Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Errebal: obraren kontratua eteteko prozesua hasiko da epe partzialak ez betetzeagatik

Errebal: obraren kontratua eteteko prozesua hasiko da epe partzialak ez betetzeagatik

Errebal.

2017/12/05

Egitura amaituta egon behar zen duela hiru hilabete, baina oraindik ez da egin; horregatik, Udalak erabaki du kontratua etetea, horretarako aukera ematen dion klausula bati helduta.

Eibarko Udalak administrazio-tramitea hasi du Dragados SA enpresarekin Errebal eraikin erabilera anitzekoa eraikitzeko zeukan kontratua eteteko, enpresa adjudikaziodunak obrak gauzatzeko epe partzialak ez betetzeagatik.

Obrak Dragados enpresari esleitu zitzaizkion 4.952.683 euroan eta hogeita hamar hilabeteko epe batean. Lanak 2016ko otsailean hasi ziren eta 2018ko uztailerako amaituta egon behar zuten. Hasieratik bertatik, obrak erritmo desberdinetan joan dira egiten, eta geldirik ere egon ziren aurten sei astean, otsailaren erdialdetik martxoaren amaiera arte, arazoak baitzeuden Dragados enpresaren eta azpikontratetako baten artean.

Kontratua sinatzean, hiru epe partzial ezarri ziren. Epe horien arabera, zimentazioa eta euste-hormak 2016ko 31rako bukatuta egon behar ziren. Bai eta hormigoizko egitura eta plazaren estalkiaren egitura metalikoa ere, 2017ko abuztuaren 31rako. Eta iragazgaiztea 2018ko otsailaren 1erako bukatuta egon behar zen. Obra Zuzendaritzak egindako txostenak, aldiz, adierazten du zimentazioa eta hormak abuztuaren 18an amaitu zirela, eta behe solairuko lauzaren hormigoiketa azaroaren 29an amaitu dela, alegia, aurreikusitakoa baino askoz ere beranduago. Gaur egungo erritmoarekin —dio Obra Zuzendaritzak—, suposatzen da hormigoizko egitura ez litzatekeela bukatuko 2018ko otsaila baino lehen.

Bestalde, Dragados enpresak ez du jakinarazi azpikontratatu duenik plazaren estalkiaren egitura metalikoaren fabrikazioa, eta, hortaz, Obra Zuzendaritzak ezin du data bat aurreikusi egitura hori amaitzeko, zeina kontratu-orrien arabera abuztuaren 31rako amaituta egon behar zen.

Alegia, epeak ez dira betetzen eta atzerapenak pilatzen doaz. Eta, horren ondorioz, Udalak erabaki du bi aldeek izenpetutako kontratuaren klausuletako bati heltzea; klausulak dioenez, “epe partzialak ez betetzeak kontratua eteteko arrazoi nahibadakoa izango da, epe partzial horietako edozeinetan atzerapena hiru hilabete baino gehiago denean".

Bigarren epeari dagokionez, egitura hormigoizko eta metalikoaren amaierari buruzkoa, irailaren 1ean zen amaitzekoa, eta abenduaren 1ean, hau da, hiru hilabete geroago, oraindik ez da burutu obraren zati hori.  Hortaz, Udalak ekin die dagoeneko kontratua eteteko tramiteei.