Eibarko eraikin pribatuen teilatuetan eta fatxadetan plaka fotovoltaikoak jartzeko irizpideak ezarri ditu Udalak

Argazkia: www.ehu.es

Argazkia: www.ehu.es

2023/02/22

Agiria, Hirigintza Batzordeak onetsia, Departamentuko teknikariek egindako proposamenean oinarritzen da, eta udal taldeen ekarpenekin hobetu da. Honela, Eibarko Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planean (2020-2030) proposatu bezala, beste urrats bat egin du Udalak energia berriztagarrien eta autokontsumoaren hedapena sustatzeko konpromisoan.

Eibarko Udalak irizpide batzuk ezarri ditu titulartasun pribatuko eraikinetan eguzki-energia fotovoltaikoa eguzki-plaken bidez hartzeko eta aprobetxatzeko sistemak jartzeko, bai eraikinen teilatu edo estalki inklinatu edo lauei dagokienez, bai fatxadetan plakak jartzeari dagokionez. Proposamen honen bidez Eibarko Udalak irizpide horiek arautu nahi ditu, lizentziak emateko orduan gauzak argitu eta errazteko.

Azken aldi honetan, herriko bizilagunek eta komunitateek eguzki-plakak jartzeko egin dituzten eskaerak ugaritu egin direnez, Udalak hori arautzea erabaki du. Horretarako, Hirigintza Saileko teknikariek proposamen bat egin zuten eta, Hirigintza Batzordean aztertu ondoren, udal-taldeek egindako ekarpenekin osatu edo hobetu da. Adostutako agiria edo dokumentua ostiral honetan berretsiko du Gobernu Batzarrak.

Lehenik eta behin, esan  behar da eguzki-plakak instalatzeko irizpideek bereizketa bat egiten dutela estalki (teilatu) inklinatuen, estalki lauen eta fatxaden artean.

Teilatu edo estalki inklinatuei dagokienez, panel fotovoltaikoak jarri ahal izango dira estalkiko isurialdeetan, inklinazio edo malda berarekin eta planotik atera gabe, eraikin katalogatuetan izan ezik. Kasu horretan, Eibarko Ondare Batzordeak eman beharko du aldeko irizpena. Instalazioak 10 kW-etik gorako potentzia duenean, teilatuaren edo estalkiaren gaineko karga-azterketak eta haizearekiko eta/edo elurrarekiko erresistentzia-azterketak egin beharko dira.

Estalki lauen kasuan, plakak estalkiarekiko paraleloa den plano baten azpian kokatu beharko dira; eta betiere 1,80 metroko gehieneko altueran. Altuera edo garaiera hori gainditzen duten instalazioak oin berritzat hartuko dira eta, beraz, indarrean dagoen hirigintzako araudia bete beharko dute.

Horrez gain, estalki mota hauetan, hau da, estalki lauetan, instalazioaren ekipo, sistema, elementu eta muntaiek gutxienez metro bat atzeraeman behar dira fatxadako edozein planotatik, eta ezin izango dute gainditu teilatu-ertzetik trazatutako 45º-ko planoa.

Teilatuetan plakak edo panelak jartzeak ezin izango ditu inola ere murriztu eraikinaren bizigarritasun- eta funtzionaltasun-baldintzak; beraz, ezin izango dira estali patioak edo argi-zuloak edo sabai-leihoak, eraikinaren gelak aireztatzeko edo argiztatzeko balio badute; ez dituzte baldintza termikoak murriztuko, eta urarekiko estankotasuna bermatu beharko dute. Eta 10 kW-etik gorako potentzia duten instalazioetarako, estalkiaren gaineko karga-azterketak eta haizearekiko eta/edo elurrarekiko erresistentzia-azterketak ere egin beharko dira.

Fatxadei dagokienez, eguzki-energia biltzeko panelak jarri ahal izango dira fatxadetan, fatxadek duten inklinazio berdinarekin eta fatxaden planotik atera gabe, fatxadaren eta eraikinaren gainerako zatiaren konposizioarekin harmonizatuz; betiere proiektuan eraikuntza-konponbide bat aurreikusten bada, eraikinaren estetikan behar bezala integratuko dela bermatzeko. Debekatuta dago fatxadetatik edozein kanalizazio mota pasatzea bistan geratzen bada.

Etxebizitza kolektiboko eraikinen fatxaden kasuan, bi egoera hauek bereizten dira: Aurreneko egoera, aprobetxamendu kolektiboko autokontsumorako eguzki-plakak jartzea; eta, horrelakoetan, fatxaden eta estalkien irizpide orokorrak bete behar dira, eta instalatutako potentziari dagozkion lege-baldintzak bete.

Bigarren egoera autokontsumorako eguzki-plakak jartzea da, norberak bakarrik aprobetxatzekoak. Kasu horretan, erabilera pribatuko elementuetan bakarrik jar daitezke, balkoietan eta terrazetan, alegia. Ez dira iraunkorrak izango eta baranda edo karelaren eremuan kokatuko dira, leku gehiago hartzeke.

Jabekideen komunitateak lehenengo instalazioari baietza ematen dioenean, eraikin berean jarriko diren hurrengo instalazioek haren tipologia, estetika eta konposizio berdina izan beharko dute. Nolanahi ere, instalatutako potentzia ez da 3 kW baino handiagoa izango etxebizitza bakoitzeko.

Lehendik dauden eraikinetako familia bakarreko etxebizitzetako fatxaden kasuak ere araudian ezarri dira: etxebizitza kolektiboaren irizpide orokorren arabera jokatu behar dute. Eraikin berrietan, ostera, eguzki-panel fotovoltaikoen instalazioak estalkiaren edo eraikinaren fatxadaren zati gisa integratutako eguzki-hartze elementuen bidez egiten badira, eraikinaren edozein tokitan jarri ahal izango dira, betiere integrazio estetikoa egokia dela justifikatzen bada.

Kasu guztietan —irizpideetan jaso bezala—, fatxadetan autokontsumorako energia berriztagarrien erabilerarako elementuak instalatzeko, justifikatu egin beharko da eraikinean estetikoki nola txertatzen diren. Horretarako, proposamenaren irudiak eta planoak aurkeztu beharko dira, Udalak egoki balora ditzan.

Hirigintza Batzordeak irizpide horiek onartu dituela-eta, Jon Iraola alkateak gogorarazi du, duela gutxi, Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana (2020-2030) onartu zuela Udalak, eta zera gaineratu du: “Eraikin pribatuetan eguzki-plakak jartzea arautzeko orain planteatu den proposamena, energia-eraginkortasuna eta kontsumo arduratsua bultzatzeko hartutako konpromisoen ildotik doa”.

 “Neurri honekin, beste pauso bat gehiago eman dugu, energia berriztagarrien hedapena handitzeko sistemen instalazioa erraztu eta energia-autokontsumoa bultzatzeko; aurrera egiten ari gara Eibar energiaren aldetik herri jasangarria izan dadin”, esan du Jon Iraola alkateak.

Komunitate energetikoen sorrera

Planteamendu horien barruan, Udalak dagoeneko badu oniritzia energia-komunitateak sortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Arazo juridikoak konpondu ondoren, Udala komunitate energetikoak bultzatzeko fasean sartu da. Komunitatea lankidetza publiko eta pribatuko figura bat da, komunitate pribatuei energia eskaintzeko eraikin publikoetan eguzki-plakak jartzea errazten duena.

Alde horretatik, Iraolak hauxe azpimarratu du: “Komunitate energetikoek bizilagunak energia-ekoizle izateko modua ahalbidetzen dute, eta ekarpen zuzena egiten dute gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-arloetan”.