Eibarko Udala

Gizartekintza Sailak 2016an baino 152 laguntza eske gehiago jaso ditu gizarte larrialdietarako laguntzetarako

2017/12/27
Udalak 606 eskaerari erantzun die eta 485.229 euro gastatu dira. Baliabide gutxiko pentsiodunek eta emakume alargunek jaso dute laguntzen % 40. Aurtengoan ere ez da nahikoa izan Eusko Jaurlaritzak emandako dirua eta Udalak 92.200 euro jarri behar izan ditu. GLLetan Jaurlaritzak du eskumen osoa.

Joan zen urtekoa baino handiagoa izan da Eibarko Udalak 2017. urtean jaso duen Gizarte Larrialdietako Laguntzen eskaera kopurua. Aurten, 606 eskabideri erantzun zaie laguntza hauek hartzen dituzten kontzeptu guztietan. Gastua 485.229,15 eurokoa izan da.

“Dugun pertzepzioa da, urtetik urtera, proportzioan, diru-zenbatekoak baino gehiago ari dela gehitzen eskaera kopurua, eskariek gora egin dutelako GLLen kontzeptu jakin batzuetan, esate baterako, "etxea mantentzea eta argindarra" atalean, aurten, horretarako 197.745,94 euro eman izan baitira.  Laguntza hori jaso duten gehienak pentsiodunak eta emakume alargunak izan dira, duten pentsioarekin ez dutelako oinarrizko beharrizanei erantzuteko lain". Halaxe zioen Idoya Sarasquetak, Gizartekintzako zinegotzi eibartarrak. Egindako 606 eskabide horietatik 200 inguru izan dira etxea mantentzeko eta argindarra izateko laguntza bila egindakoak.

Bestalde, benetan esanguratsua izan da ekitaldi honetan etxearen errenta ordaintzen laguntzeko Eibarren eman den zenbatekoa: 190.241,22 euro;  120 eskabide. 2017an entregatu den beste partida garrantzitsu bat “mailegua edo zorrak” kontzeptuarena izan da:  44 eskaera jaso dira eta 71.636,39 euro eman. Oinarri-oinarrizko premiei erantzuteko jaso diren eskaerak 30 izan dira —betaurrekoak erosteko edo ahoa konpontzeko— eta 19.920,83 euro ipini.

Gizarte Larrialdietako Laguntzen barruan dauden gainerako kontzeptuengatik Udalak aurten eman dituen zenbatekoak aipatu diren horiek baino txikiagoak izan dira.  Etxetresnak eta altzariak erosteko zazpi laguntza eman dira (2.871,15 euro), eta etxea konpontzeko lau eskariri eman zaie baietza (2.813,62 euro).

Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskumen esklusiboa Eusko Jaurlaritzarena da, baina, azken urte hauetan gertatu izan den bezala, administrazioak duen partida ez da iritsi eskaera guztiei erantzuteko. Aurtengoan, Eibarko Udalak 92.200,91 euro jarri behar izan ditu eskari guztiei erantzun eta Eusko Jaurlaritzaren partida osatzeko.  Hauxe zioen Sarasqueta zinegotziak: “Eusko Jaurlaritza da GLLetan eskumena duen administrazio bakarra, ez Udala; beraz, aparteko diru-ekarpen horiek ez ditugu onesten legeak horretara behartzen gaituelako, obligazio morala dugulako baizik."

Aurreko urtean, 2016an, 454 eskaera egin ziren eta zenbatekoa 433.194,58 eurokoa izan zen.