Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Emakume marrokiar talde batek Aisa harrera linguistikorako programan parte hartuko du

2016/08/25

AISA ikastaroak euskal kulturatik urrun dauden 16 urtetik gorako etorkinentzat antolatu dira. Ikastaroak urrian hasi eta 2017ko otsailean bukatuko dira, bi egun astean, 14:30etik 16:30era bitartean.

Eibarko Udalak harrera linguistikoa lantzen duen AISA programa ipiniko du martxan aurten euskara ikasi nahi duten etorkin helduentzat. Urte hasieran Toyor Al Jannah kultur elkarteko zenbait emakumek euskara ikasteko interesa adierazi zuten eta Eibarko Udalak, Gizartekintzako Immigrazio Arloa eta Udal Euskaltegiaren arteko koordinazioa sustatuz, AISA programa antolatuko du 15 emakume marrokiar horiek euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko.

Ikastaroak urrian hasi eta 2017ko otsailean bukatuko dira; guztira, 60 ordu beteko dituzte, bi egun astean, 14:30etik 16:30era bitartean. Irailean udal langileek eta elkarteko emakumeek bilera bat izango dute programaren ordutegia, lekua eta metodologia zehazteko.

HABE-k diruz laguntzen duen ekimena da, ondorioz, matrikulak 20€ balio du eta ikasliburuak matrikularen barruan sartzen dira. Guztira, 4 liburu eta 5 unitate didaktiko lantzen dira -lana, familia, hiria, janaria eta kirolak- eta oinarrizko hiztegi eleanitz bat erabiltzen dute -euskera, ingelesa, frantseza, árabea, bereberra eta txinera itzultzen ditu-.

AISA ikastaroak, etorri berriak diren pertsonei zuzenduta egoteaz gain, euskaratik eta euskal kulturatik urrun daudenentzat eta 16 urte baino gehiago dituztenentzat ere badira. Oinarrizko euskara ikasiz, euskal kulturara hurbiltzeko nahia dutenek Eibarko Udalaren Gizartekintza Sailera edo Udal Euskaltegira jo dezakete AISA programaren edizio berri bat antolatzeko.