Eibarko Udala
Obra Plaza Barria Eibar lizitazio koexistentzia

Enkantera atera da Plaza Barria koexistentzia gune izatea ahalbidetuko duen obra; hala hobetuko da saltokien martxa eta oinezkoen mugikortasuna

2017/08/09
Proiektua lehiaketara atera da 275.000 euroan, 21 astean egiteko. Tartea Fermín Calbetón kalearen amaieratik Bidebarrieta kalearen hasierara joango da; saltokien espaloiak zabalduko dira, zorua berrituko da eta kalea moldatu, galtzada eta espaloiak altuera berean egon daitezen.

Aurten jarriko dira martxan Plaza Barria koexistentzia-gune bihurtzeko lanak, proiektua aurrera eramateko prozesuan egindako aurrerapausoaren ondoren. Tartea Fermín Calbetón kalearen amaieratik Bidebarrieta kalearen hasierara joango da, San Andres elizaren aurrean. Udalak ekainean onartu zuen proiektua eta argitaratu da lanak esleitzeko lehiaketa.

274.989 euroko aurrekontua dago (BEZa barne) eta 21 asteko epea lanak burutzeko. Beraz, espero da irailean lanak enpresa bati esleitzea, jarraian horiekin hasteko. Hala, lanak 2018ko lehen hilabeteetan amaitutzat emango lirateke.

Udalak gardentasuna sustatzen du hark burutzen dituen jardueretan, eta horregatik, arduradun politikoek eta teknikoek bilera egin zuten ekainean inguruko auzotar eta saltzaileekin. Bileran, proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten. Plaza Barriko lanak salerosketa jarduna duten kaleak eta oinezkoen guneak hobetzeko proiektuan sartuta daude.

Oinezko eta ibilgailu ugari ibiltzen da, Eibarko erdi-erdian dagoelako eta saltoki asko dagoelako bai Plaza Barrian baita inguruko kaleetan ere. Gauzak horrela, urteak dira kalea trafikoarentzako itxi egoten dela asteburuetan.

Udalak enkantera atera duen proiektuak honako lanak hartzen ditu: saltokien espaloiak zabaldu, gutxienez hiru metrora arte; eta kalea moldatu, galtzada eta espaloiak altuera berean egon daitezen. Zoruan bi motatako materialak egongo dira: espaloietan granitozko harlauzak eta galtzadan aglomeratu inprimatua. Horrez gain, hiri-altzari berriak jarriko dituzte, giroa atseginagoa izan dadin; eta, herritarrek hala eskatuta, zabor-edukiontziak tokiz aldatuko dituzte.

Lanen ondoren, galtzada estuagoa izango da orotara, bi alboetako aparkaleku mantenduko dira eta ibilgailuak igarotzeko errailak lau metro eta erdi edukiko ditu. Horrekin batera, Bidebarrietako zoladura eta espaloiko zuhaitzak berrituko dituzte, Plaza Barria eta Zuloagatarren kalea elkartzen diren tokian, San Andres elizaren plazatxoaren ondoan.

Inguruko zakar-ontziak berrituko dituzte, baita zutikako seinaleak ere eta 11 zuhaitz landatuko dituzte.

Kalea berritzeko lanak pauso bat gehiago dira oinezkoen mugikortasuna eta saltokien martxa laguntzeko asmoan. Pausoz-pauso ari dira zentroko kaleak koexistentzia gune bihurtzen: Toribio Etxebarria izan zen lehenengoa, eta beste batzuk moldatu zituzten gero: Egogain, San Agustin, Untzaga (Guridi zeharkalea), Estaziño, Zuloagatarrena edo Legarre.