Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eraikin partikularretan pintadak garbitzeko programa jarriko du martxan Udalak

Artxiboko argazkia. Arragueta kalea.

Artxiboko argazkia. Arragueta kalea.

2023/12/22

Jabeek eta bizilagunen komunitateek egin dezakete eskabidea abenduaren 26tik urtarrilaren 12ra. Udalak doan ematen duen zerbitzu honek oso harrera ona izan du aurreko urteetan.

Eibarko Udalak berriz ere jarri du martxan eraikin partikularretatik pintadak kentzeko programa. Doako zerbitzu bat da, oso harrera ona izan duena aurreko urteetan, eta auzo-erkidegoek, merkataritza-lokalen jabeek eta errentariek, eta jabe bakarrek har dezakete parte.

Jon Iraola alkateak: "Lokaletako eta etxebizitzetako fatxadak garbitzeko beharraz jabetzen naiz. Eibar garbi ikusi nahi dugu; horregatik, eta, nahiz eta jabego pribatuak izan, Udalak aparteko esfortzu bat egiten du. Nolanahi ere, uste dut beharrezkoa dela herritarrei ere esfortzu bat eskatzea gure herria garbi edukitzeko. Udalaren ahaleginak zibismoaren eskutik joan beharra dauka”. Azkenik, adierazi du grafitiak eta pintadak egiten dituzten pertsonak, sarri, ezagunak direla, jarraipena egiten zaiela eta hainbat aldiz jarri zaiela zigorra.

Eskabideak abenduaren 26tik urtarrilaren 12ra bitartean egin behar dira. Jabeen erkidegoek, merkataritza-lokalek eta haien izenean jarduten duten pertsonek modu elektronikoan egin beharko dute, Udalaren webgunearen bidez. Pertsona fisikoek (jabe bakarrak) eta haien ordezkariek aukera izango dute eskabidea Pegoran (Herritarrentzako Zerbitzuaren Bulegoa) aurrez aurre egiteko. Kasu horretan, gomendatzen da aurretiazko hitzordua eskatzea.

Eskabide guztietan kendu nahi den pintadaren koloretako argazki bat sartuko da. Udalak aztertu egingo du pintada, eta, fatxadaren ezaugarriak kontuan hartuta, materialari edo babes-mailari dagokionez, erabaki egingo du ea jarduketa egin daitekeen. Ezin bada pintada ohiko bitartekoekin ezabatu, pinturarekin estaliko da. Jarduketak eremu publikora ematen duten fatxadetan egingo dira, eta betiere eskatzaileek modu frogagarrian salbuetsiko dute Udala pintadak garbitzeak eragin ditzakeen higadura edo kalteen erantzukizunetik.