Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gazteek etxebizitzak alokatzeko jasotzen dituzten diru-laguntzen oinarrien aldaketari hasierako onespena eman dio Udalak

2018/05/04

Egindako aldaketen helburua hauxe da: diru-laguntza horiek emateko araudia indarrean dagoen Etxebizitzaren Euskal Lege berriaren testuingurura egokitzea.

Asteazken honetan, maiatzaren 2an, egindako Udalbatzarrak hasierako onespena eman zion honako deialdi honen oinarri-aldaketari: Udalak etxebizitzak alokairuko merkatuan jartzeko diru-laguntzak, gazteen emantzipazioa errazteko xedez. Hemendik aurrera, alegazio-epe bat egongo da talde politikoek eta herritarrek, oro har, beren alegazioak egin ditzaten, 30 laneguneko epean, hain zuzen ere iragarki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik hasita.

Egin den aldaketak ez ditu udal laguntza hauek —badira urte batzuk ematen direla— funtsean aldaraziko, azken finean, indarrean sartu den Etxebizitzaren Euskal Legearen ondorioz sortutako errealitatera egokitu baino ez baitu egiten haien araudia; Euskal Legeak etxebizitza izateko eskubide subjektibo izenekoa ezarri zuen, alegia, Euskadin bizi den edonork —Lege horretan aurreikusitako baldintza batzuk betez gero—, eskubidea du Eusko Jaurlaritzari alokairuko etxebizitza publiko bat eskatzeko eta lortzeko, edo, hala ez bada, diru-laguntza bat eskatu eta lortzeko, hilean 250 eurokoa gehienez ere.

“Egindako aldaketekin nahi duguna da udal diru-laguntza Eusko Jaurlaritzaren laguntza hori eskuratu ezin dutenentzat bakarrik izatea, eta, hala, biekin, ahalik eta onuradun gehiengana iristea”, adierazi du Jon Iraolak, Hirigintza arloko zinegotzi arduradunak.

Eskatzaile bakoitzak jaso beharreko diru-laguntzaren kopurua zehazteko irizpideek lehengoak izaten jarraituko dute, hau da, ordaindu beharreko alokairu-portzentaje desberdina izango da, eskatzaile bakoitzak justifikatu beharko dituen urteko diru-sarreren arabera. Nolanahi ere, orain egin den aldaketarekin, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa hilero 250 eurokoa izango da.

“Konparazioak eta bidegabekeriak saihesteko, erabaki dugu Udalaren diru-laguntza Eusko Jaurlaritzarenaren kopuruarekin parekatzea, alegia, jasotako laguntza edozein dela ere ezingo da izan hilero 250 eurokoa baino handiagoa”, adierazi du Iraolak.