Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Errebal eraikin berriaren jardin-guneak berriz landatuko dira lore eta zuhaixkekin

Errebal Plazia eraikineko artxiboko irudia.

Errebal Plazia eraikineko artxiboko irudia.

2022/06/16

Jon Iraola alkateak eskatuta egingo diren lan hauen aurrekontua 50.000 euro ingurukoa da eta helburua da estetika hobetzea eta ingurune berde bat ematea mota desberdinetako arrosak eta beste landare batzuk landatuz. Bestalde, Udal Lantaldeak sasoiko loreak landatu ditu herriko hainbat tokitan.

Errebal eraikin berriak loreak eta landareak izango ditu aurki, tokiari irudi koloretsu eta naturalago bat ematearren, bat etorriz horrela lekuaren aisialdi eta atsedentoki izaerarekin. Eraikinaren inguruetan dauden jardintxoetan jarriko dira loreak.

Egitasmoa aurrera eramateko, Udalaren Zerbitzu Sailak, alkatearen eskariz, paisajista baten zerbitzuak kontratatu ditu, Alkatetzak planteatutako premiei eta gabeziei erantzuteko proiektua lantzeaz arduratuko dena. Proiektuan loreak eta zuhaixkak landatuko dira. Lanen kostua 50.000 euro ingurukoa da.

Gaur egun Errebalgo jardin-guneek dituzten landareak eraikina egin zuen enpresak bere garaian jarritakoak dira, baina gehienak kendu edota lapurtu egin dituzte; beraz, beharrezkotzat jo da lan osatuago bat egitea.

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “Errebalgo gunea ireki zenetik, egiaztatu da Eibarko erreferentziagune bat bihurtzen ari dela herritarren aisialdirako eta atsedentokirako, eta baita kolektibo eta erakunde sozio-kultural eta deportiboek hainbat jarduera egiteko ere. Beraz, oso garrantzitsua iruditzen zait ingurunea estetikaren eta ingurumenaren ikuspegitik hobetzea”.

Horregatik, gaineratu du alkateak, “inguru guztia kolorez eta landaretzaz bete nahi dugu, Errebalgo kanpoaldea eremu atseginago eta erakargarriago bihurtuz”.

Enpresa adjudikaziodunaren lanen barruan sartuko dira materialak kentzea, konposta ekartzea, ureztatze-hodiak drainatzea, lur begetala, ongarritzea, belarren aurkako sareak jartzea eta ekotrabesekin egindako jardinerak. Geroago mota eta kolore desberdinetako arrosak eta zuhaixkak landatuko dira. Landatuko diren lore eta landareak paisajistak aukeratu ditu, tokiaren ezaugarri partikularrei kasu eginez, eta jardinak hostotsu eta koloretsu geratuko direla bermatu beharko du.

Ureztatzeari dagokionez, ureztatze automatikoa jarriko da berriro proiektu berrira egokituz, izan ere, lorategi-guneek badituzte ureztatze-sistemak.

Sasoiko loreak landatzea

Bestalde, Udal Lantaldeak azken asteotan udaberri-udako loreak landatzeko ohiko lanak egin ditu Eibarko hainbat jardinetan.

Lanak herriko hogeita hamar bat jardinetan egin dira, eta 1.400 tepe edo zotal landatu dira eta 10.000 loretik gora. Lanen kostua 41.000 euro ingurukoa izan da.