Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak abian jarri du Julian Etxeberria kalea eta haren inguruak berrurbanizatzeko proiektua

Julian Etxeberria.

Artxiboko irudia. Julian Etxeberria.

2021/01/13

Julian Etxeberria kalean obra handia egiteaz gain, proiektuak aurreikusten du kale horretako eta San Agustin zeharbideko ibilgailuen zirkulazioaren noranzkoa aldatzea eta Toribio Etxebarriako anbulatorioaren inguruko espazioa ahalik eta ondoen aprobetxatzeko azterlan bat egitea. Proiektua idazteko eskaintzak aurkezteko prozesua amaitu da eta Obra Saila aztertzen ari da aurkeztutako proposamenak.

Eibarko Udalak anbizio handiko egitasmo berri bat jarri du abian, alegia, Julian Etxeberria kalea berrurbanizatzea eta haren inguru osoa modernizatzea eta hobetzea. Kale horretan eta San Agustin zeharbidean ibilgailuen zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da, eta  alternatiba batzuk aztertuko dira, Toribio Etxebarriako anbulatorioaren inguruak eta parkea ahalik eta ondoen aprobetxatzeko.

Udalaren egitasmo berri honek hainbat helburu ditu.

Alde batetik, asmoa da Julian Etxeberria kale osoa modernizatzea, Errebal kaleko berrurbanizazio-obretan erabili diren antzeko irizpide estetikoei jarraituz  Halaber, dauden espaloien azalera handitu nahi da eta argiteriaren eta edateko uraren, ur beltzen eta euri-uren sareak berriztu.

Beste aldetik, herrigunean trafikoaren berrrantolaketa bati ekin nahi zaio. Hala, eta, indarreko Mugikortasun Planean ezarritakoa betez, trafikoaren noranzkoa aldatuko da Julian Etxeberria eta San Agustin zeharbidean, eta aldaketak egingo dira trazatuan, zoruan, seinalizazioetan eta hiri-altzarietan.

Aurrekoaren ildotik, Errebal kaletik doazen ibilgailuek, Donostia-San Sebastian noranzkoa hartu nahi badute, ezkerrera jo ahal izango dute Aldapatxoko parkearen paretik, Julian Etxeberria kalea hartu, eta handik Bidebarrieta kalera iritsi. Era berean, Bidebarrieta kaletik zirkulatzen duten ibilgailuek ezkerretara jo ahalko dute San Agustin zeharbidetik Errebal kalera sartzeko.

Gaur egun, Bilbora doazen ibilgailuek Errebal kaletik eta San Juan kaletik zeharkatzen dute Eibarko erdigunea; eta Donostiara doazenek Plaza Barriatik eta Bideberrietatik egiten dute. Bi ardatz horiek zeharka lotzen dituzte San Agustin, Julian Etxeberria eta Zuloagatarren kaleek.

Azkenik, eta, aurreko guztiaz baliatuta, Udalak azterlan bat egin nahi du, Toribio Etxebarriako Anbulatorio ingurua berrantolatuz, dagoen tokia ahalik eta gehien aprobetxatu eta parkea handitzeko, eta erdigunean dagoen aisialdiko gune bat hobetzeko.

Eibarko Udaleko Obra zinegotzi Jon Iraolaren hitzetan, “helburua da, ahal den neurrian, hiriaren erdiguneko aisialdirako gune adierazgarri eta berezi hau hobetzea eta zabaltzea, argi erakutsiz egiten ari garen lana, gure herriko kaleak eraldatzeko eta herritarrek berreskura ditzaten.”

Udalak lizitaziora atera zuen proiektua idaztea abenduan 54.450 eurotan, eta, gaur egun, Eibarko Udaleko Obra Saila aurkeztutako 5 eskaintzak aztertzen ari da. Behin idazketa adjudikatuta, proiektua entregatzeko epea 11 astekoa izango da.