Eibarko Udala
lizitazioa garajeak

Eibarko Udalak Ipuruako garajeak esleitzeko behin betiko zerrenda onartu du, zozketa egin ondoren

2026/06/18
Santaines kalea.

Udalak onetsi egin du aparkaleku berriko 38 plazak esleitzeko prozeduran onartutako pertsonen behin betiko zerrenda. Plazak aukeratzeko ordena zehazteko zozketa publikoa datorren astelehenean, ekainak 22, egingo da eguerdiko 12:00etan udal pleno aretoan.

Eibarko Udalak gaur onartu du Ipuruako Anexoaren etxabeetan dagoen aparkalekuko garaje-plazak esleitzeko prozeduran onartutakoen behin betiko zerrenda. Tramite honekin amaitzen da eskabideak berrikusteko fasea, eta ondoren zozketa publikoa egingo da, plazak aukeratzeko ordena zehazteko.

Deialdiak interes handia piztu du herritarren artean, batez ere Ipurua auzoko bizilagunen artean. Izan ere, aparkalekua izatea da inguru horretako bizilagunen eskaera nagusietako bat. Prozeduraren arabera, 37 plaza arrunt eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako plaza bat esleituko dira, guztiak Santa Ines kaleko aparkaleku berriaren erdisotoko solairuan.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “gaurkoa urrats garrantzitsua da Ipuruan aspaldi eskatzen ari ziren  azpiegitura bat herritarren eskura jartzeko. Eskaerak aurkezteko eta berrikusteko prozesu osoa amaitu ondoren, behin betiko zerrenda onartu eta auzoko familia askoren mugikortasuna eta egunerokotasuna hobetzen lagunduko duten plazak esleitzeko bidean gaude”.

Era berean, Iraolak adierazi duenez, “proiektu honek inguru honetako aspaldiko eskaera bati erantzuten dio eta auzotarren benetako beharrei konponbide zehatzak eskaintzeko udalak duen konpromisoa erakusten du”.

Bestalde, Luis Vicente Castellanos Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “gardentasun, berdintasun eta segurtasun juridikoko berme guztiekin bideratu da prozedura. Behin betiko zerrenda onartzeak aukera ematen digu plazak aukeratzeko azken faseari ekiteko”.

Hurrengo urratsa zozketa publikoa egitea izango da (ekainak 22, astelehena), plazak aukeratzeko ordena ezartzeko. Ondoren, parte-hartzaileei dei egingo zaie lortutako emaitzaren arabera dagokien plaza aukeratu dezaten.

Plazen emakidak 50 urteko iraupena izango du, eta aparkalekutik gertuen dauden kaleetan bizi diren pertsonei lehentasuna emanez diseinatu da, deialdian ezarritako irizpideen arabera.