Eibarko Udalaren lehen Komunikazio Plana prest

Eibarko Udalaren lehen Komunikazio Plana prest

Ana Telleria, Gobernua Zabalik Ordezkaritzako arduraduna.

2017/02/20

Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko abenduaren 23an egindako bilkuran onartu zuen 2016-2019 Komunikazio Estrategia. Helburua da erakundearen barne eta kanpo komunikazioa hobetzea eta beharrezkoak diren erremintak ezartzea, Udala hiritarrei gehiago hurbiltzeko. Barne mailan, udal langileen arteko harremanak hobetzeko hainbat jarduera burutuko dira. Kanpora begira, berriz, herritarren eta Udalaren arteko harremanak ere hobeak izan daitezen beste horrenbeste ekimen gauzatuko dira.

Eibarko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2016-2019 Komunikazio Plana edo Estrategia onartu zuen 2016ko abenduaren 23an egindako bilkuran, erakundearen barne eta kanpo komunikazioa hobetzeko xedearekin. Plan horren baitan proposatu diren jarduera-eremuak bi izango dira: barne mailan, Udala bera –udal langileak, Gobernu taldea eta oposizioko alderdiak barne- eta kanpora begira, hiritarrak eta hedabideak.

Aipatutako Estrategiaren bitartez honako hau lortu nahi da: beharrezkoak diren mekanismoak ezartzea komunikazio eraginkorra eta kalitatezkoa lortzeko, bai Udal barruan, bai hiritarrekin. Hala, baliabideak garatu nahi dira Udaletik sortzen diren harremanak eta komunikazioak modu zuzenagoan eta gardentasunez burutu daitezen. Gainera, proiektu honen bidez, Udaleko barne komunikazioa hobetzeko erremintak ezarri nahi dira.

Komunikazioaren diagnosia

Proiektua abian jarri zenean landutako lehen ekimenetako bat izan zen udal langileei, Alkateari eta udal ordezkaritza duten alderdi politikoen bozeramaileei egindako elkarrizketa-zikloa –2016ko otsailetik maiatzera bitartean–, Udalaren egoeraren analisia egiteko komunikazio alorrean. Guztira, 46 elkarrizketa egin ziren. Horrez gain, udal langileei eta hautetsiei zuzendutako 88 gogobetetze inkesta jaso ziren Udaletxe barruan. Kanpo-eremuan, berriz, hiritarrei zuzendutako gogobetetze inkesta prestatu zen, Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko helburuarekin, eta proiektuaren gainontzeko puntuen idazketaren aurreko analisia osatzeko. Guztira, 226 jaso ziren, Pegoran, Udal liburutegian, Armagintzaren Museoan eta udal webgunearen bitartez. Bestalde, 2016ko maiatzean tokiko hedabideekin eztabaida talde bat egin zen beren ekarpenak kontuan hartu ahal izateko.

Komunikazio gaietan erakundearen egoeraren analisia egin eta gero aurkitu diren zailtasun nagusiak honakoak dira: barne komunikazioaren planifikazio urria; herritarren ezagutza desegokia Udalaren tramite, zerbitzu eta jarduerei dagokienez; udal gardentasunaren komunikazio moderatua; udal-webgunearen orrialde nagusia eta barruko zenbait atal gutxi eguneratuta; inplementazio moderatua sare sozialetan eta agerpen moderatua komunikabideetan.

Landuko diren ekimenak

Analisia egin ostean, komunikazio proiektuak bere baitan hartzen ditu honako helburu estrategiko hauek: 2017-2019 denboraldian erakundearen barne komunikazioa optimizatzea % 30ean eta datozen bi urteetan kanpo komunikazioa % 30ean hobetzea. Aipatutako helburuak betetzeko, udal langileen arteko harremanak eta udal sail eta zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko jarduerak ipiniko dira abian, baita Udalaren eta herritarren arteko erlazioak hobetzeko ere.

Barne mailan, udal sailen, zerbitzuen, unitateen, proiektu lantaldeen eta gobernu-organoen bilerak sustatuko dira eta, besteak beste, barne erabilerarako gidak (beharginendako eskuliburu edo gidaliburua, krisi komunikazioaren eskuliburua…) eta bi urtean behin udal langileei zuzendutako gogobetetze inkestak egingo dira.

Kanpo komunikazioa hobetzeko, berriz, honako ekimen hauek garatuko dira: www.eibar.eus udal-webgunearen eguneratzea –orrialde nagusia eta barruko atalak–; gardentasunaren atari berriaren sorrera udal web-orrian ‘Gobernua Zabalik: Gardentasuna, herritarren partaidetza eta datu irekiak’ izenburupean –aldi berean, eibar.gipuzkoairekia.eus web orriarekin lotuta egongo da–; udal aurrekontuak formatu labur, bisual eta ulergarriagoan erakusteko web aplikazioaren sorrera; udal gardentasunaren inguruko komunikazio-kanpaina; Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan, pantaila informatibo baten ezarpena; turismo mikrositearen sorrera; Udalaren app edo aplikazioa mugikorrentzat erakundearen zerbitzu eta jarduerak erakusteko eta herritarrei beren kexak edota iradokizunak egiteko; panel informatiboen ezarpena hiriko toki ezberdinetan; Zerbitzu Gutunen sorrera eta sare sozialen hobekuntza plana –udalaren kontu ofizialak eta sailetakoak –.

Aipatutako azken jarduerari dagokionez, sare sozialen hobekuntza planari dagokionez, bi berritasun izango dira: Udalaren kontu ofizialaren sorrera Instagram sare sozialean eta udalbatzak hilero egiten dituen bilkuren kontaketa edo narrazioa Twitter bidez. Helburua da sare sozialen erabilera herritarren artean sustatzea eta Udala bera herritarrei gehiago hurbiltzea. Argitaratzen diren tuit edo txioak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira eta udalbatzaren osoko bilkuretan lantzen diren gaiekin harreman zuzena izango dute –lan batzordeetako gaiak, mozioak…– baita hautetsiek egiten dituzten adierazpen aipagarrienekin ere.

Erreminta berri horrek, Twitterrek, osoko bilkuretan gertatzen dena zuzen-zuzenean kontatzeko abagunea emango du, puntuz puntu, 140 karakteretan. Aldi berean, eta ohikoa denez, udalbatzaren saioak zuzenean ikusi ahal izango dira udal-webgunearen edo mugikorren bitartez. Twitterren udalbatzaren saioak kontatzeko #UdalbatzaEibar eta #PlenoEibar etiketak edo hashtag-ak erabiliko dira. Ekimen horrek berrikuntza, parte-hartzea, gardentasuna eta udal informazioaren irisgarritasunaren aldeko apustu berria suposatzen du.

Udal komunikazio planak biltzen dituen jarduera batzuk aurrera eraman ahal izateko, Gobernu Taldeak Aurrekontuen Proiektuan 44.106,62 euroko aurrekontu-sail bat sartu du; 2017ko udal aurrekontuak onartzeko egingo den osoko bilkuran ontzat eman beharko dute.

Aurreko lerroetan aipatutako ekimenak garatu bezain laster, jarduera bakoitzaren jarraipen sakona egingo da. Horretarako, ebaluazio metodo desberdinak ezarriko dira: komunikabideetan eta 2.0 webean izandako eragina; inkestak; sakontasuneko elkarrizketak; eztabaida taldeak eta proposatutako helburuak lortzea aldez aurretik proiektuan ezarritako adierazleen bitartez.

Gobernua Zabalik Ordezkaritzako arduradun Ana Telleriak adierazi duenez, “Udalak komunikazioa hobetzeko daukan konpromiso sendoak ahalbidetu du plana giza baliabide eta baliabide tekniko propioekin garatu ahal izatea”.