Eibarko dendak kalera aterako dira maiatzaren 21ean, musika, animazio eta familiako guztientzako jarduerekin
Eibarko Merkatarien Elkarteak, Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta Eibarko Udalak antolatuta, maiatzaren 21ean (osteguna) herriko dendek beren produktuak kalera aterako dituzte Eibar loratzen izeneko egitasmoaren barruan, tokiko merkataritza herritarrei eta bisitariei gerturatzea helburu duen jardunaldi berezi batean. Gainera, zuzeneko musika, animazioa eta haurrentzako tailerrak egongo dira, kaleetan giro atsegin eta alaia sortze aldera.
Egun osoan zehar, parte hartuko duten saltokiek produktu aukera zabala erakutsiko dute establezimenduen kanpoaldean, jendeari paseatzeko, nobedadeak ezagutzeko eta erosketa-esperientzia desberdin eta hurbileko batez gozatzeko aukera emanez.
Ekimenak herriko merkataritza balioan jarri, jarduera ekonomikoa bultzatu eta erosketak, aisialdia eta bizikidetza uztartuko dituen esperientzia erakargarria eskaini nahi du.
Antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte parte hartzera eta merkataritza protagonista izango duen egun berezi batez gozatzera.
Gainera, Errebalean tailer parte-hartzaile bat egongo da irekita 17:00etatik 20:00etara. Asmoa da jarduera instalazio artistiko parte-hartzaile gisa garatzea, non egiturak berak Eibarko saltokien sarea eta ibilbidea irudikatuko dituen, tokiko merkataritza sistema kolektibo gisa ulertuz, elementu bakoitza oreka orokorraren parte den aldetik.
Parte-hartzaileek pieza txikiak sortuko dituzte, hainbat material —saltokiak irudikatuko dituztenak— erabiliz. Ondoren, egitura komun batean zintzilikatuko dira denak, hazten eta eraldatzen joango dena ekitaldian zehar.
Horrela, tailerrak oreka eta kontsumo arduratsuaren kontzeptuak lantzeaz gain, tokiko merkataritza-sareari babesa eta ikusgarritasuna ematearen garrantzia ere lantzen du, hurbilketa artistiko eta kolektibo batetik.