Eibarko Udala
Uni Encounter 2026

Eibarko Udalak babestutako "Uni Encounter 2026" berritasunekin dator

2026/03/13
"Uni Encounter 2026"  ekimenaren aurkezpena.
"Uni Encounter 2026" ekimenaren aurkezpena.

Bi egun baino gehiagotan, hitzaldi eta dibulgazio-jarduerez gain, ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak, lehiaketak eta txapelketak egingo dira. Uni Eibar-Ermua ikastetxea da ekimenaren antolatzaile eta eszenatoki, eta bertan informatikaren eta teknologia berrien hainbat alderdi landuko dira.

Eibarko Udalak, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bidez, lankidetzan arituko da beste behin Uni Encounter ekimen arrakastatsuarekin. Topaketa honetan teknologia berriekin lotutako jardunaldiak egiten dira. Hiru egunetan zehar, Eibarko unibertsitate-esparruak izaera dibulgatiboa, teknikoa eta ludikoa duten jarduerak hartuko ditu. Aurtengo edizioa martxoaren 28an (ostirala), 16:00etan hasi eta martxoaren 22an (igandea), 18:00etan amaituko da. Askotariko ekitaldiak antolatu dira informatikan eta teknologia berrietan interesa duten guztientzat. 

Jon Iraola Eibarko alkateak  UniEncounter 2026 edizioaren garrantzia azpimarratu du: “Eibarrek erreferentziazko leku bat izaten jarraitzen du teknologiarekin eta berrikuntza digitalarekin lotutako jardueretarako. Ekimen honek aukera ematen die herritarrei informatikaren mundura hurbiltzeko eta azken joerekin esperimentatzeko”. 

Iraolak, halaber, Udalaren eta Uni Eibar-Ermua zentroaren, eta sektoreko adituen arteko lankidetza nabarmendu du. “Lankidetza horri esker, prestakuntza eta entretenimendua uztartzen dituen ekitaldi bat eskain dezakegu, eta espazio bat sortu, non interesa duen edonork ideia berriak deskubritu, bere ezagutzak zabaldu eta, kasu batzuetan, teknologia- edo ekintzailetza-proiektuetan lehen urratsak eman ditzakeen. 

Alkateak parte hartzeko deia egin du, eta honako hau nabarmendu du: "UniEncounter aukera ezin hobea da egunero erabiltzen dugun teknologia gertutik ezagutzeko eta bizitza profesionalean edo pertsonalean nola aplika daitekeen aztertzeko".  Azkenik, hauxe azpimarratu du: “Udalean jarraituko dugu ezagutza digitala eta bertako talentua sustatzen dituzten ekimenak babesten, eta Eibar berrikuntza teknologikoaren eszenatoki gisa indartzen”. 

Uni Eibar-Ermua ikastetxea —jardueraren antolatzailea,  Alesander Robleño digitalizazioan, kirol elektronikoetan eta entretenimendu digitalean espezializatutako aholkulariarekin batera— izango da berriz ere ekimenaren eszenatokia (honekin jada 21 edizio dira guztira).  Beste urte batzuetan bezala, alderdi "serio" bat izango da, hitzaldi eta dibulgazio-tailerren bidez, eta alderdi ludikoago bat, ordenagailuko, bideokontsolako eta mugikorretako jokoak eta lehiaketak barne hartuko dituena. 

UniEncounterren 2026ko edizioak haztea eta aurreko edizioko jarduera batzuk sendotzea du helburu, eta, aldi berean, berrikuntzak egiten eta formula eta jarduera berriak bilatzen jarraitzea.

Aurtengo aldaketak: Aratosteetatik San Jose zubira pasatuko da; ekitaldiak aurten 2 egun baino gehiago iraungo du (50 ordu) eta Game Erauntsiaren gure lagunak "Euskal Jam3" antolatzera animatuko dira gurekin batera. Berritasun hauek aldaketak eragingo dituzte antolaketa mailan. Orain denbora gehiago egongo da txapelketa, hitzaldi, tailer eta abarretarako, eta puntu batzuk finkatuko dira. 

Aurtengo “UniEncouter” topaketa martxoaren 20an (ostirala) inauguratuko da, 17:30ean, Elesky piano-joleak Unibertsitateko antzokian emango duen doako kontzertu batekin; artista honek iaz emandako kontzertuaren bideoek 2 milioi ikustalditik gora dituzte. Ondoren, Game Jam3 eta CTF Leopardy-ren hasiera izango dugu. Alldi berean, hitzaldiak eta tailerrak aktibatuko dira gure azeleragailu txikiarekin batera, eta gauean (21:00) esporten lehiaketak, mahai-jokoak eta abar hasiko dira.

Hona hemen jarduera batzuk:

-. Lan Party: Espero dugu 60 bat lagun etortzea beren ordenagailuekin 2 egun pasatzera gurekin. 

-. Jokoak eta eSportak- Lehiaketak kontsoletan, mugikorretan eta PCan: League of Legends, CS:GO, Clash Royale, Mario Kart, Inazuma, Smash Bros…

-. Hitzaldiak eta tailerrak: arreta berezia jarriko diegu Zibersegurtasunari eta Adimen artifizialari. Zibersegurtasunari dagokionez, ostiralean Jeopardy estiloko CTF bat hasiko dugu, non trebeenek prestatu ditugun hainbat sistema hackeatu ahal izango dituzten, eta honako hitzaldi hau izango dugu: “Sare sozialak lapurtu dizkidate, zer egingo dut?”. Ondoren, igandean, Hacking-ari buruzko tailer bat izango dugu, eta, jarraian, CTF lehia egin ahal izango da sortzaileekin, pistei jarraituz, hacking etikoari buruzko ezagutzak herritar guztiei hurbiltzeko.

Adimen artifizialari buruzko hiru hitzaldi izango ditugu. Bat, motorrak berotzeko, martxoaren 18an, ekimena hasi baino bi egun lehenago: Pentsatzen ikasi zuen makina. ZUK PENTSATZEN JARRAITZEN AL DUZU?; bigarrena, OpenClaw adimen artifizialeko laguntzaile pertsonalari buruzkoa, azken hilabeteetan asko aipatu izan dena; eta beste bat, apur bat teknikoagoa: La IA como compañero de equipo: El nuevo Rol del programador. 

Aurten, modding-ean (zure PC egin-alda ezazu) sakonduko dugu hitzaldi honekin: “Modding Holográfico: Dándole una Segunda Vida a las Pantallas” eta, jarraian, Hardtxi munduko txapeldunak Modding-ari buruzko tailer bat emango digu.

Eta web-teknologiei dagokienez, bi gehiago: “Self-hosting: hodei zerbitzuetarako alternativa” eta “Internet of Sense!. Azkenik, “Inhibidores de señal” izeneko hitzaldia izango dugu.

-. Enpresagunea, enpresaren eta ekintzailetzaren txokoa, sendotu egin da: espazio honetara enpresa-ideia bat duen edonor joan daiteke, ez du axola ideia zer garapen-fasetan dagoen. UniEncounterren atal berri hau Eibarko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko Ainhoa Romero arduradunarekin batera antolatu da, zeina bertan egongo den enpresa-proiektu bat garatzeko dauden aukerak, baliabideak eta laguntzak erakutsiz; Urrats Bat, Euskadiko lanbide-heziketaren ekintzailetza-programa, Nekane Fernández de Arroiaberekin, zeina Eibar-Ermua UNI zentroan programaren arduraduna den; eta Alesander Robleño, OMNIS Esports aholkularitza-enpresaren zuzendaria, zeinak beste ekosistema batzuetako ekintzailetza-prozesuetan laguntzen duen mentore gisa, hala nola BerriUp azeleragailu ospetsuan. Gainera, Alesander Robleñok, kiroleko kudeaketa eta berrikuntzako masterrean eta hainbat programatan aditu den aldetik, ekintzaile gisa duen 10 urtetik gorako esperientzia jarriko du bertaratzen direnen eskura. Ekintzaile txokoan, jarduera bat izango dugu Maria Alonso garapen eta formakuntza pertsonalean espezializatutako coaching-arekin; espazio honetan Eibarren finkatzeko potentziala duten eta izena emanda dauden 5 enpresa-proiektuek hartuko dute parte. 

-.  3D Txokoa inauguratuko dugu, 3D inprimaketari buruzkoa; bertara hurbil daiteke zerbait inprimatu nahi duen edonor. 

- EuskalJam3: alde batera utziko dugu gure GameJam txikia, eta Game Erauntsiaren "Anaia Nagusiei" lekua lagako diegu. Haiek arduratuko dira EuskalJam3 bideojokoen garapenari buruzko erronkaz —mundu guztiari eta profilei irekia—, non, bakarka edo taldean beste pertsona batzuekin lankidetzan, bideojoko bat sortu eta entregatu behar den emaitza gisa. Bideojokoen industria oraingo eta etorkizuneko industrietako bat da —eta UNI prestakuntza-zentroak bideojokoen garapenari eta errealitate birtualari buruzko graduondoko bat eskaintzen duela kontuan hartuta—. Game Jam honekin lortu nahi da bideojokoekiko erakutsitako grina bideratu ahal izatea, eta merkatura irits daitezkeen titulu eta proiektu berriak sortzea, eta, aldi berean, Eibar topagune gisa kokatzea, garapenaren, diseinuaren, programazioaren, artearen, soinuaren edo titulu edo estudio baten sorreran inplikatutako edozein alderdiren esparruko jendearentzat.

Ekimenaren alderdi ludikoa martxoaren 21ean (larunbata) izango da; egun horretan ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak egongo dira. Sekzio horretan era askotariko lehiaketak antolatuko dira, hala nola Counter Strike, League of Legends edo Clash Royale bezalako jokoak, eta baita FIFA 23ko kontsola-lehiaketak eta mahai-jokoen partidak.

Joko-gune irekiak egongo dira kuriositatea dutenentzat; aurten Drone Soccer estadio bat izango dugu Flybbleren eskutik, beraz, parte-hartzaile guztiek futbol partida bat jokatu ahal izango dute doan drone bat erabiliz. Edo, besterik gabe, mahai-joko bateko edo bideojoko bateko partida bat jokatu ahal izango dute horretarako jarriko den guneetako batean.

Ekitaldiak hitzaldi-bloke oso interesgarria izango du, erabiltzaile teknikoagoentzat, eta, aldi berean, jarduera irekiak eta publiko guztientzako egokiak, bai entretenimenduaren esparruan, bai jarduera didaktikoen bidez; jarduera horiek balio dezakete UNI ikastetxea eta Eibar lehen kontaktuaren eszenatoki izan daitezen, teknologia desberdin bezain interesgarriekiko (adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta borroka-robotak) jakin-mina duten guztientzat.

Ekitaldia, halaber, digitalki ere jarraitu ahal izango da, Discord plataformaren bidez eta sare sozialen bidez. 

UniEncontuerreko partidetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da online, izan ere, lehiaketa horietako batzuetan, azken faseak aurrez aurre bakarrik egingo dira. Ekitaldi honi buruzko informazio gehiago lortzeko, interesdunek honako webgunean kontsultatu dezakete: https://uniencounter.uni.eus. Parte-hartzea doakoa da.