Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak adineko pertsonei aholkularitza juridikoa emango die

2018/11/21

Zerbitzua Eibarko abokatu-bulegoetan emango da eta 65 urtetik gorako pertsonentzat, pertsona helduen zaintzaileentzat eta gizarte zerbitzuetako langileentzat izango da

Eibarko Udalak doako zerbitzu bat jarriko du martxan, adineko pertsonei aholkularitza juridikoa emateko. Zerbitzua Eibarko abokatuen bulegoetan emango da eta kontsultak egin ondoren, haien kostua Udalaren kargu joango da. Aholkularitza 65 urtetik gorako pertsonentzat, pertsona helduen zaintzaileentzat eta gizarte zerbitzuetako langileentzat izango da.

Udalak onartutako proposamenaren arabera, pertsona nagusiek eta pertsona zaintzaileek beren eguneroko bizitzan hainbat egoera eta arazoren aurrean orientazio juridikoa behar dute. Eta behar edo premia guztiak ezin direnez gizartearen esparrutik bideratu eta bai, aldiz, esparru juridiko batetik, bidezkoa da zerbitzu hau sortzea.

Horren haritik, hauexek dira aholkularitza honetan kontsultatu ahalko diren gaiak: zuzenbide zibilarekin lotutako gaiak (herentziak, salerosketak, mendekotausna), Gizarte Segurantza (pentsioak), zigor zuzenbidea (tratu desegokia, abandonua), administrazio zuzenbidea (erreklamazioak), zuzenbide fiskala (zergak) edo etxebizitza (etxegabetzeak, oztopo arkitektonikoak).

Onuradunek kontsulta bakarra egin ahalko dute abokatu-bulegoetan eta doakoa izango da; interbentzioa behar izanez gero, eskatzailearen kontu izango da. Interesatuak baliabide ekonomikorik izan ezean, eta prozesu judizialik behar izanez gero, doako justiziara bideratuko da.

Abokatu-bulegoetako doako zerbitzu honetara jotzeko baldintzak hauexek dira: eskatzailea Eibarren erroldatuta egotea, 65 urte edo gehiago izatea eta, mendekotasuna edo desgaitasuna duen pertsona baten zaintzaile bada, Gipuzkoako Foru Aldundiak aitortu beharko du mendekotasun edo desgaitasun hori. Gainera, zerbitzu hau urtean behin erabili ahalko du elkarbizitza-unitate berak.

Zerbitzuaren xede diren pertsonek eskaera bat bete beharko dute Udaleko Gizartekintza sailean. Aurretik, gizartekintzako edozein profesionalek edo kolektibo horrekin lan egiten duen edozein jubilatu-etxek, elkartek edo entitatek bideratu ditzake zerbitzu horretara. 

Ekimen hau aurrera eramateko, Udalak Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legea hartu du kontuan, non ezartzen duen lehen mailako arretako gizarte zerbitzuek bide emango dietela erabiltzaileei gizarte-zerbitzuen sistema osora iristeko, eta autonomiaren, gizarteratzearen eta larrialdien edo babesgabetasunaren inguruko egoerei erantzungo dietela, eta batez ere arrisku-egoeren preben­tzioari erreparatuko diotela. Udalen gizarte-zerbitzuei dagokie zerbitzu horiek eskaintzea eta betetzea.

Ildo horretatik, zerbitzu horietako bat da informazioa ematea, baloratzea, diagnostikatzea eta orientazioa ematea. Hala, zerbitzu honek udal eskumenaren osagarri izan nahi du nagusien kolektiboan.  

Zerbitzu hau PSE-EE eta Eibarko EAJ-PNV udal taldeek aurtengo 2018ko aurrekontuetan onartutako zuzenketa baten ondorio da.