‘Eibarko Industrien Ekosarea’ programaren beste edizio bat jarriko du martxan Udalak
Programak herriko industria-enpresen jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatuko du, ingurumen- eta energia-neurriak ezarriz. Interesa duten enpresek izena eman dezakete otsailaren 6 arte, eta ingurumen- eta energia-arloko doako aholkularitza-zerbitzuak jasoko dituzte.
Eibarko Udalak, Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez, ‘Eibarko Industrien Ekosarea’ programaren beste edizio bat abiarazi du. Tokiko ekimen bat da, herriko industria-enpresen lehiakortasuna indartzea duena xede, eta aholkularitzaren bitartez ingurumen eta energia arloko neurri jasangarriak ezarri nahi dituena.
Instalazioen ingeniaritzan, mantentze-lanetan, energian eta ingurumenean espezializatuta dagoen ONDOAN enpresak gestionatuko du programa, eta parte hartzen duten enpresei ingurumen- eta energia-aholkularitzako zerbitzuak emango dizkie doan.
‘Eibarko Industrien Ekosareak’ ekoizpen-eredu eraginkorrago, jasangarriago eta egungo eta etorkizuneko ingurumen-eskakizunekin lerrokatuago baterako trantsizioan lagundu nahi du. Egoitza soziala Eibarren duten eta jasangarritasunarekin konprometituta dauden industria-enpresei zuzenduta dago, eta udalerriko industria-sarearen lehiakortasuna handitzea du helburu, enpresen energiaren eta ingurumenaren arloko jarduna hobetuz.
Helburu horiek lortzeko, programak lau zerbitzu eskaintzen ditu doan, gaur egun industria-enpresek energiaren eta ingurumenaren arloan dituzten erronka nagusiei erantzuteko. Horretarako, diziplina anitzeko talde tekniko aditu bat jartzen du haien eskura, hobekuntza-prozesuaren fase guztiak modu pertsonalizatuan lagunduz eta bakoitzaren abiapuntura eta egungo beharretara egokituz.
Horrekin batera, industria-sarea prestatzeko eta sentsibilizatzeko guneak gaituko dira, esperientzia-trukea eta ikaskuntza partekatua sustatzeko eta errazteko.
Jarduketa-eremuak
Edizio honetan parte hartzen duten enpresek eremu giltzarriekin lotutako lau zerbitzu eskatu ahalko dituzte.
Programak aztertzen duen lehen arloa legediarekin lotuta dago. Ingurumen Diagnostikoa egitea erabakitzen duten enpresek aplikatu beharreko legeria zenbateraino betetzen duten ebaluatu ahal izango dute, eta laguntza jasoko dute egokitzapen-plana definitzeko eta ezartzeko.
Bigarren arloa Karbono Aztarnaren Murrizketarekin dago lotuta. Laguntza eskainiko da CO₂ emisioak kalkulatzeko, MITECOn erregistratzeko eta Deskarbonizazio Plana eguneratu/egin eta gauzatzeko.
Hirugarren arloa Energia Eraginkortasunarena da. Energia-kontsumoak aztertu, aurrezteko aukerak identifikatu eta energia berriztagarriak integratzearen bideragarritasuna ebaluatuko da, energia-faktura murrizte aldera.
Eta, azkenik, laugarren zerbitzuak Inbertsio Berdearen arloko aukerak bilatuko ditu. Horrela, enpresek dirulaguntzak, kenkari fiskalak eta Energia Aurrezkiaren Ziurtagiriak (EAE) eskuratu ahal izango dituzte. ONDOAN enpresak laguntza emango du dokumentazio teknikoa eta administratiboa idazteko, betetzeko eta izapidetzeko, bai eta finantzatu beharreko inbertsioa exekutatzen den bitartean laguntza teknikoa emateko eta jarraipena egiteko ere.
Informazioa eta izen-ematea
Programaren bigarren edizioan parte hartzeko interesa duten enpresek urtarrilaren 23an egingo den on-line saioan hartu dezakete parte. Eskainitako zerbitzuak eskatzeko epea otsailaren 6 arte egongo da zabalik. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu www.eibarkoindustrienekosarea.eus programaren orria edo jarri harremanetan ONDOAN enpresarekin (943 771 587; ekosarea@ondoan.com).