Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak 560 eskabide baino gehiago jaso ditu enpresa txiki-ertainei eta autonomoei zuzendutako dirulaguntzak eskuratzeko

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2020/07/06

Dirulaguntza horiek, 450 eta 1.600 euro artekoak, osasun-krisiak sortutako galera ekonomikoak konpentsatzeko dira, bai itxi behar izan duten establezimenduetan, bai beren fakturazioa % 50ean murriztuta ikusi duten negozioetan. Eskabideak aztertzen eta baloratzen ari dira, ebatzi ahal izateko eta kasu bakoitzean dagozkion zenbatekoak ordaintzeko, betiere deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Eibarko Udalak 560 eskabide baino gehiago jaso ditu, herriko enpresa txiki-ertainei eta autonomoei bideratutako udal dirulaguntzak eskuratzeko; laguntza horien helburua da COVID-19 pandemiak eragindako galera ekonomikoak konpentsatzea, bai itxi behar izan zuten establezimenduetan, bai beren fakturazioa % 50ean murriztuta ikusi duten negozioetan.

Dirulaguntzak eskatzeko epea joan den asteartean, ekainak 30, amaitu ondoren, egindako eskaerak aztertzen eta baloratzen ari dira. Beharrezkoak diren egiaztapenak egin eta gero, eskaerak ebazten joango dira, eta, deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, onartu egingo dira, ondoren kasuan kasuko zenbatekoak ordaintzeko. Laguntzak ebazteko eta emateko prozesua eskaera bakoitza entregatu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean egingo da.

Ildo horretan, tramitazioa eta dagozkion ordainketak ahalik eta arinen egiteko, Udalak proxeduran parte hartu duten pertsonei eskatzen die, dokumentu gehiago aurkezteko eskatzen bazaie, ahalik eta lasterren aurkezteko.

Zuzeneko udal laguntzaren kopuruak hauexek dira: 900 euro beren jarduera itxi behar izan duten enpresa txiki eta ertainentzat eta pertsona autonomoentzat, eta 450 euro jarduera irekita izan duten baina fakturazioaren % 50etik gorako diru-galerak izan dituztenentzat (merkatu-plaza barne).

Ezarritako gutxieneko dirulaguntza handitu ahal izango da, osagarri batzuen arabera, gehienez ere 1.600 euro iristeraino, itxi behar izan dituzten negozioentzat, eta 800 euro fakturazioan % 50etik gorako galerak izan dituztenentzat.

Jarduera itxi egin behar izan bada, hauexek dira osagarriak: 300 euro, errentamenduaren titularra bada; 100 euro, 1 eta 3 langileren artean baditu; 200 euro, 4-6 langile baditu; eta 300 euro, 6 langiletik gora baditu. Halaber, 100 euroko dirulaguntza bat emango da titular onuraduna emakumea bada, edo, pertsona juridikoaren kasuan, emakumeen partaidetza % 50etik gorakoa bada.

Jarduerak zabalik egon, baina fakturazioan % 50etik gorako galerak izan badituzte, osagarriak hauexek izango dira: 150 euro, errentamenduaren titularra bada; 50 euro, 1 eta 3 langileren artean baditu; 100 euro, 4-6 langile baditu; eta 150 euro, 6 langiletik gora baditu. Halaber, 50 euroko dirulaguntza bat emango da titular onuraduna emakumea bada, edo, pertsona juridikoaren kasuan, emakumeen partaidetza % 50etik gorakoa bada.

Marka edo enpresa handien filialak dirulaguntza hauetatik kanpo geratzen dira. Gainera, dirulaguntza hau bateragarria izango da beste erakunde batzuek ematen dituztenekin, betiere hala adierazten badu beste erakundeak (nagusiki Lanbideren dirulaguntzak).

Udalak 700.000 euro bideratu ditu laguntza-programa honetarako, zerbitzu horiei likidezia emateko helburuarekin, jarduera mantendu eta alokairua, kontsumoak, hornidura-ordainketa edo autonomoen kuotak bezalako gastuetan laguntzeko.

Laguntza hau, osasun-krisiak eragindako egoera sozioekonomikoa dela-eta, Udalak martxan jarritako Talka Planaren barruan sartzen da, beste hainbat neurrirekin batera.