Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Etxerik gabeko pertsonentzako neguko aterpea martxan Karmeldarren eraikinean

Karmengo eliza.

Karmengo eliza.

2021/12/01

Gizarte baliabide honek, apirilera arte zabalik egongo dena eta Debabarreneko sei udalen oniritzia duena, 14 pertsonarentzako lekua du, eta ohea eta norberaren garbitasuna egiteko tokia eskainiko ditu eguraldi txarreko egunetan. Lokalak egokituta daude dagoeneko eta hezitzaileak ere prest daude etxerik gabeko pertsonen jarraipena eta akonpainamendua egiteko.

Eskualdeko neguko aterpea, etxegabeei eta iragaitzazko pertsonei ohea eta norberaren garbitasuna egiteko tokia emango dizkiena, eta Karmeldarren elizako eraikinean, Eibarko Karmen kalean, prestatu dena,  gaur, abenduak 1, jarriko da abian.

Joan den uztailean Udalak karmeldarrekin instalazioak doan lagatzeko akordio bat lortu ondoren, eta eskualdeko udalen onespena izan eta beharrezkoak diren langileak kontratatu ondoren, azken asteotan sinatu da Eibar, Elgoibar, Deba, Mutriku, Soraluze eta Mendaroko herrietarako zerbitzua martxan jartzea ahalbidetuko duen hitzarmena. Akordioa da instalazioak urtebetez lagatzea.

Hala, neguko aterpea gaur hasi eta apirilera arte egongo da zabalik etenik gabe, eta bertara joan ahalko dira etxerik gabekoak eta iragaitzazko pertsonak. Ohea eskainiko dute eta baita beste zerbitzu batzuk, hala nola norberaren garbitasuna egiteko tokia eta janaria, eguraldi txarreko egunetan.

Horretarako, aterpeak hainbat langile izango ditu, besteak beste, hezitzaileak, zeinek bertara joaten diren pertsonei etengabeko jarraipena eta akonpainamendua egingo baitiete. Bertako lokalak eta altzariak egokitu dira eta pertsonalaren aukeraketa egin da.  

Eskualdean zerbitzu hau izateko beharra antzeman eta hainbat toki aztertu ondoren, Alkatetzak eta Hirigintza eta Gizarte Zerbitzuetako  udal arloek negoziaketak hasi zituzten bere garaian Karmen kaleko eraikin erlijiosoaren jabeekin, eraikinak baldintza egokiak betetzen zituela iritzita. Negoziazio haiek bide onetik joan ziren eta azkenean akordioa berretsi dute inplikatutako sei udalek.

Halaber, adierazi behar da, inolaz ere ez dela epe luzerako aterpe bat, baizik eta aldi baterakoa, eta etxerik gabekoek egun jakinetan erabili ahal izango dutela.  Ekimena Debabarreneko Gizarte Zerbitzuetako Mapan jasotako azpiegitura- eta baliabide-planaren barruan kokatu behar da 

Etxerik gabekoentzako neguko aterpea karmeldarren eraikinean egongo da, aspaldian erlijiosoentzat ziren geletan. Hirugarren eta laugarren solairuetan egongo da, eta 14 pertsonarentzako tokia izango du.  Eibarko Udalak, Gizartekintza Sailaren bidez, bere gain hartu du instalazioak egokitzeko behar ziren lanen kostua 

Eskualdeko zerbitzu hau martxan jarriko dela iragarri ondoren, Jon Iraola alkateak berriz ere "eskerrak" eman dizkio eraikinaren jabe den ordena erlijiosoari  akordio batera iristeko "izan duten jarreragatik, eskuzabaltasunagatik eta emandako erreztasunengatik".

Iraolaren hitzetan, joan den uztailean akordio batera iritsi ondoren, “beharrezkoak ziren lege-tramiteak egin dira ahalik eta azkarren” gizarte-baliabide hau martxan jartzeko, eta adierazi du akordio hau “oso albiste ona dela Eibarrentzat eta eskualdearentzat” eta aukera emango duela "eskualdean zegoen eskari bati erantzuna emateko".  Horren harira, alkateak zera adierazi du: “orain arte Udalak behar horri beste bitarteko batzuekin erantzuten zien, baina hemendik aurrera eraikin honek erantzun integral bat emango dio eskualdean dagoen eskari bati”.