Eibarko Udala
gizartekintza

Eibarko Udalak esku-hartze sozioedukatibo goiztiarra indartuko du “Kale proiektua” programaren bidez

2026/05/25
Logotipoa.

Udalaren ekimen honetan, arriskuan dauden 10 eta 18 urte bitarteko adingabeekin lan egiten da, haien integrazio sozial eta komunitarioa bultzatzeko. Programak prebentzioaren, hezkuntza-akonpainamenduaren eta erakundeen, familiaren eta hezkuntza-komunitatearen arteko lan koordinatuaren alde egiten du.

Udalak ingurune irekiko esku-hartze sozioedukatiboaren aldeko apustua indartu du, arriskuan dauden 10 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako “Kale proiektua” programa finkatuz. Ekimena Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek bultzatu dute, eta hauxe du helburu: gazteen integrazioa erreal, egonkor eta positiboa ahalbidetzea, prebentziozko eta hezkuntza arloko akonpainamenduaren bidez.

Programa banakako, taldeko eta ingurune irekiko esku-hartzeen bidez egiten da, adingabeen gaitasun pertsonal eta sozialak indartu, familia- eta eskola-loturak hobetu, eta haien autonomia eta parte hartzea sustatzeko.

Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu du esku-hartze goiztiarra “lehentasun estrategikoa” dela Udalarentzat. “Zenbat eta lehenago jardun, orduan eta aukera gehiago ditugu larritasun handiagoko egoerak saihesteko. Programa honek aukera ematen digu nerabeak dauden lekuan egoteko, hurbiltasunetik laguntzeko, eta haiekin batera parte hartzeko eta garatzeko benetako aukerak eraikitzeko. Udal honentzat, haurrak eta nerabeak babestea eta laguntzea ez da aukera bat: ardura politiko eta sozial bat da”, adierazi du.

Archelik azaldu duenez, gainera, proiektuak “zailtasun puntualei erantzuteaz gain, adingabe bakoitza bizitza komunitarioan erabat integratzeko lan egiten du, bere gaitasunak garatuz eta familia-, eskola- eta gizarte-loturak sendotuz”.

Udalak azpimarratu du integrazioa prozesu bat dela, baliabide normalizatuetan parte hartzea eskatzen duena —hala nola kirol-, kultura- edo hezkuntza-jardueretan—, eta gazteen eta herritar guztien arteko bizikidetza- eta normaltasun-harremanak sustatzen dituela.

 “Kale proiektua” egitasmoak hiru jarduera-ildo nagusi ditu ardatz: ingurune irekiko esku-hartzea, banakako esku-hartzeak eta talde-lana. Hori guztia, erantzunkidetasunean eta sare-lanean oinarritutako eredutik abiatuta.

Horren harira, programa ikastetxeekin, Udaltzaingoarekin, elkarteekin, udal-zerbitzuekin eta familiekin batera egiten da, esku-hartze jarraitua eta partekatua bermatzeko.

Jon Iraola alkateak ekimenaren zeregin prebentibo eta komunitarioa nabarmendu du. “Gehien behar dutenei txikitatik lagunduz eraikitzen da gizarte kohesionatu bat. “Kale Proiektua” gure gazteekin lan egiteko modu hurbila eta eraginkorra da, eta tresnak, laguntza eta aukerak eskaintzen ditu, bizi-proiektua bermeekin garatu ahal izan dezaten”, baieztatu du.

 “Erakundeen, hezkuntza-komunitatearen, familien eta gizarte-ehunaren arteko lankidetza funtsezkoa da zaurgarritasun-egoerak hautemateko eta garaiz esku-hartzeko. Elkarlan horren bidez lortzen da errealitateak eraldatzea eta bizikidetza indartzea Eibarren”.