Eibarrek hurrengo hamarkadarako ibilbide sozialaren orria definitu du, elkarbizitzaren erronka dela-eta
Diagnostiko sozialaren arabera, zahartzea, etxebizitza eta gizarte-kohesioa dira lehentasunezko erronkak. Hilaren 21ean, jendaurrean jarriko da, 18:00etan, Osoko Bilkuren Aretoan.
Eibarrek bere errealitate sozialaren erradiografia zehatzarekin egingo die aurre datozen urteei. Gaurko egunean aurkeztutako Gizarte Diagnostikoak udalerriaren azterketa sakona egiten du, eta elkarbizitza jartzen du XXI. mendeko erronka handienetakotzat, biztanleriaren zahartzeak, gizarte harremanen aldaketek eta politika publikoak errealitate berrietara egokitzeko beharrak markatutako testuinguru batean.
Azterketak honakoak izan ditu oinarri: kalean egindako 500 inkesta baino gehiago, ordezkari politikoei eta gizarte-eragileei egindako elkarrizketak, foro parte-hartzaileak eta datu instituzionalen analisia, eta planteatzen duena da eredu tradizionaletatik, bertikalagoetatik eta arautzaileenetatik, formula irekiagoetarantz eboluzionatzeko beharra, herritarrek hiria eraikitzeko eginkizun aktiboa izan dezaten.
Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu duenez, “Eibar oso nortasun definitua duen hiria da, sustrai industrialak dituena eta pertenentzia sentimendu handia duena, baina aldaketa sozialek egokitzera behartzen gaituzte. Bizikidetza ez da bakarrik bermatzen: landu egin behar da, zaindu eta denon artean eraiki, publikotasunetik eta baita herritarren inplikaziotik ere”.
Dokumentuak posizio berezian kokatzen du Eibar, bai Debabarrenean duen kokapen estrategikoagatik, bai bere hiri-konfigurazioagatik. Orografiak —haran estu bat, lurzoru lau gutxirekin—hazkunde bertikala eta hiri-dentsitate handia baldintzatu ditu historikoki. Horri gehitu behar zaio zahartzeak markatutako egitura demografiko bat —%190 baino indize altuagoarekin— eta errealitate sozial gero eta anitzagoa.
Testuinguru honetan, diagnostikoak Europako hiri askotan dagoeneko badauden joerak identifikatzen ditu: indibidualismoaren gorakada, gizarte-lotura tradizional ahulak, zatiketa eta erakundeen eta herritarren arteko nolabaiteko distantzia. Hala eta guztiz ere, ikerketak oinarri sendo bat ere nabarmentzen du, sare sozial aktiboekin eta errotze maila handiarekin.
Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, “datuek errealitate konplexua islatzen dute. Arreta-sare indartsua eta konprometitua dugu, baina gero eta gehiago exijitzen dena. Zaurgarritasun egoerak anitzagoak dira eta erantzun malguagoak, hurbilagoak eta hobeto koordinatuak eskatzen dituzte”.
Azterketaren elementu esanguratsuenetako bat herritarren pertzepzioa da. Gehiengoak positibotzat jotzen du udalerriko bizikidetza, baina bada “erdipurdikotzat” jotzen duen portzentaje esanguratsu bat. Horrek adierazten du eguneroko ezinegona ez dela beti gatazka irekietan antzematen, baina eguneroko bizitzan, auzoetan eta bizilagunen arteko harremanetan aldaketak islatzen dituela.
Ezinegon hori gai zehatzetan agertzen da: garbitasuna, zarata, trafikoa, irisgarritasuna edo segurtasun ezaren pertzepzioa. Baita kezka handiagoetan ere, hala nola etxebizitza eskuratzeko aukera, bereziki gazteriarentzat, edo tokiko merkataritza pixkanaka galtzea, horrek hiriko bizitzan duen eraginarekin.
Halaber, txostenak agerian uzten du desberdintasunak daudela hiriko eremuen artean; izan ere, esku-hartze polizial eta sozial ugari egin dira Erdialdean eta Urkizun, besteak beste, eta gero eta desoreka handiagoa sumatzen da erdigunearen dinamismoaren eta auzo batzuen egoeraren artean.
Erakundeei dagokienez, ordezkari politikoek adierazi dute eredu arinago eta zeharkakoago baterantz aurrera egiteko beharra. Hobetzeko arlo nagusien artean, proiekzio ekonomikoa, bizi-kalitatea, azpiegiturak eta herritarren arteko harremanak nabarmentzen dira.
Aldi berean, gizarte-eragileekin eta udal-teknikariekin egindako foroei esker, hainbat kezka identifikatu dira: eskola-segregazioa, infraetxeak egotea, gazteentzako gune egokirik ez egotea, zahartzearen eragina edo administrazioa motela edo burokratikoegia izan daitekeelako sentsazioa.
“Erronka nagusia da erakundeak eskaerei erantzuten dien eredutik beste eredu batera igarotzea, zeinean, aurrekoaz gain, herritarrei aukerak eman eta lagundu egiten zaien inplikatu daitezen”, adierazi du Iraolak. “Kontua kudeatzetik harago doa, alegia, hiria modu partekatuagoan eta hurbilagoan eraikitzea da helburua”.
Diagnostikoak, gainera, hainbat mailari heltzeko beharra planteatzen du: politiko-teknikoa, gizarte antolatua eta asoziatu gabeko herritarrak. Maila anitzeko ikuspegi honek errealitate konplexu bati erantzun nahi dio, arazoak ezin baitira esparru bakar batetik landu.
Proposatutako jarduera-ildoen artean, hauek nabarmentzen dira: komunitate-lana sustatzea, bitartekaritza-espazioak sortzea, herritarren parte-hartzea indartzea, eta adin eta jatorri desberdinetako pertsonen arteko topaketa eta harremana bultzatuko duten ekimenak garatzea.
Hiriari dagokionez, zaintzan eta bizi-kalitatean zentratuago dagoen eredu baterantz aurrera egitea planteatzen da, etxebizitza hutsak birgaitzea, irisgarritasuna hobetzea, aisialdirako gune estaliak sortzea edo Txonta bezalako guneak birsortzea.
Era berean, azpimarratzen da zer garrantzitsua den, batetik, tokiko merkataritzari laguntzea, eta, bestetik, industriaren sendotasuna eta berrikuntzari eta zerbitzuei lotutako aukera berriak uztartzen dituen eredu ekonomiko bat bultzatzea.
Archelik azpimarratu duenez, “irtenbideak ezin dira soilik teknikoak izan. Entzun, ulertu eta pertsonekin lan egin behar dugu. Topaguneak erraztu behar dira, hesiak murriztu eta inor ez dela kanpoan geratuko bermatu, bereziki aldaketa sozial hain bizkorreko testuinguru batean”.
Dokumentua ideia argi batekin amaitzen da: Eibarrek oinarri sendoa du, baina hurrengo urteetako erronka da lotura sozialak indartzea, eguneroko bizi-kalitatea hobetzea eta politika publikoak eraldatzen ari den errealitate batera egokitzea.
“Eibarren etorkizuna ez da norabide aldaketa handiak egitea, daukaguna findu, zaindu eta hobetzea baizik”, gehitu du alkateak. “Asmoa da hiri atseginagoa, inklusiboagoa eta jada hemen dauden erronkei erantzuteko prest dagoena eraikitzea”.
Hilaren 21ean, jendaurrean jarriko da, 18:00etan, Osoko Bilkuren Aretoan.