Eibarko Merkatarien Elkarteak eta Udalak berriz ere elikadura-bonu-txartelen (288 bonu) kanpaina jarriko dute martxan gaurtik aurrera
Kanpaina urriaren 6ra arte luzatuko da, % 20ko deskontuekin. Bonu-txartelak asteartetik aurrera (irailak 15, 09:00etan) eskuratu ahal izango dira helbide honetan: www.erosieibarren.eus.
Gaur, irailak 15, bonu-txartelen kanpaina hasiko da. Ekimenean Eibarko Merkatarien Elkarteari atxikitutako Eibarko ostalaritzako eta elikadurako establezimenduek hartuko dute parte. Kanpaina Eibarko Udalak bultzatu du.
Jon Iraola alkateak adierazi duenez, "kanpaina berri honekin kontsumitzaileei zuzenean mesede egiten dien eta, aldi berean, gure hiriko elikagaien merkataritzari bultzada ematen dion neurri bat jarriko dugu martxan berriro. Familiek gastu ugariri aurre egin behar dieten une honetan, erosketetan % 20ko deskontua izatea aldea ekar dezakeen laguntza da ".
Era berean, azpimarratu duenez, "Udaletik funtsezkoa deritzogu saltoki txikiei laguntzen jarraitzeari eta erosketak gure establezimenduetan egiten laguntzeari. Kanpaina horiek tresna ona dira hori lortzeko, eta, gainera, herritarren erantzun oso positiboa dute. Horregatik, haien aldeko apustua egiten eta merkatarien elkartearekin batera lan egiten jarraitzen dugu ".
Kanpaina honetarako, guztira 288 bonu banatuko dira, eta horiei esker erosketak %20ko deskontuarekin egin ahal izango dira kanpainari atxikitako establezimenduetan.
Kontsumitzaileek txartel bana edo bina erosi ahal izango dituzte, agortu arte. Erosteko azken eguna urriaren 6a izango da. Txartel bakoitzaren prezioa 40 €-koa izango da, eta eramailearentzat 50 €-ko balioa izango du.
Bonu-txartelak irailaren 15ean jarriko dira salgai, 9:00etan. Interesa duten pertsonek www.eraosieibarren.eus web-orriaren bitartez eskuratu ahal izango dituzte bonuak.
Webgunean bertan argitaratuko da txartelak erabil daitezkeen establezimenduen zerrenda.
Bonua erosten denetik bi egun baliodun igarotakoan jaso ahal izango dira bonu-txartelak frogagiria aurkeztuta, erosketa-prozesuan jasotzeko hautatutako establezimenduan. Establezimenduak Estaziño kaleko “Burbujas y más” eta Fermin Calbetoneko “Lakuesta Optika” dira.
Txartelak urriaren 9ra arte erabili ahal izango dira, egun horretan amaituko baita kanpaina. Data hori igarota, txartelak baliogabetu egingo dira, nahiz eta oraindik saldoa izan, eta saldo hori ezin izango da inola ere berreskuratu.
Txartelak hutsik geratzen direnean, erabili diren azken establezimenduan utzi beharko dira, hala, beste kanpaina batzuetan birziklatu ahal izateko.