Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik
Udalak abian jarri du hirugarren aldiz jarraian Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzen laguntzeko programa, herriaren jarduera ekonomiko eta industriala sustatzeko xedez.
Dirulaguntza eskatzeko, pertsona eta entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte, besteak beste: lanlekua Eibarren edukitzea; EJZn alta emanda egotea 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitartean; gutxienez lanpostu bat sortzea, sustatzailea barne; jarduera/enpresa altan mantentzea gutxienez 12 hilabetez; eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen dagokion gaikuntza-titulua aurkeztea Udalean. Etxebizitza batean edo enpresa-inkubagailu baten instalazioetan egiten diren jarduera ekonomikoek ere dagokion gaikuntza-titulua eskatu beharko dute.
Barne-ekintzailetzako prozesu baten ondorioz sortutako negozioen kasuan, lehen deskribatutako baldintzez gain, enpresaren aurretiazko jarduerari eutsi beharko diote eta JEZ bereizia izan beharko dute.
Dirulaguntza jasotzeko, beharrezkoa izango da, era berean, negozioak bideragarritasun-plan bat edo jarduera-memoria-proiektu bat izatea, Debegesak baliozkotua, Udalaren webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Udalak DEBEGESAri eskatuko dio baliozkotuta entregatzen ez diren enpresa-proiektuen dokumentuak baliozkotzeko.
Baldintzak betetzen dituen eskabide bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da. Kopuru hori handitu ahal izango da honako kasu hauetan: 500 € sustatzaileen edo bazkideen erdiak gutxienez emakumeak direnean; 500 € sortutako lanpostu bakoitzeko, pertsona sustatzaileak kontuan hartu gabe; 500 € Eibarko Udaleko 3 haztegi edo inkubagailuetako batean egoteagatik; 3.000 € sektore estrategikoetan kokatutako enpresak izateagatik; eta 1.500 € Errebalgo postu finkoetako batean kokatzeagatik. Laguntza horiek metatu ahal izango dira.
Eibarrentzat estrategikotzat jotzen diren sektoreak hauexek dira: industria, industriari atxikitako zerbitzuak, fabrikazio aurreratua, doitasun-ingeniaritza, digitalizazioa, klima-aldaketa eta energia jasangarria, fintech-a eta kirolari aplikatutako teknologia.
Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira: hileko alokairuaren % 50 lehen urtean, hileko 350 €-ko gehieneko kopuruarekin; lokala erostea (katastroko balioaren % 10, 5.000 €-ko gehieneko kopuruarekin); jarduera eskualdatzetik eratorritako gastuak (gehienez 5.000 €); edo negozioa abian jartzeko beste gastu eta inbertsio batzuk (gehienez 4.000 €). Azken kasuan, kontuan hartuko dira JEZn alta eman aurreko 12 hilabete eta ondorengo 6 hilabeteen arteko epean jaulkitako fakturak.
Eskabideak egiteko epea zabalik dago eta 2024ko azaroaren 29an amaituko da. Dirulaguntza-eskabideak elektronikoki egin beharko dira Udalaren web-orriaren bidez (www.eibar.eus), programaren oinarrietan eskatzen den dokumentazioa aurkeztuta.
Dirulaguntza-eskaera onartzen bada, laguntza ematen den unean % 70 ordainduko da, eta gainerako % 30a dirulaguntza justifikatu ondoren.