Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotzarako diru-laguntzak

2017/11/03

Ekintzaileek eta enpresek 6.000 euro arteko diru-laguntzak lortu ahalko dituzte, Ekin, Iraun eta Osteko udal programen bidez.

Eibarko Udalak bigarren urtez jarraian diru-laguntza programa bat jarri du abian, enpresak sortu, finkatu eta ondorengotza hartzeko. Iazko erantzuna ikusita —diru-partida osoa agortu zen—, Eibarko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako sailak diru-laguntza lerro hau errepikatzea erabaki du; horretarako, 30.000 euro erabiliko ditu.

Programak hiru diru-laguntza ildo ditu: Ekin, Iraun eta Osteko. Lehenik, Ekin programa, pertsona fisikoek, juridikoek edo ondasun-erkidegoek enpresak sortzeko programa, alegia. Bigarrenik, Iraun programa, instalazioak handitu dituzten enpresei edo Eibarren finkatu diren enpresei zuzendua; eta, azkenik, Osteko, dauden enpresen ondorengotza edo belaunaldi-erreleboa laguntzera zuzendua.

Alberto Albistegui saileko arduradunaren hitzetan, “ekintzaileei laguntzea Garapen Ekonomikoko sailaren ardatz nagusietako bat da eta gainera aurten beren instalazioak handitu dituzten enpresei lagundu nahi diegu eta baita beren instalazioak eta jarduera Eibarrera ekarri nahi dituztenei ere. Belaunaldi-erreleboari dagokionez, lagundu egin nahi diegu enpresei une kritiko horretan, hala, jardun ekonomikoa gure herrian izaten jarrai dezaten”.    

Ekin programa enplegua sortzen duten eta haien egoitza soziala eta fiskala Eibarren finkatzen duten enpresei zuzenduta dago. Diruz lagunduko den proiektuak lanpostu bat sortu behar du —lanaldi osokoa edo partzialekoa— hamabi hilabetetan zehar; lanpostua proiektuaren sortzaileena ere izan daiteke. Dagoeneko existitzen den enpresa baten barne-ekintzailetza kasuetan, proiektu berriak gutxienez lanpostu zuzen baten sorrera eragin behar du. Horixe da aurtengo berrikuntzetako bat: lehendik dauden enpresetan barne-ekintzailetzaren kasuan, diru-laguntzaren kopurua handitu egin da. 

Diru-laguntza hori eskuratzeko baldintzetako bat da Bideragarritasun Plan bat egina izatea eta 2017an alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergan.

Eskatzaileak pertsona juridikoak direnean, hauexek izango dira diru-laguntzak: jarduera ekonomikoari lotutako inbertsioak, webguneen aholkularitza eta diseinua, sare sozialak eta komunikazioa. Pertsona fisikoen eta ondasun-erkidegoen kasuan, errentamendu-gastuak (alokairuak) diruz lagunduko dira. Zenbatekoa diruz lagungarriak diren gastuen % 90 izango da, gehienez ere 6.000 euro pertsona juridikoentzat eta 2.500 euro pertsona fisikoentzat eta ondasun-erkidegoentzat.

Iraun programaren kasuan, pertsona juridikoek, sozietate zibilek eta industria alorreko ondasun erkidegoek jasoko dute diru-laguntza (Ekonomikoaren gaineko Zergaren 3 alorra)  instalazioak lekuz aldatzeagatik edo handitzeagatik. Eibarren enpresak handitzeko eta Eibarrera enpresak erakartzeko diru-laguntzak ematea Irauneko aurtengo oinarrietan sartutako berrikuntza bat da, jarduera ekonomikoa bultzatzeko asmoz. Laguntza eskuratzeko, enpresaren instalazioak lekuz aldatzea  edo handitzea 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera egina egon beharko da. Gainera, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon beharko da 2016ko apirilaren 16tik aurrera.

Iraun programaren barruan hauexek lagunduko dira diruz: ikerketa-gastuak, garapen-gastuak, jabetza industriala, aplikazio informatikoak, eraikuntzak (higiezinak eskuratzea eta eraikitzea), instalazio teknikoak, makinak, tresnak, informazio-prozesuetarako altzariak edo ekipoak. Zenbatekoa diruz lagungarriak diren gastuen % 90 izango da, gehienez ere 6.000 euroko zenbatekoarekin.

Osteko programaren diru-laguntzak ondorengotza edo belaunaldi-erreleboagatik emango dira. Iaz bakarrik aurreikusten zen ondorengotza, langileek berek hartzen zutenean enpresaren ardura, baina aurten jardueraren jarraipenari berari eman zaio lehentasuna eta erreleboa pertsona fisikoek edo juridikoek ere egin ahalko dute. Instalazioek Eibarren finkatuta egon beharko dute eta ondorengotza edo belaunaldi-erreleboa 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindakoa izan beharko da. Ezinbestekoa izango da bideragarritasun/ondorengotza plan bat egina izatea, Debegesaren aldeko oniritziarekin.

Osteko programan, diruz lagunduko diren gastuak izango dira enpresa berriari lehen 6 hilabeteetan martxan jartzeko eta funtzionatzeko datxezkionak. Gastu hauek lagunduko dira diruz: jarduera ekonomikoari lotutako inbertsioak, errentamendu-gastuak (alokairuak), ondorengotza-protokoloa egitea enpresaren know how delakoaren transmisioa eta aholkularitza azpimarratuz. Zenbatekoa diruz lagungarriak diren gastuen % 90 izango da, gehienez ere 6.000 eurorekin.

Diru-laguntza hauek eskatzeko epea —hiru lan-ildoetan— 2017ko abenduaren 1ean amaituko da. Eskariak Pegoran entregatu beharko dira (Herritarren Zerbitzurak Bulegoa).