Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak herritarrak informatzen eta entretenitzen jarraituko du konfinamendu-aldian, sare sozialetan dituen kontu ofizialen bidez

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2020/03/24

Herritarrek gertutik jarraitu ahal izango dituzte, inoiz baino gehiago, egunero argitaratzen joango diren edukiak, Udaleko arlo, zerbitzu edo unitateetako Facebook, Twitter edo Instagrameko kontuen bidez. Helburua da herritarrak informatuta eta entretenituta mantentzea, egunero eskainiko diren jolas eta material didaktikoen bidez, eta bizi dugun konfinamendu-aldi hau eramangarriagoa egitea, koronabirusaren krisia dela eta.

Eibarko Udalak, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Estatuko gainerako administrazio publikoek bezala, prebentzio-neurri ugari hartu behar izan ditu COVID-19k sortutako osasun-krisiaren aurrean. Horien artean, arlo, zerbitzu eta unitate guztietan jendearentzako arreta etetea aipatu daiteke. Hala eta guztiz ere, zerbitzuak eskaintzen jarraituko da Udalaren kanal elektronikoen bidez (www.eibar.eus), telefonoz, 010 edo 943.70.84.00 telefonoetara deituz, arlo bakoitzak duen posta elektronikoaren bidez, eta, jakina, sare sozialen bidez. Hain zuzen ere, azken horietan egingo da arreta berezia, konfinamendu-egun hauetan, herritarrak informatuta eta entretenituta egon daitezen gure hiriko hainbat alderdiri buruz, bai eta udaleko sailen jarduera, plan eta programa ugariri buruz ere.

Udalaren kontu ofizialen bidez, Facebook, Twitter edo Instagram bezalako sare sozialetan, eibartarrek egunero jarraitu ahal izango dituzte egiten diren argitalpenak, eta, orain arte bezala, gehien interesatzen zaien arloarekin elkarreragiteko aukera izango dute. Horrez gain, aipatutako kontu horietako batzuetan egingo diren zozketetan parte hartzeko eta sari interesgarriak lortzeko aukera izango dute.

Facebook, Twitter, Instagram eta Youtube sareetako 'Eibarko Udala' kontu ofizialaz gain, honako kontu sektorial hauek dauzka Udalak gaur egun: Eibarko Euskara (Facebook eta Twitter); Eibarko Udal Euskaltegia (Facebook); Eibarko Kultura (Facebook eta Twitter); Eibarko Haurreria eta Gazteria (Facebook eta Instagram); Eibarko Liburutegia (Facebook, Twitter, Instagram eta Youtube); Armagintzaren Museoa (Facebook, Twitter, Youtube eta Pinterest); Ego Ibarra (Twitter); Eibar Zabalik (Facebook eta Twitter); Andretxea (Facebook, Twitter eta Instagram); Eibarko Musika Eskola (Facebook eta Youtube); eta Udal Artxiboa (Youtube).

Informazioa eta entretenimendua, klik bakarrean

Udalaren kontu ofizialen bidez, "Eibarko Udala" izenpean, gaurkotasun informatiboari buruzko gai nagusiak eskaintzen jarraituko da, hala nola koronabirusarekin, gure hiriarekin edota udal sailekin zerikusia dutenak.

Bestalde, eta gizarteak bizi duen egoera gogorra lasaitzen laguntzeko eta girotzeko, gainerako kontu sektorialek hainbat eduki ludiko, entretenigarri eta informatibo jasoko dituzte, publiko guztiei zuzenduta. Hala, Kultura ("Eibarko Kultura") eta Gazteria ("Eibarko Haurreria eta Gazteria") arloetako kontu ofizialen bidez, adibidez, "Altxorraren bila" jolasa jarriko da abian, eta horren bidez, eibartar pertsonaiei, eraikin enblematikoei edo gure hiriarekin zerikusia duten hainbat gai kulturali buruzko galderak egingo dira. Sarituek gonbidapenak jasoko dituzte aurrerago antolatuko diren kultur ekitaldietara joateko.

Euskara sailak, bere aldetik, bost minutuko ikastaroak argitaratuko ditu bere kontuetan, bai eta euskara ikasteko oinarrizko hiztegiari buruzko pilula txikiak eta arlo horrek azkenaldian egindako zenbait argazki eta bideo ere.

Juan San Martin Udal Liburutegiak E-Liburutegiari buruzko gomendio bibliografikoak egingo ditu gazteentzat eta helduentzat (Internet bidez eduki digitalak irakurtzeko aukera ematen duen plataforma, streaming bidez, ordenagailuz edo gailu mugikorretan), orain arte egindako ipuin kontalarien saio batzuei buruzko bideoak partekatuko ditu, baita azken urteetako poema onenetako batzuk ere.

Ego Ibarra Batzordeak Twitterreko bere kontuan partekatuko ditu gure hiriko eraikin industrialei buruz www.egoibarra.eus bere webgunean argitaratuko dituen albisteak, webgune horretatik deskarga daitezkeen liburuak, Euskal Herriko Itzuliaren historiari buruzko berri bat eta 2020ko edizioa bertan behera uzteari buruzkoa, besteak beste.

Armagintzaren Museoa ere ez da atzean geratuko bizi dugun alarma-egoera honek irauten duen bitartean, eta bere jarraitzaileak animatuko ditu Museoari eta Eibarko industriari buruzko galderak eginez, material didaktikoa eskainiz eta baita bilduma zabal eta askotarikoaren piezei buruzko informazioa argitaratuz ere.

Berdintasun Arloak, Andretxearen bidez, egunero hainbat jokori buruzko galderak egingo ditu, hala nola, "Jolas elkartuak" eta "Tribial Feminista", eta aurreko eguneko erantzunak argitaratuko ditu egunero. Gainera, genero eta berdintasun gaiei buruz dauden eskuliburu eta baliabide bibliografiko batzuk zabalduko dituzte, eta gure gizartean nabarmendu diren emakumeen datu biografikoak partekatuko dituzte, besteak beste.

Gainerako kontu ofizialek, hala nola, Udal Euskaltegiak ("Eibarko Udal Euskaltegia"), Immigrazioak ("Eibar Zabalik"), Juan Bautista Guisasola Musika Eskolak ("Eibarko Musika Eskola") edo Udal Artxiboak, jarraitzaileei informazioa ematen eta entretenitzen jarraituko dute, beren edukiak argitaratzen eta interes bereziko beste hainbeste partekatzen.

Era berean, Eibarko Udalaren aplikazio mugikor berriaren bitartez, "Eibarko Udala" izenekoa, herritarrentzat interesekoak izan daitezkeen gai eta abisu guztiak bidaltzen jarraituko du udalak, alerta-sistema baten bidez; herritarrek askatasun osoz konfiguratu ahal izango dute, lehentasunezko gaien arabera. Aplikazioa iOS eta Android dendetan dago eskuragarri, eta herritarrek bide publikoko gorabeherei buruzko kexak, iradokizunak edo oharrak Udalari bidaltzeko ere balio du.