Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek bat egingo du beste behin ere Mugikortasunaren Europako Astearekin

2019/09/10

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak hainbat ekimen antolatu ditu irailaren 16tik 21era bitartean.

Eibarko Udalak Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du beste behin, oraingoan "oinez eta bizikletaz segurtasunez ibiltzea” lelopean.

Hala, eibartarren artean mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko asmoz, Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak hainbat jarduera antolatu ditu irailaren 16tik 21era bitartean.

Hasteko, astelehenean, irailak 16, ikastaro bat hasiko da Nordic Walking Bataioa izenekoa, Udal Kirol Patronatuak antolatua.

Bi saio egingo dira (astelehena, irailak 16, eta asteazkena, irailak 18) ordu eta erdikoak;  ikasleek jarduera horren onurak ezagutu eta "Nordic Walking"-aren lehen pausoan ematen ikasiko dute. Ikastaroa Unbeko kiroldegian izango da; horretarako, beharrezkoa izango da gutxienez 6 pertsonak izena ematea (15 asko jota). Eibarko Ingurumen Sailak interesatuta dauden eibartarrak animatu nahi ditu izena ematera eta kirol-diziplina hau ezagutzera.

Bi ordutegi egongo dira, 10:00etatik 11:30era eta 18:00etatik 19:30era, eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik izen-ematea Ipuruako Kiroldegian.  Izena emateko epea irailaren 9tik 13ra bitartean izango da.

Bestalde, asteartean, irailak 17, 18:30ean, Portaleko areto nagusian, “Islas para viajar en bici” izeneko ikus-entzunezko hitzaldian familia baten bizikleta-bidaiak erakutsiko dira munduko bost kontinenteetako irletan zehar, besteak beste, Islandia, Singapur, Kuba, Zeelanda Berria, Gore (Senegal), Ko Phi Phi Don (Thailandia), Galapagos… eta bizikletaz egindako familia-bidaiak antolatzen duten esperientzia azalduko dute. Hitzaldiak 60 bat minutu iraungo du eta gaztelaniaz izango da.

Irailaren 19an, ostegunean, IES UNI Eibar Ermua BHI-ko hezkuntza-komunitatea ordezkatuz, aurreikusita dago ehunka bat ikasle eta irakasle kalera irtetea mugikortasun iraunkorrago eta osasuntsuago bat aldarrikatzeko "Mugikortasun Jasangarriaren Martxa”-n.

Martxa IES UNI Eibar Ermua BHIn hasiko da 10:00etan eta Eibarko kaleak zeharkatu ondoren Untzaga plazan amaituko da, non ikasleek eibartarrak animatuko dituzten mugikortasun jasangarriarekin lotutako ekitaldietan parte hartzera.

Irailaren 20ean, ostiralean, Untzaga Plazan umeentzako jarduerak egongo dira 16:30etik 19:30era.

Hala, zirkuitu bat jarriko da Molto bizikletentzat (2 urtetik aurrera) eta kartsentzat (4 urtetik 12 urtera), nahi duten neska-mutikoek aukera izan dezaten beren trebetasuna probatzeko eta haientzat propio pentsatutako zirkuituak gainditzeko.

Halaber, 4 urtetik gorakoek eskulan-tailerrera jo ahalko dute eta bertan giltzatakoak egin bizikleta-kamera eta –kateak erabiliz; bizikletentzako zakutoak egingo dira eta bizikletarekin eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako ilustrazioak pintatuko dira.

Egun horretan bertan, arratsaldeko 18:00etan, NORDIC WALKING MARTXA bat egingo da 4 bat km-koa, "Eibar Ibili" zirkuitu gorritik, herriko bide osasuntsuen saretik, Untzagatik hasita.

Interesatuek egun horretan bertan eman ahalko dute izena, martxari ekin aurretik, 17:00 eta 17:45 arten Untzaga plazan. Makilak lagatzeko (30 plaza gehien jota) NANa aurkeztu beharko da. Parte-hartzaileei kamiseta bat oparituko zaie.

Eta azkenik, zapatuan, irailak 21, Untzaga plazan 10:00etatik 14:00etara, martxan jarriko dugu bigarren eskuko bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen salerosketa-azoka.

Azoka hau bigarren urtez jarraian egingo da, 2018an oso harrera ona izan ondoren. Azokaren arrakasta guztien parte-hartzean datza, izan ere, bere helburu nagusia da erabilitako bizikletak eta beste objektu batzuk berrerabiltzea (patineteak, trizikloak, kaskoak, umeentzako bizikleta-jarlekuak eta erremolkeak, etab.). Beraz, herritar guztiak gonbidatuta daude salerosketa-azoka honetan parte hartzera.

Parte hartzeko, saldu nahi diren bizikleta edo bestelako gauzak (patinak, patineteak, etab.) ekarri behar dira irailaren 21ean, zapatuan, goizeko 8:30ak eta 10:00ak artean.

Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta, saltzaileak egoki deritzon prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Nahi adina objektu laga daitezke gordailuan. Antolaketaren taldea arduratuko da hura zaindu eta saltzeaz, merkatua zabalik dagoen bitartean.

Ez da onartuko 500 eurotik gorako preziorik. Zerbitzua doakoa izango da.

Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak azokara itzuliko dira salmentaren zenbatekoa jasotzera edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.

Merkatu honen bidez, eibartarren mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain, “Ekonomia Zirkularra”-ren beste kate-begi bat bihurtzen gara, aukera emanez behar edo nahi ez ditugun objektuak erosteko eta, hala, bigarren bizitza bat eskainiz, berehala Garbigunen amaitzea saihestuz.

Gaiari buruzko informazio gehiago nahi duenak honako telefono zenbaki honetara jo dezake: 943670249.

Halaber eta goiz osoan zehar, Untzaga plazan bizikletak konpontzeko doako tailer bat zabalduko dugu.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu aurten Pedalaren Eguna, Eibarko Txirrindularien Elkarteak antolatua, urrian egingo dela, eta ez Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearen hasierarekin batera, orain arte egin den bezala. Hortaz, aurrerago ere egingo dira jarduera gehiago bizikletaren erabilera sustatzeko.  

Jarduera hauekin guztiekin, eta Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin bat eginez, Udalak, beste behin, herritarrei gogorarazi nahi die zer onura dakarren oinez, bizikletaz eta antzekoez ibiltzeak, eta zer onura ekartzen dion baita gure inguruneari; izan ere, igorpen ezaz gain, oso inpaktu positiboa eragiten dute kirol hori egiten dutenen osasunean.