Eibarko alkatea Segurtasun sailburuarekin bilduko da gaur goizean

Lapurreta txikiek eta ebasketek gora egin dutenez, Jon Iraolak polizia-agente gehiagoren premia helaraziko dio Bingen Zupiriari. Bilera hau alkateak Eusko Jaurlaritzari bidalitako premiazko gutun baten ondorioa da, zeinean Eibarko eta Debabarreneko segurtasuna bermatzeko baliabide gehiago eskatzen zituen.
Astearte honetan, apirilak 15, Jon Iraola Eibarko alkatea Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuarekin batzartuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan (Gasteiz). Topaketa honen helburua da herritarren kezka gero eta handiagoari heltzea; izan ere, indarra erabilita egindako lapurreta txikiak eta ebasketak goraka ari dira azkenaldian.
Batzarra Iraolak sailburuari bidalitako premiazko gutun baten ondorioa da; gutunean Eibarrerako polizia-agente gehiago eskatzen ziren, une honetan ez baitago nahikoa baliabiderik egungo egoerari aurre egiteko; izan ere, azken datuen arabera, hazi egin dira lapurreta txikiak (% 16) eta indarra erabilita egindako ebasketak (ia 270 kasu), gehienak garaje eta trastelekuetan.
Alkateak aurrez aurre helaraziko dio sailburuari kaleetan polizia gehiago egoteko dagoen premia, baita Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza indartzekoa ere. Bestalde, espero da Eibarko Udalak dagoeneko martxan dituen beste neurri batzuen inguruan ere jardutea bileran, hala nola trafiko-kamerak jartzea, eta patruila eta “auzozain” gehiago egotearen beharra, herritarrak lasaiago egon daitezen.
Jaurlaritzak eskaera urgentziaz aztertuko duen konfiantza osoa du Iraolak, eta, Lakuako bileraren ondoren, Eibarko eta Debabarreneko segurtasuna indartzeko jarduketa berriak zehaztuko direla uste du. “Baliabide faltak ezin du kolokan jarri eibartarrek beren erakundeetan duten konfiantza”, adierazi zuen alkateak gutunean.