Eibarko Udala
Altxa burua Eibar

“Altxau burua Eibar” Eibarko guraso-taldeak bultzatutako “Guria erabili zeinke” ekimenak martxa onean jarraitzen du

2025/06/18
Kartela.

Kanpainan parte hartzeko interesa duten establezimenduek eibar@altxaburua.eus helbidera idatzi behar dute.

Pasa den hilabetean “Altxau burua Eibar” elkarteak, Eibarko guraso-talde batek sortutakoa, “Guria erabili zeinke” ekimena jarri zuen martxan. Elkartearen helburu nagusia da adin txikikoei  smartphona emateko adina atzeratzea, harik eta haurrak eta nerabeak gailua erabiltzeko prestatuta egon arte.

Ekimenak —poliki-poliki gero eta partaide gehiago dituena— arrakasta izan du Eibarko establezimenduetan, zeinetan pegatina bat duten identifikazio gisa; alegia, pegatina hori ikusiz gero, haurrek badakite larrialdirik badute, establezimendu horrek telefonoa erabiltzeko aukera emango diela.

Uda gerturatu ahala, haurrek eta nerabeek gehiago erabiltzen dute mugikorra, denbora libre gehiago dute-eta. Hori ikusita, “Altxau burua Eibar” taldeak mugikorrik ez zegoen garaiko metodo analogikoak berreskuratu nahi ditu; esaterako, lagunekin geratu, betiko jolas eta jokoak bultzatu, eraikin publikoetako bitartekoak erabili, komunitatearekiko harremanak eta komunikazioa sustatu. 

Programa  Eibarko Udalaren lankidetzarekin abiatu zen. Gazteria Saileko buruak, Jon Pérez Illana zinegotziak, honela dio: “Kurtso amaiera eta uda bertan dira; ondorioz,  haur eta nerabe eibartarrek denbora libre gehiago izango dute. Gazteria Sailean  lanean ari gara haur, nerabe eta gazteei aukerak emateko aisialdian mugikorra gutxiago erabil dezaten. “Altxau burua Eibar”-ek elkarlana eta herritarren parte-hartzea bultzatzen du, beraz, Udalak dituen tresnak baliatuko ditu ekimenak arrakasta izan dezan ”.

Kanpainan parte hartzeko interesa duten establezimenduek eibar@altxaburua.eus helbidera idatzi behar dute datu hauek adieraziz: komertzioaren eta arduradunaren izena eta telefonoa. Behin izena emanda, establezimenduan jarri beharreko pegatina eskuratuko dute.