

Aurten ikasenpresa hauek aurkeztu dira: egurrezko etxe bat, autoerregulatzeko kanpoko eta barruko tenperatura detektatzen duena; igeltsuz eta metalezko azkoinez diseinatutako bitxiak; esekileku elektriko bat, euria hastean toldo batekin estaltzen dena; mugikortasun urriko pertsonentzako joko robotak, esklerosi anizkoitza eta hizketarako arazoak dituzten haurrentzako aisialdi-zentroa, eta abar.