Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak Bikain, Euskararen kalitate ziurtagiria lortu du, hain zuzen ere, Zilarrezko Bikain ziurtagiria

Eibarko Udalak Bikain, Euskararen kalitate ziurtagiria lortu du, hain zuzen ere, Zilarrezko Bikain ziurtagiria

Argazkian, Patxi Lejardi, Euskara eta Kultura zinegotzia Eibarko Udalean.

2015/12/03

Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta Eibarko Udalean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatu duena. Eibarko Udalak 600-649 puntu lortu ditu, beraz zilarrezkoa eskuratu du. Zilarrezko sendoa, urretik gertu dagoena.

Eibarko Udalak Bikain, Euskararen kalitate ziurtagiria lortu du aurten, hain zuzen ere, Zilarrezko Bikain ziurtagiria. Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta Eibarko Udalean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatu duena. Kanpoko ebaluazio bat egin ondoren eskuratu da ziurtagiria. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluazioari dagokionez, EMEk lau ardatz ditu:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo harremanak
  • Barne harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa

Bikain sistemaren arabera 1000 puntu lor litezke gehienez ere, %100eko betetze-maila alegia. Hori horrela, hiru aitortza-maila edo ziurtagiri ezarri dira, kolore bana dutelarik:

  • Oinarrizko maila edo Bikain beltza: 200 puntu gutxienez
  • Tarteko maila edo Bikain zilarra: 400 puntu gutxienez
  • Goi maila edo Bikain urrea: 700 puntu gutxienez

Gauzak horrela, Eibarko Udalak 600-649 puntu lortu ditu, beraz zilarrezkoa eskuratu du. Zilarrezko sendoa, urretik gertu dagoena.

Indarguneak eta ahuleziak

Eibarko Udalaren alderdirik sendoenak paisaia linguistikoa eta irudi korporatiboa, harrera zerbitzua, herritarrekin zerbitzu hizkuntza eta eskaintzen dituen produktu zerbitzuen hizkuntza kudeaketa dira. (%70-%100).

Alderik ahulenak, berriz, Udalak gainerako erakundeekin dituen harremanetan (hornitzaileak, finantza erakundeak), baliabide informatikoetan, barne komunikazioan eta kudeaketa sistemetan daude (%30-%49).

Bikain ebaluazioak erronka berriak planteatzen dizkigu. Gainera, jaso dugun txostenean argi agertzen dira zeintzuk izan daitezkeen aurrera egiteko klabeak eta palankak. Orain horiei heldu behar die Udalak, eta lau urte barru berriro aurkeztu urrezkoa lortu ahal izateko.

2015eko Bikain kanpo ebaluazioak

2015eko azaroan amaitu dute bere lana aurtengo ebaluazio-taldeek. Talde hauek, Bikain ebaluazioa eskatu duten 65 erakundeak laguntzeko aritu dira, kanpo ikuspegia emanez.

Aztertutako dokumentazioarekin eta erakundeko pertsonekin egindako elkarrizketekin, ebaluazio-txostena egin du taldeak, euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan erakundeak duen garapen-mailaren berri emateko (30 bat indargune eta hobekuntza arloekin). Guztira, erakunde eta sektore desberdinetako 158 profesional izan dira aurtengo ebaluazio-taldeetan.

Hurrengo urratsa Ziurtagiria lortu duten erakundeak eta parte hartu duten ebaluatzaileak aitortzea izango da, abenduaren 21ean Gasteizeko Europa Jauregian egingo den Ekitaldian. Eibarko Udala ere bertan izango da.