Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala onartu du Udalak

Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala onartu du Udalak

2018ko irailaren 24an Udalbatzak egindako osoko bilkura.

2018/09/25

Udaleko Bozeramaileen Batzordeak irailaren 18an egindako saioan onartu ostean, atzo, hilak 24, Osoko bilkurak Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala eman zuen jakitera, Patxi Lejardi Euskara zinegotziak testua irakurri ostean. Hortaz, Eibarko Euskaraldiaren adierazpenari behin betiko onarpena eman zitzaion.

Adierazpen instituzional horren bidez, Eibarko Udalak honakoa adierazi nahi du:

  • Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi, belarriprest eta bihotzgoxo gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak izan.
  • Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.
  • Bihotzgoxook ez dugu euskara ulertzen, baina gustuko dugu ingurukoak euskaraz aritzea
  • Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko. 
  • Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa,  udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten, eta izena emateko bideak erraztuko ditu.
  • Udalak bat egiten du ekimena elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin Gipuzkoan, ahalik eta udal eta mankomunitate gehienetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan, lurralde mailako politika bateratu bati begira.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz, azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak, beste hainbat eta hainbat eragilerekin elkarlanean, abian jarri dute Euskaraldia ekimena. Gure udalerria ere buru-belarri sartu da, eta ekinbidea burutzeko batzordeak lanean dihardu.

Ekimen horretan 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko ditugu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango gara, eta 11 egunez  hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, indarra ulermenean jarrita. Hiru subjektu-mota bereizi dira: ahobizi, belarriprest eta bihotzgoxo.

Ahobiziek, 11 egun horietan, euskarari eutsiko diote solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek, aldiz, solaskideak beraiekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituzte, nahiz eta belarriprestak berak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun. Bihotzgoxoek ez dute euskara ulertzen, baina gustoko dute ingurukoak euskaraz aritzea.

Ekimenaren helburua hau da, besteak beste: ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek igaro eta gero, hizkuntza-praktika berri horiei eustea.