Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) 1.704 erreklamazio artatu zituen iaz, gehienak aurrez aurre eta telefonoz

KIUBen bulegora sartzeko atean dagoen kartela.

KIUBen bulegora sartzeko atean dagoen kartela.

2024/02/14

782 kontsulta aurrez aurre egin dira, Udaleko bulegoan. Erreklamazioei dagokienez, banketxeena izan da erreklamazio gehien eragin duen sektorea, eta haren atzetik telefonia-zerbitzuak, energia-zerbitzuak eta hegazkin-garraioenak.

Eibarko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) 1.704 kontsulta artatu zituen 2023an, eta bitartekaritza-lanak egin zituen 161 erreklamaziotan. Azpimarratzekoa da aurrez aurreko kontsulten igoera. 2022an 175 kontsulta egin ziren Udalaren KIUBen eta 2023an 782. KIUBen lan egiteko modua nabarmen aldatu da. Orain kontsulta presentziala da herritar gehienek aukeratzen  dutena; telefonoa eta bide telematikoa gutxitu egin dira.

Erreklamazioen atalean, iaz Eibarko KIUBek 161 kasutan egin zuen bitartekaritza-lana. Arazo nagusiak beste urte batzuetakoen antzekoak izan dira: fakturazioa, kontratazioa, betetzen ez diren baja-eskaerak, aparatuen funtzionamendu eskasa eta eskatu ez diren zerbitzuak kobratzea.

Jon Iraola alkateak eskerrak eman dizkio KIUBeko arduradunari, eta gehitu du mezu pila bat jaso direla Udalean arduradunaren lana eskertzeko.

Gaiei dagokienez, banketxeena izan da, alde handiarekin, kontsulta gehien jaso duen sektorea, egindako kontsulta guztien % 20 hain zuzen. Igoera horrek hipoteka-gastuen formalizazioarekin du zerikusia, eta, batez ere, 2023ko azken hilabeteetan  antzeman da gai horrekiko kezka. Banketxeen inguruko gainerako kontsultak bidegabe egindako komisioei eta antzeko gaiei buruzkoak izan dira.

Aipatzekoa da energia-zerbitzuen inguruko kontsultek izan duten igoera, bai gas-zerbitzuetakoek bai argindarrekoek, kontsulten % 13 izan baitira: % 7,5 argindarrari buruzkoak eta % 5,5 gasari buruzkoak.

Energiaren kasuan, fakturazioarekin lotutako desadostasunengatik izandako kexek gora egin dute, estimazioak baitira eta ez benetako irakurketak; Halaber, kontsulta ugari jaso dira informazioa eskatuz faktura batek nola funtzionatzen duen eta zer tarifa mota dauden jakiteko.

2023an Eibarko KIUBen jasotako beste erreklamazio batzuk hegazkin-garraioen zerbitzuengatik izan dira (bidaiak bertan behera lagatzea, maletak galtzea…).  Telefonia-zerbitzuengatik kontsulta gutxiago egin dira, baina % 8 izaten jarraitzen dute. Aseguruen, autoen eta paketeak bidaltzeko zerbitzuen inguruko kontsultak ere egin dira.

Azkenik, kexen eta erreklamazioen inguruko informazioaz, konponbideaz eta tramitazioaz gain, Eibarko KIUBek formazio-lana ere egiten du.