Eibarko Udala
enplegua

Udalak, Armeria Eskola Elkartearekin batera, enplegua bultzatzeko beste programa bat jarri du abian

2025/06/05
Artxiboko irudia.

Programaren helburua da langabezian dauden edo lan prekarioa duten Eibarko 15 pertsonaren laneratzeko gaitasuna hobetzea. Izena emateko epea 2025eko ekainaren 10etik 27ra egongo da zabalik (biak barne).

Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak, Armeria Eskola Elkartearekin batera, industria arloan enplegua bultzatzeko programaren beste edizio bat jarri du abian. Oraingo honetan, prestakuntza mekatronika industrialean eta mekanizazioan oinarrituko da, inguruko enpresek asko eskatzen dituzten arloak dira-eta. Programaren helburua da langabezian dauden edo lan prekarioa duten Eibarko 15 pertsonaren laneratzeko gaitasuna hobetzea, neurrira egindako ibilbideen bidez.

Eibarko Udalak programa honetan izandako esperientzia errepikatzea erabaki du, aurreko edizioetako emaitza onak ikusita.  Zehazki, iazko edizioan parte hartu zuten 15 pertsonetatik % 38,5ek lortu zuten lan-merkatuan sartzea kontratu baten bidez, eta % 54k beren formakuntza-prozesuan jarraitu zuten, beste formakuntza-ibilbide batzuei jarraituz.

Programa 10 hilabetekoa izango da, eta prestakuntza teknikoa eskainiko du mekatronika eta mekanizazioari buruz, orga jasotzaileak gidatzeari buruz, eta ongizate emozionaleko gaitasunei buruz. Gainera, gutxienez 60 orduko praktikak egingo dira enpresetan, eta parte-hartzaileek lan-munduan txertatzeko laguntza jasoko dute, praktikaldia amaitu ondoren. Klaseak Armeria Eskolako instalazioetan emango dira, eta kurtsoa uztailean hasiko da.

Programan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira: Eibarren erroldatuta egotea, langabetua izan edo lan prekarioa edukitzea, edo Lanbiden izena emanda egotea. Gainera, ezinbestekoa da gaztelaniaren behar besteko maila edukitzea bai ahoz bai idatziz, eta baloratu egingo da esperientzia profesionala edota ezagutzak izatea fabrikazio mekanikoaren alorrean. 

Jon Iraola alkatearen esanetan, “Udalean, lanean dihardugu Armeria Eskola Elkartearekin lankidetzan, gure herritarren benetako beharrei erantzungo dieten enplegu-politika aktiboak bultzatzeko. Industria-arloko prestakuntza-programa honen helburua zera da: langabezian edo prekarietate-egoeran dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzea, prestakuntza-ibilbide espezializatuen bidez lan-merkatuan sartzea erraztuz”.

Eta hauxe gehitu du: “Aurreko edizioetan izandako arrakastak —ikasle askok lortu baitute lana edo prestakuntza jasotzen jarraitu dute— horrelako ekimenen aldeko apustua egiten jarraitzera bultzatzen gaitu. Sektore industriala Eibarko ADNaren parte da”.

Izen-ematea

Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 10etik 27ra, biak barne. Interesdunek Pegoran eman ahalko dute izena aurrez aurre, edo www.eibar.eus webgunean modu elektronikoan. Bigarren kasuan, beharrezkoa izango da ziurtagiri digital bat edukitzea (B@K-Q, NAN elektronikoa, Izenpe txartela, eta abar.). Aurkeztu beharreko agiriak hauexek izango dira: eskatzailearen NANa edo agiri baliokidea, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, lan-bizitza edo curriculum vitae eguneratua.