Eibarko Udala
Zaporeak

Eibarrek bat egingo du Zaporeak proiektuaren erronka solidarioarekin, Lesboseko errefuxiatuen alde

2025/03/14
Zaporeak proiektuaren aurkezpena.
Zaporeak proiektuaren aurkezpena.

Ermuko Udalak prentsaurrekoa eskaini zuen asteazkenean, martxoak 12, Zaporeak proiektuaren aurtengo erronka solidarioa aurkezteko, zeinean Debabarreneko hainbat udalek parte hartuko duten.  Ekimenaren helburua da dirua eta elikagaiak biltzea, Lesboseko (Grezia) kanpalekuetan dauden errefuxiatuei janari duina ematen jarraitzeko.

Elikagaien bilketa martxoaren 24tik 28ra bitartean egingo da parte hartzen duten herri guztietan, baina aurten Ermua izango da ekimenaren anfitrioia. Eibarko kasuan, bilketa lokala, Maixa tabernaren aurrean, astelehenetik ostiralera irekiko da, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era.

Zaporeak ekimen solidario bat da, Greziako errefuxiatu-kanpalekuetan lan egiten duena, eta egunero milaka otordu prestatzen dituena oso egoera zaurgarrian dauden pertsonentzat. Boluntarioen lan nekaezinari eta erakundeen eta herritarren laguntzari esker jarraitzen du lanean.

Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu du beharrezkoa dela zerbait egitea errefuxiatu-eremuetan milaka pertsonak bizi duten larrialdi humanitarioaren aurrean. “Elkartasuna ez da keinu huts bat, elkartasuna erantzukizuna da.  Ezin ditugu begiak itxi dena galdu dutenen aurrean; gure laguntza behar dute egunero jateko. Zaporeak eta horrelako proiektuek gogorarazten digute duintasuna ere egunero elikatu behar dela, eta janari-plater bat itxaropen-izpia izan daitekeela zoritxarraren erdian", adierazi du Iraolak.

Eibarko Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu proiektuan laguntzera, dohaintzen bidez —Eibarko kasuan pardina dilista— edo ekimenaren zabalkundea eginez.