Hasi dira Txaltxazelaiko harmailen ingurua hobetu eta ur-jolasak jartzeko obrak

Aurrekontua ia 700.000 eurokoa da eta lanak egiteko epea 22 astekoa. Harmailen zati bat zurezko moduluekin estali, eskailerak hobetu, kioskoa txukundu, gunea birzolatu, ur-jolasak jarri eta komun publikoak egingo dira.
Atzo hasi eta 22 aste iraungo dute Txaltxazelaiko harmailen ingurua eraberritu eta ur-jolasak eta komun publikoak jartzeko obrek.
Horren harira, aipatu behar da obren hasiera udaberrirako zegoela aurreikusita, baina atzeratu egin zela San Juan jaiak amaitu arte, antolatutako jardueretan izan zitzaketen eraginak saihesteko.
Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresa egiten ari da lanak, Bosark Arkitektoak enpresak aldez aurretik egindako proiektu batean oinarrituta. Udalak joan den otsailean esleitu zion jarduketa hori, 699.158,41 euroko aurrekontuarekin.
Esku-hartzearen azalera 576 metro koadrokoa da guztira, eta horietatik 136 ur-jolasguneari dagozkio. Proiektuan harmailen zati bat hobetuko da, jarlekuetan egurrezko moduluak jarriz; era berean, sarbideko eskailerak hobetuko dira, kioskoa eta harmailak txukunduko dira eta ondoko egonlekua birzolatu egingo da.
Gainera, eta erdigunean komun publikoak jartzeko eskaerari erantzunez, komun publikoak egingo dira kioskoaren egituraren azpian, eta Eibarko Txikitotik sartuko da haietara.
Jolasei dagokienez, kioskoaren eta harmailen artean dagoen tokian jarriko dira jasangarritasun-irizpideei jarraituz; proiektuak ura kontrolatzeko sistema bat dauka, erabilitako ura tratatzeko, arazteko eta berrerabiltzeko zirkuitu batekin.
Obrak amaitu eta ur-jolasak martxan jarri ondoren, udako hilabeteetan erabili ahal izango dira. Gero, elementuak kendu egingo dira, urte osoan zehar espazioa libre geratu eta leku horretan egiten diren ohiko jardueretarako erabili ahal izateko.
Lanen hasiera dela-eta, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Txaltxazelaiko ingurunea eibartarrek asko erabiltzen duten toki bat da, batez ere, aisialdirako. Beraz, jarduera honen bidez, herritarren erabilera hobetu egingo da, tokia erosoago eginez eta azpiegitura berriak eskainiz”.
Ur-jolasak jartzeko proiektua Eibarko PSE-EE eta EAJ-PNV taldeen artean lortutako aurrekontu-akordioaren emaitza da.