Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak berretsi egin du Dragados enpresari Errebaleko kontratua eteteko Udalak hartutako erabakia

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak berretsi egin du Dragados enpresari Errebaleko kontratua eteteko Udalak hartutako erabakia

Errebal.

2018/02/22

Organo juridiko independiente horrek Udalak emandako argudio guztiak berretsi ditu eta honako hau esan: "Kontratua eraikuntza-enpresaren erruz ez betetzeagatik ebatzi da, eta enpresak kontratua eteteak Udalari eragin dizkion kalte-ordainak ordaindu beharko dizkio.

Aholku Batzorde Juridikoak berretsi egin du Eibarko Udalak bere garaian Dragados enpresarekin Errebaleko eraikina jasotzeko zuen kontratua eteteko erabakia. Aholku Batzorde Juridikoa kontsultarako erakunde bat da, formalki Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoen baitan kokatua baina estatutu propioa duena, eta, irizpenak emateko orduan, bere kideei bermatzen diena lanean behar duten inpartzialtasuna eta kontsulta-prozedura zorrotz eta formala. Bere txostenean, nahitaezkoa baina ez loteslea, batzordeak berretsi egiten ditu Udalak kontratua eteteko emandako arrazoi guztiak, Dragados enpresari leporatzen dio kontratua ez betetzearen errua, eta argi adierazten du, baldintzak behin eta berriz betetzen ez zirenez, Udalaren erabakia erabat justifikatuta dagoela.

Batzordearen arabera, obra ez betetzea zuritzeko Dragadosek eman zituen argudioek “jarrera iheskor eta kontrajarria erakusten dute, eta justifikatu egiten dute Udalaren jokaera”. Enpresaren argudioek, dio batzordeak, "estrategia bat azaleratzen dute, zeina legegintza zuzentzen ari den, iruzurra saihesteko kontratazio publikoan; estrategia honetan datza: behin adjudikazioa bideragarritasun zalantzazkoekin lortu ondoren, aldaketak egiten dira kontratuan enpresarentzat ekonomikoki bideragarri egiteko, eta hori kontratuen hasierako lizitazioari iruzur egitea da".

Batzordeak uste du arrazoizkoak direla Udalaren argudioak eta adierazi du epeak bete ez izana ez dela proiektuaren zehaztasun faltagatik izan, baizik eta kontratistari egotzi behar zaizkion motiboengatik. Eta horren ildotik, batzordeak “sinesgarritasun handiagoa ematen dio obra-zuzendaritzari (Udalari), eta zuzendariak berak kontakizunaz egiten duen interpretazioari".

Erakunde honek zera gaineratzen du: kontratua eteteko prozesuaren justifikazioan, “enpresak obrarekin jarraitzeko batere asmorik izan balu, plazaren estalkia eta hari eusteko egitura kontratatuko zituen, eta askoz lehenago eskatuko zituen egituraren gainerako planoak, Udalako entregatutako planoetan jasotzen zen egituraren hormigoitze-lanak amaitzeko itxaron gabe”.

Azken batean, dio batzordeak, “obraren egitura egitean epe partzialak betetzeko atzerapena, baita egitura metalikoan ere, hiru hilabetetik gorakoa izan da eta atzerapen hori, Udalak frogatu duen bezala, kontratistari leporatu behar zaio, zeinak gaiari aurre egin eta galdutako denbora berreskuratu beharrean, egin dituen gauza guziak obra aldez aurretik eta justifikaziorik gabe abandonatzera zuzendu baititu.

Horren harira, Aholku Batzorde Juridikoak dio Udalak indarreko araudiari jarraituz, kontratua ebazteari ekin diezaiokeela. Hortaz, “halako kasuetan ezarritakoa aplikatuko da, alegia, kontratua ebazten da kontratistaren erruz ez betetzeagatik” eta, ondorioz, Dragadosek “Udalari eragindako kalte-ordainak ordaindu beharko dizkio”. Kalte-ordaina, “lehenik eta behin, eratu den bermetik ordainduko da (bere garaian enpresak jarri zuen abala), alde batera utzi gabe bermetik gorako zenbatekoari dagokionez kontratistak izan dezakeen erantzukizuna".

Aholku Batzorde Juridikoaren ebazpena ezagutu ondoren, Arcadio Benitez Obra zinegotzia pozik azaldu da irizpenarekin, zeren "Udalaren prozedura zuzena zela erabat sinetsita bageunden ere, batzordeak gure argudio guzti-guztiak berretsi izanak lasaitu egiten gaitu”. Udal ordezkarien arabera, “bai Gobernu Batzarreko kideok bai prozesuan zuzenean parte hartu dugun udal ordezkariok erantzukizunez eta zorroztasunez jokatu dugu eta emandako pauso bakoitzean beti izan dugu gogoan guztion interesaren alde egin behar dugula, nahiz eta jakin erabakiak kostu politiko eta pertsonala izan zezakeela”. Benitez jaunak sentitzen du “talde batzuek erantzukizun horrekin jokatu arren, talde guztiek berdin jokatu ez izana”.

Aholku Batzorde Juridikoaren aldeko irizpenak bide ematen dio Eibarko Udalari Errebaleko obran geratzen diren lanak kontratatzeko izapideak hasteko. Alegia, geratzen diren lanei dagokien proiektua idazteko prozedura martxan jarri, ondoren lizitaziora atera eta obrari atzera ere ekiteko, administrazio-epeek ahalbidetzen duten bezain laster.