Eibarko Udala
kanpaina solidarioa

Ekimen solidario berria: “Heziketarako bizikletak/Senegal” ekimenaren helburua da bizikletak emanda eskola-absentismoa murriztea

2025/06/06
Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Mikel Porto, ekimenaren bultzatzailea.
Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Mikel Porto, ekimenaren bultzatzailea.

Mikel Porto eibartarrak bultzatutako proiektua da, BAOBAB nazioarteko Elkartearekin lankidetzan. Bizikletak Senegaleko landa-eremuko umeentzat izango dira, eskolara joateko egunero 10 km baino gehiago egiten dituzte-eta oinez.

“Heziketarako bizikletak/Senegal” lelopean hasi da kanpaina berri eta itxaropentsu hau, zeinaren xedea baita bigarren eskuko bizikletak jasotzea Senegaleko umeei bidaltzeko. Izan ere,  herrialde afrikarreko landa-eremu askotan eskola-absentismo handia dago, haurrak 10 km-tik gorako ibilbideak egin behar izaten dituzte-eta eskolara joateko.

Mikel Porto eibartarraren ekimena izan da, BAOBAB Nazioarteko Elkartearekin lankidetzan; Portok modu aktiboan hartzen du parte elkartean. Haren konpromisoari esker, proiektuak garraiobide bat jarri nahi du ikasleen eskura, heziketarako sarbidea inorentzat muga izan ez dadin, eta horrela formakuntzan aurrera egiteko duten oztopoa gainditzeko.

Proiektuak Ayuda Contenedores entitateren laguntza ere badu, material solidarioa bidaltzen espezializatutako elkartea. Elkarte biek azpimarratzen dute bizikleta bat ikasketetan aurrera egin edo eskola bertan behera uzteko arrazoia izan daitekeela. 

Hori horrela, herritarrei dei egiten zaie erabiltzen ez dituzten baina egoera onean dauden bizikletak eman ditzaten. Emandako bizikleta bakoitza modu bat da ume batek baino gehiagok heziketa duinerako aukera izan dezan.

Jon Iraola Eibarko alkateak erabateko babesa erakutsi du proiektuarekiko:  “Eibar beti izan da herri solidarioa, arrazoi zuzenen aldeko konpromisoa erakutsi duena.  Kanpaina hau horren adibide argia da, eta garbi uzten du keinu xume batek, kasu honetan bizikleta bat emateak, bizitzak aldatu ditzakeela. Hortaz, eibartar guztiak animatu nahi ditut heziketa, berdintasuna eta nazioarteko kooperazioa lotzen dituen ekimen honekin bat egitera”.

Horrez gain, hitz batzuk eskaini nahi izan dizkio ekimenaren bultzatzaileari: “Eskerrak eman nahi dizkiot Mikel Portori bere inplikazio eta eskuzabaltasunagatik. Izan ere, haurrekiko eta heziketarekiko duen konpromisoa jokaera eredugarria da Eibarrentzat. Bera bezalako pertsonei esker, ikus dezakegu txikitasunetik handira heldu daitekeela, alegia, tokiko erabakiek aldaketa globalak ekar ditzaketela”.

Bizikleta bat eman nahi dutenek mikelporto7127 @gmail.com helbide elektronikoaren bidez jakinarazi beharko dute.