Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak egindako adierazpen instituzionalak arbuiatu egiten du Europar Batasunak eta Turkiak errefuxiatuei buruz hartu duten akordioa

2016/04/25

Bozeramaileen Batzarrak sinatu duen akordioak errefuxiatuen asiloari buruzko nazioarteko arauak betetzeko exijitzen dio EBari. Alkateak karta bat bidali dio Mariano Rajoy jarduneko Presidenteari gestioak egin ditzan eskatzen Eibarri hartzea dagozkion errefuxiatuak ekartzeko.

Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzarrak adierazpen instituzional bat onartu du, errefuxiatuei buruz Europar Batasunak eta Turkiak hartu duten akordioa arbuiatzen, akordio horrek “hautsi egiten du giza-eskubideei buruzko nazioarteko zuzenbidea; zapaldu egiten du Genevako Konbentzioan ezarritako ez-itzultzeko printzipioa, EBko estatu guztiek berretsia.” Bozeramaileen Batzarrean zeuden Talde politiko guztiek aho batez hartu duten akordioak, Europar Batasunari, Europako arauak eta nazioarteko arauak betetzea exijitzen dio: “Asiloa oinarrizko eskubidea da, eta asiloa ematea  nazioarteko obligazio."

Adierazpen instituzionalean Eibarko Udalak arbuiatu egiten du giza-eskubideen alorreko Turkiako politikagintza, milaka eta milaka errefuxiatu kurdu sortarazi dituena, eta hauxe gaineratu du: “Turkia ez da herrialde seguru bat errefuxiatuak hartzeko.” Udalean ordezkaritza duten alderdiek sinatu duten hamabost puntuko dokumentu horretan EBren kanpoko mugak zabaltzea eskatzen zaie Europako erakundeei eta gobernuei, babes beharrean dauden pertsonek sartzeko bermea izan dezaten, Turkiara edo beste edozein herrialdetara jende-andana itzultzeko aukerarik izateke.

Eibarko Udalak hauxe adierazi du: "Udala lotsatuta eta haserre dago Europako agintariak eta gobernuak Europara seguru sartzeko bideak ezartzeko orduan luzamendutan dabiltzalako eta uzkurtasunez jokatzen ari direlako.” Aldi berean goraipatu egin du “euskal erakunde guztiek publikoki azaldu duten konpromisoa eta orain arte sarean egindako lana, errefuxiatuak hartzeko bermatu behar diren gizarte-azpiegiturak ezartzearen alde egindakoa.”

Halaber, herriko Podemos-Ahal Dugu-k hala eskatuta, Udalak bat egin du Europa osoko hainbat gizarte-erakundek, sindikatuk eta alderdi politikok sinatutako "Igarobide ziurrak” manifestuarekin. Hori dela eta, Europar Batasuna eta haren estatu guztiak pasabide humanitario batzuk sortzeko agindua ematera premiatu ditu Udalak eta, errespetuz, ahalbidera dezatela pertsona horiei Europar Batasuneko 28 estatu horietan asiloa emateko modua.  Eibarko Udalak bere aldetik, erakundeen arteko koordinazio horren barruan lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, errefuxiatuen arazo horri erabateko erantzuna eman nahian, erantzun integratzailea.

Alkatearen karta gobernu zentralari

Bestalde, errefuxiatuen krisiak sortutako arazoaren inguruan, Miguel de los Toyos Eibarko alkateak karta bat bidali dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren jarduneko presidenteari. Karta horretan alkateak dio Eibarrek aspaldi adierazi zuela errefuxiatuak hartzeko prest zegoela eta : “Hortaz, egin beharreko gestio guztiak egitea eskatzen dizut eta zuk baimena ematea Eibarko hiriari hartzea dagokion errefuxiatu-kopurua hona ahalik eta azkarren ekartzeko.”

Herritarrek egindako eskaera bati erantzunez egindako karta horretan, Alkateak  hauxe ekartzen dio gogora Gobernuburuari: "Arazoa zaila da, konplexua, horretaz jabetzen gara, baina zazpi hilabete igaro dira zure Gobernuak Espainian 17.680 pertsona hartzeko baietza eman zuenetik hona, eta kontua da denbora tarte horretan oso gutxi izan direla asiloa jaso izan duten sirioak eta gatazkan dauden beste herrialde batzuetakoak.”

Miguel de los Toyosek hauxe esaten dio: “Joan zen urteko irailaren 2an, Eibarrek bere burua abegi-hiritzat deklaratu zuen, errefuxiatutako pertsonen krisiak bere baitan dakarren drama humanitarioari erantzutearren, eta zoritxarrez, denbora larregian luzatzen ari da egoera hori.” Eta ildo beretik hauxe seinalatu du: “Zain gaude, orain dela hilabete batzuk emandako hitza noiz beteko, errefuxiatuak, gure hirira, Eibarrera, iritsi daitezen ” eta “eibartarrek berez duten elkartasuneko izaera horrek bultzatuta eta herriko kolektiboen lanari esker, jantziak, higieneko produktuak eta jatekoak batzen hasi dira, eta Lesbos eta beste hainbat lekutara eramaten ari dira, leku horietan milaka pertsona daude-eta egoera ezin latzagoan, gorriak ikusten, setiatuta baleude bezala, ikaratuta eta izututa, gaizkileak balira bezala tratatuta".