Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko bost kaletan asfaltatze-lanak eta beste konponketa batzuk egingo dira

Artxiboko argazkia.

Artxiboko argazkia.

2023/12/12

Untzagako eta San Kristobaleko lanak gauez egingo dira, trafikoa itxi behar da-eta. Lanen egikaritze-epea zortzi astekoa da eta aurrekontua 114.000 eurokoa.

Eibarko Udalak herriko bost kale asfaltatuko ditu, galtzadaren zenbait puntutan  egoera irregularra dagoela egiaztatu baitu. Lanek honako kaleei eragingo diete: San Juan, Isasi, Juan Gisasola Untzagarekin bat egiten duen tokian, Sostoatarren, Ubitxa eta San Kristobal. Horietaz gain, beste lan txikiago batzuk ere egingo dira.

Untzagako eta San Kristobaleko lanak gauez egingo dira, ezinezkoa delako haiek egin bitartean trafikoa zabalik izatea.  Untzagan, zoladura 290 metroko tarte batean jarriko da, Isasi eta Juan Gisasola kaleen arteko bidegurutzean. Izaten duen trafiko handia dela-eta, asfaltoa oso hondatuta dago; kutxatilak ere konpondu egingo dira.

San Kristobal kalean 275 metro koadroko azalera bat asfaltatuko da, Ubitxako igogailuaren eta Urkiko igoerarekiko elkargunearen artean.

San Juan kaleko lanek ere eragingo dute trafikoan, baina kalea zabalik egongo da une oro. Azken lan hori 700 metro koadroko azalera batean egingo da.

Sostoatarren  kalean eta Ubitxan egin beharreko lanek 1850 metro koadro hartuko dituzte, eta lizitazio honetako jarduketa handienak izango dira; gainerako eremuetan bezala, lanak egiten diren bitartean, eragindako zerbitzuen funtzionamendua bermatu egingo da uneoro, baita oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa ere, nahiz eta zenbait unetan zirkulazioa desbideratu beharko den.

Asfaltatze-lanekin batera, kutxatilak konponduko dira, zebra-bideak, irlatxoak eta trafiko-seinaleak pintatu, abiadura murrizteko bandak -halakorik balego- berriztu, eta hondatutako ezpondak konponduko dira.

Aurki lizitatuko diren lanek zortzi asteko egikaritze-epea dute eta 114.125 euroko aurrekontua.