Eibarko Udala
hitzarmena

Eibarko Udalak eta Euskal Trenbide Sareak hitzarmen bat sinatu dute Estaziño-Azitain pasealekua birnaturalizatzeko

2026/05/20
Artxiboko irudia. Estaziño-Azitain trenbidearen gaiñeko pasealekua.
Artxiboko irudia. Estaziño-Azitain trenbidearen gaiñeko pasealekua.

Akordioaren bidez, aurrera egin ahalko da trenbide gainean eraikitako hiri-korridore berriaren ingurumenaren eta paisaiaren integrazioan. Oinez ibiltzeko eta mugitzeko espazio berdeago, irisgarriago eta atseginago bat sortzearen alde egiten du proiektuak.

Eibarko Udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Estaziño-Azitain pasealeku berriaren ingurumen- eta paisaia-integrazioko lanak egiteko, Bilbo-Donostia trenbidearen linea hiritik igarotzen den zati estalian.

Akordioari esker, ingurunea zaharberritzeko eta egokitzeko jarduerak egin ahal izango dira, hiri-espazio berri hau herritarrentzat atseginagoa, jasangarriagoa eta irisgarriagoa izango den pasealeku bihurtzeko. Landaretza, itzal-eremuak, eta ingurumen- eta paisaia-kalitatea hobetzen lagunduko duten elementuak jarriko dira. Aurreikusitako aurrekontua 687.531,07 eurokoa da, eta lan horiek egiteko epea, gutxi gorabehera, bost astekoa da.

Hitzarmenak, gainera, bi erakundeen arteko ardura-banaketa zehazten du. Eibarko Udalak bere gain hartuko du pasealekua ingurumenean eta paisaian integratzeko proiektua idaztea eta garatzea, eta ETS, berriz, aurreikusitako obrak kontratatzeaz, gauzatzeaz eta finantzatzeaz arduratuko da.

Jarduketa hau Estaziño eta Azitain arteko bideak estaltzearekin lotutako hiri-eraldaketako prozesuaren parte da. Pasealeku horri esker, herritarrentzako espazio berriak sortu, eta udalerriko gune desberdinen arteko oinezkoentzako lotura indartu da. Ireki zenetik, oso harrera ona izan du herritarren artean, eta egunero ehunka herritarrek erabiltzen dute, bai mugitzeko, bai paseatzeko, bai inguruaz gozatzeko.

Pasealeku berria hiriko gunerik erabilienetako bat bihurtu da oso denbora gutxian, eta, oinezkoen mugikortasuna hobetzeaz gain, Eibarko auzoak lotzeko aukera eroso eta segurua eskaini du.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “hitzarmen hau beste aurrerapauso bat da Eibarko hiri-eraldaketan eta baita hiri bizigarriago eta berdeago baten alde egiten dugun apustuan ere”.

Iraolak adierazi duenez, gainera, “herritarrek pasealeku berriari emandako erantzuna oso positiboa izan da lehen egunetik. Egunero makina bat jende ikusten dugu espazio hori erabiltzen; horrek erakusten du halako jarduerek hiriaren benetako premiei erantzuten dietela”.

Alkateak gaineratu duenez, “urte askoan trenbidearen trazadurak Eibarko hiri-garapena baldintzatu du, eta gaur egun saiatzen ari gara espazio horiek aukera bihurtzen, mugikortasuna hobetu, elkarguneak sortu eta bizi-kalitatea irabazte aldera”.

Hauxe azpimarratu du: “Orain helburua da ingurune hori hobetzen jarraitzea, eta landaredi eta itzalgune gehiago sartzea, pasealekua are atseginagoa izan dadin eta etorkizuneko klima- eta hiri-erronkei aurre egiteko prest egon dadin”.

Antonio López Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak eta ETSk lanean dihardute trenaren hiri-integrazioek mugikortasuna ez ezik herritarren bizimodua ere hobetzeko, eta ingurune atsegin eta irisgarriagoak sortzeko. Eibar horren adibide garbia da, erakutsi baitu posible dela trenbide-azpiegitura herrian modu humanoagoan eta espazio publikoarekiko harmonian txertatzea”. 

Bestalde, Pedro Escribano Obretako zinegotziak hauxe adierazi du: “Proiektu honek  ahalbidetuko du beste urrats bat ematea pasealekua herritarren egunerokotasunerako kalitatezko espazio gisa sendotzeko”. “ETSren eta Udalaren arteko elkarlanak ingurua nabarmen hobetzea ahalbidetuko du, jasangarritasun, irisgarritasun eta hiri-integrazioko irizpideekin”. “Asmoa da pasealekua erosoagoa eta erakargarriagoa izatea, urte osoan zehar erabilera atseginagoa egingo duten soluzioak txertatuz”, gaineratu du Escribanok. 

Hitzarmenak ETSren eta Udalaren arteko lankidetza-esparrua ezartzen du, aurreikusitako jarduerak koordinatzeko eta trenbidearen hiri-integrazioa hobetzeko. Era berean, bi erakundeek elkarrekin arituko dira obren garapenari jarraipena egiten, behar bezala gauzatzen direla bermatzeko.