Eibarko Udalak bisita gidatuen beste edizio bat antolatu du
Bisitak apirilaren 2an, 3an, 4an eta 6an izango dira. Interesa dutenek San Andres parrokiara hurbildu beharko dute 10 minutu lehenago; parte-hartzea doakoa da.
Urtero, Eibarko Udalak, Debegesarekin lankidetzan, historia eta industria oinarri duten bisita gidatuak antolatzen ditu, hirigunean zehar, Aste Santuko jaietan, hiriaren turismo-eskaintza ezagutarazteko eta haren erakargarritasunari eta historiari balioa emateko.
Bisitetan, Nerea Alustiza historialari eibartarrak, historiaren eta ondare industrialaren bidez, Eibarko idiosinkrasia kontatuko du, eta Eibarrek Gerra Zibilean izan zuen aldaketa drastikoa eta ondorengo berpizkundea. Besteak beste, hiriko enpresa enblematiko batzuk aipatuko ditu, hala nola El Casco, Lazpiur, Aurrera edo BH.
Jon Iraola Eibarko alkateak hauxe nabarmendu du: “Bisita hauek aukera ezin hobea dira Eibar beste begi batzuekin ikusteko, eta kanpotarrei zein bertakoei gure historiaren, ondarearen eta tradizio industrialaren balioa eta garrantzia erakusteko. Eibar nortasun handiko hiria da, ahalegina, berrikuntza eta erronkak gainditzeko gaitasuna dituena ezaugarri, eta ibilbide hauek aukera ematen digute hori guztia hobeto ezagutzeko”.
Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak azpimarratu duenez, “ekimen honek Eibarko proiekzio turistikoa indartzen laguntzen du, jende asko gure ingurunea ezagutzera hurbiltzen den jai egun hauetan. Gainera, aukera ematen digu hirirako ildo estrategiko batean lan egiten jarraitzeko, zehazki, gure baliabide kultural, historiko eta industrialei balioa emateko, erakarpen eta dinamizazio ekonomikoko elementu gisa".
Bisita gidatuek ordu eta erdi inguru iraungo dute, eta San Andres parrokiaren plazoletan hasi eta Estaziño kalean amaituko dira. Apirilaren 2an, 3an eta 4an 18:00ean hasiko dira, eta 6an 11:30ean. Hilaren 3ko bisita euskaraz izango da.
Parte-hartzea doakoa da, eta interesa dutenek 10 minutu lehenago egon beharko dute San Andres elizaren ate nagusian.