Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak hainbat neurri sozioekonomiko jasotzen dituen plana onartu du, sektore ezberdinei laguntzeko

Miguel de los Toyos Eibarko alkatea, udal taldeetako bozeramaileekin batera.

Miguel de los Toyos Eibarko alkatea, udal taldeetako bozeramaileekin batera.

2020/05/14

Covid-19tik eratorritako egoera nolabait arintzea da helburu nagusia. Eta, horretarako, neurri-sorta berezi bat prestatu da, 2,6 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin, industriara, merkataritzara, ostalaritzara eta gizarte-arlora bideratua. Udaleko talde politikoek elkarrekin lan egin dute hartutako neurriak garatzen, aipatutako kolektiboen alde egiteko.

Eibarko Udalak arlo sozioekonomikoan hartutako neurriak jasotzen dituen plan bat onartu du, bi milioi euro baino gehiagokoa, kaltetuen izan diren gure gizarteko kolektiboei laguntzeko, Covid-19tik eratorritako egungo krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren ondoren.

Miguel de los Toyos alkateak, Udaleko gainerako talde politikoetako bozeramaileekin batera, gaur, osteguna, maiatzak 14, Udaletxeko Pleno Aretoan egindako agerraldi publikoan adierazi duenez, helburu nagusia da "hainbat sektorek, hala nola, merkataritzak, industriak, ostalaritzak eta baita gizarte-esparruak bizi duten egoera tragikoa arintzea, egungo osasun-krisiak, Covid-19k eraginda. Ildo horretan, "Lehentasuna pertsonak" direla esan du; eta oposizioko kide guztiek aho batez babestu dituzte adierazpen horiek.

Neurri sorta ezberdinak

Horrela, eta gizarteko sektore guztiei laguntzeko asmoz, hainbat neurri sorta zehaztu dituzte alderdi politiko guztiek batera onartutako agirian.

Jarduera ekonomikoari laguntzeko zuzeneko diru-laguntza

Lehenengoak jarduera ekonomikoa babesteko zuzeneko diru-laguntza aipatzen du, guztira 700.000 euroko aurrekontua duena. Beren konturako langileentzako, autonomoentzako edo mikroenpresentzako zuzeneko laguntza ekonomikoa da, zerbitzu horiei likidezia emateko helburuarekin, jarduerari eusteko, eta zenbait gastutan laguntzeko, hala nola alokairua, kontsumoak, hornitzaileei ordaintzea, autonomoen kuotak edo galduko den udaberri-uda sasoirako genero-hornikuntzagatiko gastuak.

Era berean, laguntza hori bateragarria da beste erakunde batzuek ezar ditzaketenekin, betiere beste erakundeak ere hala adierazten badu (Lanbideren laguntzak, batez ere). Bateraezintzat jotzen bada, onuradunak laguntzetako bat aukeratu beharko du.

Jarduera itxietarako, laguntza 800 eurokoa izango da, eta fakturazioaren % 50 baino gehiago galtzen duten jarduera irekietarako (merkatu plaza barne), 400 eurokoa. Halaber, oinarrizko laguntzei hainbat osagarri aplikatuko zaizkie, 50 eta 300 euro artekoak, kasu bakoitzaren arabera. Edonola ere, jarduera itxietarako gehieneko muga 1.600 eurokoa izango da, eta 800 eurokoa fakturazioaren % 50etik gorako galerak dituzten jarduera irekietarako.

Ostalaritza eta merkataritza

Era berean, ostalaritzaren eta merkataritzaren esparruan, Alarma Adierazpenaren ondorioz jarduera murrizten duten neurriek gehien kaltetzen dituzten sektoreetan, beste neurri batzuk proposatu dira, guztira 1.005.000 eurokoak. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Umeak Eskolara eta Dirulaguntzak Ikasleei programetako 295.000 euroko ekarpenak, ekarpen publiko-pribatuko (bezeroa-administrazioa) erabilera-epe handiagoko kontsumo-bonuen jaulkipena (50/50 eta 250.000 euro, hurrenez hurren) eta atzerapen orokorren osagarri diren neurri fiskalak (195.000 euro).

Industria-sektorea

Industria-sektoreari dagokionez, zalantzarik gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren ekimenak izango dira sektore horri berariaz lagunduko diotenak, baina tokiko ekimenak ere planteatu dira, sektorerik garrantzitsuenaren aurrean, gure inguruko ikuspuntu estrategikotik. Horrela, telelanaren jarduera sustatzea eta langileen plantillak mantentzea proposatzen da. Zehazki, irailaren 30ean alarma-egoera ezarri aurretik zuten plantillari eusten dioten enpresek 5.000 euro (20 langile baino gutxiago badituzte), 10.000 euro (20 eta 50 langile artean) edo 15.000 euro (50 langile baino gehiago) jasoko dituzte. Atal honetan 250.000 euro inguru bideratuko dira.

Gizarte Ekintza

Dagoeneko proposatu diren neurrietako batzuek eragin zuzena dute, ikuspegi ekonomikotik, gizartean oro har (horren adibide dira Umeak Eskolara, Dirulaguntzak Ikasleei eta kontsumorako bonuak), baina Eibarko Udalaren ustez, krisialdi honek, agian, gogorrago eragingo die kolektibo ahulenei.

Hori dela eta, plan honetan ezarri nahi diren ekimen batzuk dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) aurreikuspena osatzea Udalak egingo duen ekarpen batekin, enplegu-planak, Udalak zuzenean kontratatuta, edo Eibar-Ermua Gurutze Gorriarekin lankidetzan aritzea, herritar guztiei gutxieneko beharrak betetzen zaizkiela bermatzeko.

Gizarte-arloko laguntzen atal honetan, 690.000 euro inguru bideratuko dira.

Azkenik, alkateak aurreratu duenez, "Onartutako dokumentuan aurreikusitako ekimenen batean kreditua agortzen ez bada, soberakina plan honetako beste ekimen batera edo batzuetara bideratzeko konpromisoa hartzen dugu. "

Halaber, "Partidetako bat krediturik gabe geratzen bada, eta eskatzaileak eta balizko onuradunak artatu gabe badaude, dagokion partida behar den kopuruan handitzeko konpromisoa hartzen dugu", gaineratu du.